Ikasturte hasiera guztietan bezala, proiektu eta asmo berriak dira nagusi gure unibertsitatean. 2010-11 ikasturtea, hain zuzen, graduko tituluak Europako Unibertsitate Eremuan sartu zireneko ikasturte gisa gogoratuko dugu aurrerantzean. Asko idatzi da Bolognako prozesua izenekoari buruz, eta iritsi da orain berrikuntza hau gure unibertsitate-ereduan txertatzeko ordua.
UPV/EHU, gaur egun, unibertsitate publiko eta ikertzailea da, eleanitza eta nazioartekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan finkatua, ikerketa sustatu eta Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapenarekin konprometitua dagoena. Gure gizartearen transformazio ekonomikoaren eragile izateko asmoa dugu, eta horregatik, funtsezko zeregina dute gure ereduan ikerkuntzak, berrikuntzak, nazioartekotzeak eta talentuen erakarpenak, egitura produktiboaren lehiakortasuna areagotzeko xedez. Helburu horri begira, Euskampus proiektua jarri dugu abian, proiektu garrantzitsua, dagoeneko Nazioarteko Bikaintasuneko Campus Programaren 2010eko deialdiaren lehen fasea gainditu eta nazioarteko batzorde baten ebaluazioaren zain dagoena.
Euskampus egitasmoak gure irakaskuntza-eskaintza aurkezten du, ikasleak oinarri dituen irakaskuntza-ikaskuntza eredu propio baten testuinguruan. Teknologia berriei esker, informazioa eta ezagutza denon eskura dauden garai honetan, prestakuntza-eredu eraginkor eta erakargarria eta ikerketarako joera duten irakasle-talde sendoak izango dira etorkizunean unibertsitate lehiakorrenen ezaugarriak.
Ikasturte honetan, abian jarri dugun eredu berrian, gure irakaskuntza-eskaintza osoa Europako Unibertsitate Eremuan kokatzen da, titulu ofizial berrien bitartez; 66 gradu, 94 master eta 62 doktorego. Eskaintza berri eta erakargarri bat osatzen dute, irakasleen kalitatean oinarritutako eskaintza, beharrezkoa eta egokia gizarteak goi mailako prestakuntzan dituen beharretarako.
IKD izeneko irakaskuntza-ikaskuntza eredu kooperatibo eta dinamiko honen xedea hezkuntza aktiboa da, eta ikaslea bere ikasketa-prozesuan protagonista izatea bilatzen du.Unibertsitateko ikasleek pentsatzen eta proiektuak lantzen ikasi behar dute, ia denek oraindik jarduteko erantzukizunik ez badute ere, eta haien zereginak ez du soluzio-sail bat eskuratzera mugatu behar; horrez gainera, arazoak ebazteko gaitasuna lortu behar dute. Hala, beharrezkoa da ikasgelaren barruan eta kanpoan dagoenaren artean distantziak laburtzea, ikaskuntzak eraginkorra izateko ezinbestekoa baitu errealitatearekiko kontaktua, trukerako, elkarrizketarako eta eztabaidarako egokia izango den giro batean, ikasleentzat erronka izango den proiektu baten inguruan.
Ikaslearen formazio osoak, gainera, ekitate- eta gizarte-balioak sustatzea eskatzen du. Era horretan, espiritu kritikoz jantzitako pertsonak sortuko ditugu, errespetuz jokatuko dutenak desberdintasunarekin, eta gai izango direnak ekarpen propio eta originalak egiteko proiektu kolektiboen eraikuntzan.
Hasi berri dugun ikasturte honetako titulu-eskaintza berriak eta hari lotutako ikaskuntza-ereduak, baita Euskampus proiektuak ere, argi erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitateak, bere leloari jarraiki, berritu egiten duela gizartearekin duen konpromisoa ezagutza eman eta zabaltzeko, goi-mailako irakaskuntzaren eraldaketa gidatuko duen hezkuntza-eredu bat eskaintzeko asmoz.
Goi mailako irakaskuntza eraldatzeko eredu berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu