Haserre bizia eta erantzun duina dira beharrezko

Joseba Barriola. Martin Aldaia. Eukeni Santamaria
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Amorruak, esperantzak, penak, lotsak, irri zitalak, kontenplazioak eta haserrea.

Amorratuta daude patronala, gobernuak eta hedabideak. Amorratuta UGT eta CCOOko zuzendaritza sindikal otzanek Greba Orokorra egiteko deia egin zutelako. Horrela, sindikatu guztien desprestigio kanpaina itzela eta greba eskubidearen aurkako neurriak eta iritzi ergelak plazaratu dituzte.

Esperantzak eta penak: Txema Madrileko Carabanchel auzoko «el vasco» da. Esaten zidan: «Kontentu nago grebarekin». Eransten zuen: «Pena bat bakarra dut... que los vascos que han hecho dos huelgas generales no se sumen esta vez».

Lotsak: lotsaz antolatu dute Greba Orokorra Mendezek eta Toxok. Lotsaz aritu dira aurreko egunetan grebaren beharra esplikatzen sindikatu horietako hainbat liberatu, aurretik sekula santan antolatu ez dituzten asanbleatan.

Irri zitalak: EAJ, PSE, PSN, UPN-PP... irri zitalak egiten ari dira. ELA eta LAB, Greba honen aurrean hartu duten jarrerarekin, zure ustez, poztuko al dira? Edota urdurituko dira?

Kontenplazioak: Zergatik ez dute ezer esan ez Ezker Abertzaleak, ez Aralarrek, ez Alternatibak, ez EAk?

Haserrea: Krisia probokatu dute, diru publikoa lapurtu dute bankuak salbatzeko, estatuaren zorra eragin dute eta zorra bera aprobetxatu nahi dute harrapari gisa; gainera austeritatea ezarri, eskubide sindikalak moztu eta pentsioak kolokan jarri...

Haserre bizia eta erantzun duina da langileen eta ikasleen eta jubilatuen eta libre izan nahi duten nazioen eta emakumeen eta etorkinen bide bakarra.

Joseba Barriola. Errenteria.

Marta Gurin etahondakinen errausketa

Irailaren 24ko BERRIAn hau deklaratu zion Naiara Elola kazetariari Marta Gurin teknikari poloniarrak: «Errauste plantek ez dute eraginik gizakiaren osasunean eta ingurumenean».

Gipuzkoako Zubietan eraiki nahi dutena bezalako errauste plantez oso bestelako iritzia dute mugimendu, elkarte eta erakunde askok; urrutirago joan gabe, urri hondarrean Baionako Lurrama ferian hizlari izango den Dominique Belpomme mediku onkologoak. Ez da doktore famatu baten hitza soilik: Frantziako Medikuen Elkargoak eta medikuen sindikatu nagusiek 2007an Parisko Gobernuari eskatu zioten errauste planta gehiago ez eraikitzeko -hemen ere eskatzen ari garen antzeko luzapena-, horien kutsadura minbiziarekin eta beste eritasun larri batzuekin lotuta dagoelako.

Dudarik gabe, Marta Gurin teknikariak eskubide osoa dauka alderantzizkoa defenditzeko. Baina herritarrok nola erabaki behar dugu gauzak zertan diren, batzuen eta besteen iritziak ezberdinak direnean? Hasteko, nor zer den jakinda.

Elkarrizketa buruan esaten da Marta Gurin dela «Balorizazio Energetikoko Planten Europako Federazioko kidea». Garbi esateko, «balorizazio energetikoa» deitzen diote hondakinak errausteari. Confederation of European Waste-to-Energy Plants izen txukunaren atzean dagoena da Europako errauste enpresen patronala. Haien webgunean begiratzea aski da. Konfederazioan Espainiako partaide denak izena du Asociación Empresarial de Valoración de Residuos Sólidos Urbanos (AEVERSU), eta bertan daude penintsulako errauste plantak, tartean Bizkaiko Zabalgarbi.

Gurin andereak aditu independenteen imintzioak egingo ditu, baina funtsean negozioa hondakinen errausketan daukaten ugazaben enplegatua da.

Martin Aldaia. Hernaniko Zero Zabor taldeko kidea.

Eskolan ezarri nahi duten hirugarren hizkuntzaz

Nire uste apalean, Eusko Jaurlaritzan agintzen duten bi alderdien arteko hitzarmenaren ondorioetako bat da gure euskara maitea ahultzea.

Bada, Euskal Herriko ikastetxe guztietan euskara indartu beharrean, hirugarren hizkuntza inposatu nahi digute; ingelesa, kasu honetan.

Egun agintean dauden bi horien asmo bakarra baita gure gizartean euskarari lekua kentzea.

Eukeni Santamaria. Orio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.