Tere Saez Barrao.

Gizarteratze errenta eta generoaren eragina

2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gauza gutxi dira etsigarriago agintearen eta legearen izenean egindako bidegabekeriak baino». Concepcion Arenalek gogoeta zoragarri horretan esandakoa gertatzen ari da Nafarroan, azken hilabeteetan, gizarteratze errentaren erregulazio berriaren inguruan, baita gizartean eta lan munduan egokitu eta enplegua aurkitzeko gaitasuna hobetu nahian ematen diren laguntzen inguruan ere. Horixe salatu du oinarrizko errenta jasotzeko eskubidearen aldeko plataformak, eta horixe sufritzen ari dira milaka pertsona ere: hilabete batzuetatik hona, ikusten ari dira nola beren eskubideak txikitzen ari diren egunez egun, eta asko etsita daude, ez dakitelako bihar jateko adina izango ote duten.

Halaxe gertatzen ari zaie, besteak beste, genero indarkeriaren biktimei eta haien seme-alabei. Otsailaren 9ko 57/2012 Foru Aginduan baino ez dira aipatzen pertsona horiek era esplizituan; gizartean eta lan munduan egokitu eta enplegua aurkitzeko gaitasuna hobetze aldera emandako laguntzak erregulatzen dituen aginduan, hain justu ere (6. artikulua. Laguntzak jasotzeko salbuespenak: b) Lanari dagozkion egoeraren batean egoteko baldintza alde batera utzita (5.6. art.): tratu txarrak jaso dituzten pertsonak onuradun izan ahalko dira).

Horrenbestez, beste baldintza guztiak bete behar dituzte; hala nola: «1) Eskaera aurkeztu aurreko 24 hilabeteetan Nafarroan erroldaturik egotea eta frogatzea denbora horretan bertan bizi izan direla, benetan eta etenik gabe. 2) 45 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago izatea. 30 eta 45 urte bitarteko pertsonek ere laguntza hori jaso ahal izango dute, baldin eta gainerako baldintzak betetzeaz gain 18 urtetik beherako seme edo alabaren baten ardura badute, 18 urte baino gehiago izanik ere gutxienez %65eko elbarritasun onartua duen seme edo alabaren bat badute edo harrera-guraso badira. 3) Espainian legearen barruan bizitzea eta lan baimena izatea».

Eta, noski, hori ez dator bat errealitatearekin. Emakumeen kontrako indarkeriarentzako Erakunde Arteko Jarraipen Batzordeak otsailaren 14an emandako datuen arabera, 2011. urtean 1.227 salaketa jarri zituzten Nafarroan emakumeen kontrako indarkeria zela eta; alegia, 2010ean baino %1,3 salaketa gehiago. Salaketa horiek jarri zituztenen %55 Espainiakoak ziren; %45, berriz, beste herrialde batzuetakoak. Horrez gain, salaketa jarri zuten emakumeen artean, 30 eta 34 urte bitartekoek osatzen dute talderik handiena (%18); haien ondotik, 18-24 urtekoak eta 25-29 urtekoak daude (%15,23 hurrenez hurren).

Genero indarkeriarengatik salaketa jartzen duten emakumeen %50 —gutxienez— etorkinak dira; ez daude legezko egoeran, eta paperak lortzeko zain daude. Ondorioz, ez dute lan baimenik, eta oso zaila izaten dute Nafarroan erroldaturik egotea eta frogatzea bertan bizi izan direla eskaera aurkeztu aurreko 24 hilabeteetan. Adinarengatik ere, %50ek baino gehiagok ez dute bigarren baldintza betetzen, ez baitituzte 45 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago.

Gainera, dekretuan jartzen duen honek ere areagotzen du segurtasunik eza: laguntza jasotzeko eskubidea izango dutela «genero indarkeriaren biktimentzako baliabide batean onartuta daudenek». Zer esan nahi du horrek, zehatz-mehatz? Prentsaurreko hartan bertan eman zituzten datuen arabera, 2011. urtean 75 emakumek eta 80 adingabek erabili zituzten Nafarroako Gobernuaren harrera baliabideak. Horiek bakarrik jaso al dezakete laguntza? Zer gertatuko da gainerako 1.152 pertsonekin? Gogoratu 1.227 salaketa jarri zituztela.

Elena Torres kontseilariak behin eta berriz esan du bermatuta daudela genero indarkeriaren biktimentzako zerbitzuak, baina hori ez dator bat arauekin.

Horregatik guztiagatik, eskatzen diot egoera hau argi dezala, tramiteak egin behar ditugunok ateak itxita aurki ez ditzagun eta, batez ere, genero indarkeria modu batean edo bestean salatzen duten emakumeak ez daitezen linbo batean geratu legearen interpretazioaren arabera, eta handik atera ahal izan daitezen beren eskubide eta baliabideak behar bezala bermatuta.

[...] Ez dut ulertzen kontseilaria nola ez duen eskatu bere lege propioak aplikatzeko, [...] horrek lagundu egingo bailiguke hobeto ulertzen nola dekretu horiek atzerapen handi bat dakarten generoaren ikuspegitik ere, eta nola ez datozen bat behin eta berriz esaten duten horrekin; alegia, genero indarkeriaren biktima diren emakumeek bermatuta dauzkatela zerbitzu guztiak.

Emakumeen aurkako indarkeriarentzako Erakunde Arteko Jarraipen Batzordeari proposatzen diot, eta sortu dituzten Erakunde Arteko hiru Talde Teknikoei ere bai, gai hori berehala jar dezatela heldu beharrekoen zerrendan, ez baitzuten halakorik egin otsailaren 14ko bileran, nahiz eta ordurako argitaraturik zeuden bai lege hori eta bai foru agindu horiek.

Izan ere, ez dut onartu nahi gure gizartea etsipenera eta giza miseriara kondenatua dagoenik, Ayn Rand (1950) emakume zoragarriak gogorarazi zuen moduan: «Ikusten duzunean ezer produzitzen ez dutenen baimena behar duzula zerbait produzitzeko; konturatzen zarenean dirua ez doala ondasunak trafikatzen dituztenengana, baizik eta faboreak trafikatzen dituztenengana; eta legeek ez zaituztela haiengandik babesten, baizik eta, alderantziz, haiek daudela babestuta zure aurka; ikusten duzunean ustelkeria saritzen dutela eta zintzotasuna autosakrifizio bilakatu dela, orduan esan ahal izango duzu—eta zuzen izango zara, gainera— zure gizartea kondenatua dagoela». Elena Torresi zentzu pixka bat eskatu nahi diot; dekretu eta lege horiek berriro azter ditzala ikuspegi honetatik ere. Ziur naiz ez dela jabetu. Ez bera, ez Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta ez Jarraipen Batzordea.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.