Greba... gogoetak

Joseba Barriola Gorripidean-eko kidea
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Astebete pasatu da jadanik 29ko greba orokorra egin zenetik. Borroka egun horri buruz Rebelión aldizkari elektronikoan eman ziren datuak, nik ordenatuak noski, azalduz hasiko naiz.

Reuters agentziaren arabera, sindikatuek esan dute greban hamar milioi langilek baino gehiagok hartu zutela parte.

Manifestariak, denera, milioi eta erdi baino gehiago: 500.000 Madrilen; 400.000 Bartzelonan; 144.000 Andaluzian; 100.000 Aragoin; 109.800 Galizian; 90.000 Valentzian; 100.000 Asturiasen; 40.000 Valladoliden; 22.000 Hego Euskal Herrian... eta beste leku handi eta txiki askotan.

Korronte sindikal eta sozial erradikala agertu da: Vigon 40.000 manifestari; Gijonen 10.000; Madrileko erdialdeko 7.000 grebalarien kalejira; Ekologistak Martxan-ek antolaturiko bizikleta martxa; 3.000 pertsonez osaturiko piketea Murtzian; Sevillarako sarrerak hamabi puntutan piketeek itxiak...

Bortizkeria poliziala handia izan zen. Sevillako unibertsitatean antidisturbioak. Bartzelonan istilu handiak erdialdean. CGTk, CCOOk eta UGTk salatu dute polizia oldarraldien basakeria. Zazpi tiro airean CASA enpresaren inguruetan. Madrileko Gran Vian ehunka antidisturbio eta Puerta del Soleko Corte Inglés-ean operazio polizial izugarria. Valentziako intersindikalaren eledunak: «Gobernuak grebaren arrakasta ezkutatu nahi du polizia errepresioarekin...»; 30 atxilotu. Emakume sindikalista bat larri zauritua, eskirol batek harrapatua.

Ikasleak, kultur jendea, kazetariak, greban izan dira. Sevilla, Madril, Valentziako... ikasleak greban. Kataluniako telebista autonomikoak eta Andaluziako Canal Sur greban. Telemadrid-ek: «Greba orokorra dela eta... ezin da emititu».

Irailaren 29an, Espainiako Estatuko lurralde guztietan zerbait berezia, indartsua eta edozein asmo askatzailerentzako interesgarria eta garrantzitsua gertatu da.

Irailaren 29an, Hego Euskal Herrian ez da erakutsi, nabarmen eta horrela erabaki delako, borrokarako dagoen indarra. Baina indarra hor dago, eta euskal langileriaren zati bat borrokan aritu da egun horretan.

Sindikatuak langileen interesen defentsarako borrokan -kalean edo negoziazioan borrokan- bat eginik ikusteak, dudarik ez, adorea eta konfiantza ematen du. Baina batasun sindikala landu beharrekoa da. Ez da aski batasuna aldarrikatzea. Eta, gainera, batasuna abstraktuan ezin da ezinbesteko baldintzatzat hartu.

2009ko maiatzaren 21eko greba orokorrak agerian utzi zuen batasun sindikala gauzatzeko zegoen ezintasun erabatekoa. Langabezia prekarioz izugarri hazi zen, eta EREak biderkatu, baina orduan UGT eta CCOOko zuzendaritzek ez zuten borroka egin nahi. Beraien konfiantza klaseen arteko kolaborazio mahaian zegoen jarrita. Egoera eta baldintza horietan, ez zegoen batasun sindikalik egiterik, eta greba orokor hura -patronala, gobernuen eta UGT eta CCOOren propagandaren aurka- egitea, urrats garrantzitsua izan zen.

Gehiengo sindikalak 2010eko ekainaren 29an antolatu zuen greban CCOOk ere, bere mezu propioarekin, hartu zuen parte. UGT eta sindikatu korporatiboak -Osasungintzakoak, adibidez- gelditu ziren aparte. Eta uste dut ekainaren 29ko greba -irailaren 29koa baino handiagoa izanik ere- 2009ko maiatzaren 21ekoa baino txikiagoa izan zela.

2010eko irailaren 29ko greban, Estatu osoko sindikatu handi eta minoritario deituriko ia guztiak-berriro korporatiboak mutu- elkartu dira. Greba orokor honen inguruan patronalak eta PPk hartu duten jarrera amorratuak beraien egitasmo latzen iragarpen izan dira. Greba orokor honek erakutsi du UGT eta CCOOren orain arteko politika saldukeria dela eta negoziazio mahaia, berriz, gobernuaren, partidu burges guztien (PP-CIU-EAJ) adar-jotze galanta izan dela. Greba honek agerian jarri du Estatuko lurralde guztietan, eta neurri batean sindikatu handien barruan ere, badagoela orientabide sindikalari buruzko zatiketa sakon bat. Eta uste dut bestelako gizarte eredu bat aldarrikatzen duen sindikalismoaren indarra ageriago jartzeko -eta aliantzak estutzeko- aukera on bat pasatzen utzi dutela ELAk eta LABek.

Batasun sindikalaren inguruan, badago beste auzi bat, garrantzitsua, batasun sindikala zailtzen duena: sindikatuen jarrera nazionala. Ez dut nik onartzen langileen batasunaren izenean Espainiako batasun nazional ukiezinaren inposizioa babestea edota injustizia horren garrantzia gutxiestea. Aitzitik, langileen batasun internazionalaren izenean, sindikatuek beharko lukete inposizio horren aurka eta autodeterminazioaren aldeko ahotsa altxatu. Uste dut, aldiz, UGT eta CCOOren jokamoldea, besteak beste, ondo egokitua dagoela paktu konstituzionalaren barruan, eta beraiek direla ere injustizia horren euskarriak.

Baina, horri dagokionez ere, iruditzen zait greba orokor honetan, euskal langileriaren nortasun propioa agerian jartzeko eta Euskal Herriko borrokaren aldeko jarrerak indartzeko aukera pasatzen utzi dela.

Aurtengo udaberrian, Europako Batzordeak eta Banku Zentralak-NDFrekin batera- gerra ekonomikoa deklaratu diote Europako langileriari. Hasieran gaude. Inork aukeratu ez duen Merkatuaren komando ezkutuak erabakitzen du, operazioak bideratzeko estatuek paper erabakigarria jokatzen dute. Lehen batailak egiten ari gara. Kapitalistek onartzen duten bakarra gerri-estutze latzaren bidea da; gehienez, tentelak engainatzeko ogi-apurtxoak emateko prest daude. Bizitza eremu guztiak -pentsamendua eta lurra, soldatak eta askatasunak, bakea eta elkartasuna- mehatxatuak daude. Egoera horren aurrean, nahikoa kolaborazionista den Europako Sindikatuen Konfederakundeak mobilizazio europarrak eta UGT eta CCOOeko zuzendaritzak greba orokorra egiteko deia egitera behartuak sentitu dira.

Ezin ditugu greba eta mobilizazioen oinarria zuzendaritza burokratikoen inkoherentzia eta asmoekin berdindu. Internazionalismoaren unea ere bada. Aldi berean, geure nortasunarekin borrokan inplikatuz, sindikalista borrokalari askorengan Euskal Herriaren eskubide nazionalen, justiziaren eta autodeterminazioaren eskubidearen aldeko jarrera animatzeko bidea lantzen dugu. ELAk Bruselako euromanifestazioan parte hartu du. Eta ondo iruditzen zait. Baina ez al da E. S. Konfederakundea nahiko kolaborazionista? Nik dakidala LABek babestu du Frantziako greba orokorra, irailaren 7an. Eta ados nago. Baina deitzaileak ez al dira klase kolaborazionistak eta erabat frantsesak?

Berriro ikusiko dugu greben kudeaketa-ren arazoak eta korronte sindikal erradikal eta indartsuaren premia... Bi urte hauetako hiru greba orokorren esperientziak aztertzekoak eta hortik ikastekoak dira. Greba europarraren esperientzia zain dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.