Haurra, autoritatea eta autoritarismoa

Isabel Urretabizkaia
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Haurra jaiotzen denean, mundura ekarri dutenen ardurapean geratzen da eta beraien hezkuntza estiloan hazten da. Bizi baldintzak egokiak eskaintzeaz gain, transferentzi anitza egiten da eta ñiñia giro horretan etaprogresiboki bizitzaren jabetza eta protagonismoa izanik, erantzukizun propioak eta indibiduoak lortzeko bidean egongo da.

Bizitzaren hasiera horretan, ñiñia zaintzen dituztenengan atxikimendua, konfiantza, erreferentziak, identifikazioak eratuz joaten da eta horiek ahalbideratuko dute gero munduan parte hartzerakoan segurtasuna, konfiantza, identitatea, trebetasun sozialak etab. izatea bizitzari aurre egiteko.

Gaur egungo ohituren arabera, aipaturiko hasierako prozesua egiten da, etxeko giroa eta haurtzaindegiko giroa konbinatuz. Azken honek suposatzen du atxikimendu figurak ugaritu egiten direla, autoritatearen estiloa, atxikimendu mota, erreferentziak etabar ugaritu egiten dira onerako nahiz txarrerako, kasuaren arabera.

Bitartean, ñiñiak egokitzapenak egin behar ditu berarekiko ardura duten guztienganako.

Etengabeko egokitzapenak garatuz, ñiñiak ikasten du haurra, gazte, heldu eta zahar izaten.

Ikasketa prozesu honetan garrantzi berezia eman nahiko nioke lortu beharko denari:

Beraien bizitzaren protagonistak izateari, beraiei dagozkien aukerak egiteari, beraien desioen arduradun izateari eta beraiei dagozkien guztien erantzule izateari.Era honetan, Niaren identitate pertsonala eta portaera koherente baten zikloa ez zaie eteten, eta atalaren eta osotasunaren jabe egiten dira. Heldua egon behar da bai edo ez esateko.

Jorraketa era honetan barneratzen dira:

Inteligentzia anitzak.

Ikaste estiloa anitzak, intuitiboa, analitikoa, imitaziozkoa etab., garbi dago haurrek ez dutela ikasten bakarrik erakusten zaiena.

Familian garatzen da atxikimendurik garrantzitsuena. Eta edozein familiaren konfigurazioa indartsua izan behar da beti, eta gaur egun dauden zailtasunak egonda, familian nork duen iparra eta horrekin aginte makila jakin behar da, bestela, babestua egon behar dena agintari bihurtzen da.

Gizarteratzea

Neure buruari galdetzen diot ea ñiñiaren gizarteratze goiztiarrak «testuinguru masibo batean», lagundu ordez, ez ote duen oztopatzen pertsona horrek jorratu behar dituen aro, dolu eta ikasketa guztiak. Nerabetasunean indartzen eta sarritan desegokitzen diren muturreko autoafirmazio horien arrazoi nagusietariko bat ez ote den galdetzen diot neure buruari.

Autoritatea

Haurrengan autoritatea izatea komenigarria litzateke ezinean babesa ematea, zainketa egitea, baita ere aukerak murriztea edo imposatzea, finean, autoritateak duen boterea era egokian erabiltzea.

Haurrek gurasoen autoritatea behar dute munduan progresiboki egoki kokatzeko eta arduraz jokatzeko, bestela, barruti infinituan aurkitzen dira, eta horrek larritasuna sorrarazten du. Haurra eta munduaren artean gurasoen babesa eta erabakitzeko ardura dago, eta gurasoek ezin dute beraiei dagokien autoritatea haurrengan utzi afera gatazkatsuetan, haurrek ezin baitute halako boterea kudeatu, haurrek eduki behar duten botere bakarra da beraiei dagozkien gauza txikien erabaki aukerak izatea: jantziak, meriendak, musika, lagunak, bizikleta edo patinak. Eta horiek erabili, dituzten desioaz jabetzeko, arduratzeko eta erabakiak hartzen ikasteko.

Haurrak gurasoen pareko jartzen direnean, ez jarri nahi direnean malo!, desautorizazioa emana dago. Gurasoek ordezkatzen dutenean beraien erabaki boterea objektu baten truke, baldintza baten truke, promes baten truke, etorkizunaren truke..., tiraniak, xantaiak, gurasoen ezinak nagusitzen dira. Gehienetan, gurasoen ezina haurren autoritarismoa bilakatzen da, eta jarrera horiekin gizarteratzen dira.

Autoritatea, haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan zehar trasbasatu behar den boterea da, eta, horretarako, gurasoek haurrenganako duten konfiantza beharrezkoa da, gauza txikiekin hasi eta potoloekin jarraitu, trasbase osoa egin arte.

Desajuste emozionalak ekonomizatzea dagozkigu, autoritatea era sendo, lasai edo aseptikoan erabiliz. Ez, ordea, kudeatu beharrean, haurren erabaki aukerak baztertu eta konponbide bakarra ezarri, uniformea, jantokia, hau da, «autoritatea edo jadanik autoritarismoa» erabili, trasbase pedagogikoa hipotekatuz. Lortzen dena da oraingo zailtasun txikiak urte batzuk barru arazo handiak bilakatzea, nerabetasunean agian larritu, heldutasunean gako berdintsuei aurre egiten aurkitzen gara, eta zahartzaroan agian depresioan edo atsekabean bilakatuko dira.

Konponbidea? Gauzen, lorpen, ahalegin, ondorioen, emozioen, balio intrinsikoak berreskuratu eta norberarekiko eredugarri bihurtu.

Zerk traizionatzen gaitu? Penak, norberaren frustrazioak edo erruduntasunak, ezegonkortasunak, sinplekeriak, immobilismoak, kanpoko ereduen jarraipen itsuak norberarenak kontuan izan gabe, eredu okerrak. Badago zer pentsa eta zer aukera.

Nahi baldin badugu haurren portaeraren bat zuzentzea, aldatzea edo aktibatzea, gurasoak dira ahalbideratu behar dutenak, maitasun handiko barrikada txikiak jarriz eta hitzezko mezuak dagozkien portaerarekin lotuz.

Ondorioa

Testuinguru ezberdinetara egin behar dira gure haurrak, eta guztietan lortzen badute pertsonaren bilakaera duina, norberarekiko eta inguruarekiko integrazioa bermatua egongo da. Horrek ez du esan nahiko sumisoa izango denik, zeren eta haurra intrinsikoki matxinoa da. Matxinoen ofizio hori, jarrera hori mantendu eta findu behar da eboluzioaren azken muturreraino, hil arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.