Hala eta guztiz ere

Bixente Serrano Izko Historialaria eta idazlea
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Goiz mugitua izan nuen 2003ko maiatzaren 8ko hura etxean. Ez al zitzaidan matxinatu neure apaletako hainbat liburu, dozena luzetxo bat, nire idazle kuttunenenak hain zuzen? Ez al ziren, ba, Carlos Fuentes, Bryce Echenique, Juan Goytisolo, Bernard-Henry Lévy, Paul Preston, Vargas Llosa merezimendu osoz aurtengo Nobel saridun izendatu berriaren liburuak, bertzeak bertze, zalapartatsu eta arrapaladan aurkitu nituenak etxeko barna-bidetik kanpo-aterantz, nork ihes eginen zidan lasterrago? Goizean goiz, zazpiak laurden gutxi aldera, begiak erdi itxita, lokabika oraindik, ohetik jaiki berria, dutxatzera nindoala.

Ezer ulertu gabe, idazmahaiaren gainean bildu nituen iheslariak, haien azaletako dardarizoek ene besoak elektrizatu eta neuronak erne jarri zizkidatela. Kostata, baina liburuekin solasean, lortu nuen konturatzea azken orduko berriren bat jasoak zeudela eta horrek bultzatu nire ondotik ihes egitera. Internetera jo eta laster ikusi nuen zer gertatzen zen. «Nahiz eta» izeneko agiria irakurri nuen pantailan, nire liburuen egileek sinaturik, europarrei eskatuz Espainiako udal hauteskundeetako eguna «Sumindura Orokorreko Eguna» izenda dezatela, ETAk, Euskal Herriko nazionalismoak, euskal eliza katolikoak eta euskal instituzioek eragiten dituzten biktimen omenez. Sei 'Nahiz eta' hasitako bertze hainbertze paragrafok osatzen zuten agiria: bertan, «Europako bazter batean beldurrak eta lotsak zanpatzen dituztela hiritarrak»; «gaur bertan Euskal Herrian hiritar libreek irainak eta heriotza jasaten dituztela»; «Euskal Herriko hiritar libreen hautagaiak ETAk heriotzara eta honen erru-kide nazionalistek umilaziora zigortuta daudela»; «atentatuak-eta [...], instituzio nazionalistek eta euskal hierarkia katolikoak sustatzen duten zigor-gabezia moralaren giro [...] batean egiten direla» hauteskundeak; «alderdi nazionalistak espainiar demokraziaren garantia konstituzionalez baliatzen diren bitartean», «Euskal Herriko hiritar libreek euren burua ezkutatu behar dutela»..., eta enparauak irakurri ahal izan nituen.

Liburuetara itzuli nintzen haiek lasaitzen saiatzera. Ados nengoela gauza askotan idazleekin, nahiz eta bertze 'nahiz-eta' anitz gehituko niokeen agiriari. Arrazonatzen saiatu nintzen, falta dituen 'nahiz-eta' asko horiek gorabehera, nik ere sinatu ahal izanen nukeela agiria, 'baina' frankoren falta ere ikusiko ez banu. «Areago-erran nien nire liburu kuttunei-, zuen aita-amek zeuen orrialdeetan sartu zuten 'baina' hitzaren kopuru itzela dela kausa zaituztet neure liburu maiteenetarikoak. 'Baina' lokailua baita beti ikerketa eta gogoeta kritikoek erabili behar duten hitz usuenetariko bat. Nahiz eta agiria hiritar batzuen eskubideen urraketez bakarrik oroitzen den, prest egonen nintzatekeen haren alde agertzera, baina 'baina' saihestezin bat, guttienez, jarri behar diot, honako hau alegia: neu ere ETAren konplize bihurtzen nauela agiriak, abertzale naizen aldetik, euskal instituzio nazionalak eraiki nahi ditudan aldetik, etab., etab. Lasai zaitezte, ene liburu kuttunok, zuekin ikasi ditudalako 'baina', eta 'ez', eta 'agian', eta 'batek-daki', eta 'baliteke', eta 'beste-ikuspegi-batetik-so-egiten-saiatu-beharko-genuke', eta hauen antzeko hitz eta erramoldeak. Zuek, liburu horiek, zarete interesatzen zatzaizkidatenak eta ez zeuen aita-amek, zeuen sortzaileek agiri horretan erran nahi dutena, 'baina' batere gabe onartuz orain bertze nazionalisten, espainiar Estatu-nazionalisten itsukeria. Nahiz eta horrelako gurasoak dituzuen erregistroetan, zeuen 'baina' aberasgarriak neureganatzen jarraituko ditut, horren antzeko agiriei aurre egiten jakiteko hain zuzen».

Orain, zazpi urte eta erdi pasata, bere printzipioen sendotasunak hondoratu zuen Pantaleon bisitatzera joan naiz hamaikagarren aldiz, eta berak lasaitu nau ni berriro, Olga Ã’BrasildarraÓ-ren zerbitzuek bezainbat lasaitu ere: «Sinesgaitza, bai, errealitateko gure sortzailearen askatasun kontzeptu sasikoa, baina sinesgaiztasun horrek ezin du hondoratu haren fikzio libreen sinesgarritasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.