Gorputz bat bihotz askoz osatutako manifestazioan, Donostian

Itziar Aizpurua Egaña Ezker Abertzaleko militantea
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gaur arratsean Donostian egingo den manifestazioaren garrantziaz bi hitz esan nahi nituzke.

Ezker Abertzalearen baitan, hainbat belaunalditako euskaldun, abertzale eta ezkertiarri ez zaigu tortura arrotza, zoritxarrez, hain zuzen geure larruan jasan izan dugulako, edota senideren batek, inguruko lagunek, seme-alaben koadrilakoek, auzokoek, hau da, azkeneko berrogeita hamar urteotan, eta bereziki Erreforma garaitik hona, inguru oso zabalean, ez da egongo torturatua izan dena ezagutu ez duen inor.

Izan ere, Guardia Zibil, Polizia edota Ertzaintzaren polizia etxeetatik igarotakoen artean torturak edo tratu txarrik jasan ez duten gutxi izango dira. Zer esanik ez, atzerago joko bagenu, zeren tortura izan da mendeetan zehar euskal herritarren borondatea eta Euskal Herriaren etorkizuna zapuzteko betidaniko etsaien lanabesa.

Torturatzen duenaren izaera gizakia izateari utzita egiten omen da. Ez dakit hori, zeren gizakia berez nahiko konplexua da, eta animaliatik asko dugula esango nuke. Eta, hau esanda, etsaiak animaliatik asko baino gehiago duela ere bai; hobeto esanda, gainditu egiten duela edozein animalia buru pentsakor eta maltzurkeriaren bidez badakit, bestela nola uler dezakegu honelako gizakiak erabiltzea bere helburuak betetzeko? Etsaiak badaki torturatzailearen gozamenaz, plazeraz; baita hurrengo saiorako ekintza berrien antolaketaz eta emakumeengan erabiltzen duen lizunkeriaz eta bortxaketaz ere.

Torturatzailea aparteko gizakia bada edo aparte uztekoa, ez zait askorik axola, zeren kontuan izan behar dugu etsaiaren eskua besterik ez dela. Hori bai, ezinbesteko morroia Gobernuaren agintean dagoenarentzat bere helburua bete ahal izateko, hau da, orain agintean dagoen PSOErentzat, torturatzailea euskal izaera eta borondatea makurtzeko eta ahal balu desagerrarazteko tresna besterik ez da.

Bestalde, goitik hasi eta beheko mailara arte dagoen tarte zabal horretan sartzen diren hainbat gizaki, politikari, epaile, kazetari eta komunikabide ezinbesteko laguntzaile bihurtzen dira torturak bere horretan jarrai dezan, jakinik, gainera, erantzukizun zuzena dutela Estatuko biztanleriaren aurrean, eta zer esanik ez, geurean.

Beraz, Euskal Herria herri bezala onartua izateko daramagun borrokaren aurrean, Estatuko Gobernuaren erantzuna euskal gazteria atxilotu eta torturatzea bada, etorkizunari bidea moztuz, badakigu nondik bideratu behar ditugun gure pausoak: Estatuarekiko konfrontazioan. Sendo eta beldurrik gabe. Arrazoi izateak indartu egiten baikaitu.

Borroka egiteko aro berri batean sartzen garen ziurtasuna badugu, berak dakar adi eta prestu egoteak, etsaiaren atzaparkadei erantzuteko gorputz bat bezala atxiloketa bakoitzean, gazte edo zahar izan, abertzale edota ezkertiar.

Ez dut zalantzarik etenik gabeko dinamikan murgildu behar garela norberaren lubakitik hasita guztion lubakira heltzeko, lehentasuna emanez torturaren desagertzeari, eta euskal preso politikoen etxeratzeari.

Atxiloketa eta torturaren aurrean: salaketa maila guztietan.

Tortura jasandakoei eta preso dauden euskal borrokalari guztiei:babesa, elkartasuna, eta gure maitasun osoa etxeratu arte, behinik behin.

Gaur arratsaldean, Donostian elkartuko garen guztion eztarriak norabide bakarrera zuzenduko ditugu: Madrilgo Gobernura eta bere morroi torturatzaileetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.