Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoari egin nahi dioten erreforma alderdi politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoak ezarritako esparruan kokatzen da. Hura osatu nahi du eta han egon litezkeen zirrikituak itxi nahi ditu, ETAren terrorismoa ezabatzeko xedea betetze aldera. Zehatzago esanda, legez kanpo utzitako alderdi baten jarduerari indarrean eutsi nahi dioten hautagaitzei hurrengo hauteskundeetan parte hartu ahal izatea eragotzi nahi die. Legearen erreformak, beraz, argi eta garbi, 2011ko maiatzerako aurreikusten diren hauteskundeak ditu xede eta helburu.
Esandako erreformaren bidez, orain indarrean dagoen legeari egin nahi zaizkion aldaketak edo berrikuntzak ondorengo puntu hauetan laburbil daitezeke:
- «Bateraezintasun gaineratua» deitu dioten figura sartu dute, zeinaren indarrez, hautatuak izan diren karguek, baldin gerora beren alderdi politikoa legez kanpo geratuko balitz, aktak galduko bailituzkete, nolaz eta berariaz, jendaurrean eta agerian ez dieten uko egiten beren alderdia legez kanpo geratzera eraman zuten zergatiei.
-Legezko alderdi bateko zerrenda inpugnatzeko aukera egongo da, esandako zerrendan jada legez kanpo dagoen alderdi batekin lotura duten hautagaiak daudela irizten bada.
-Behin hauteskunde kanpaina hasia dela, hautagaitzak inpugnatzeko aukera egongo da, eta ez da kanpaina amaitu arte itxaron beharko formazio politikoa legez kanpo uzteko.
Ezarri nahi diren erreformak irakurtzea nahikoa da kezka larriak sortzeko Eskubide Estatu batek berarekin daramatzan betebeharren ikuspuntutik, delako Estatuak herritarren oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatzetik abiatu behar baitu. Ez da bakarrik jada indarrean dauden legeak gehiago edo gutxiago gogortzea. Horrek, azken batean, botere politikoaren balorazio baten xede izan behar luke. Boterearen egikaritzak eskatzen duen zuhurtziaz haratago, botere horrek men egin behar dion justizia dago jokoan, erdietsi nahi diren helburuen lorpenerako erabiltzen diren eraginkortasun eta erabilgarritasun irizpideen gainetik, helburu horiek, azken batean, guztion onerako izan behar bailukete eta, kasu honetan, betebehar kontrajarriak tartekatzen dira.
Ez dago zalantzarik ETAren indarkeria behin betiko desagertzea albora ezin daitekeen betebeharra dela Euskal Herriko -eta orobat, Estatuko- guztion onerako. ETArekin ezinezkoa da bakea izatea, eta, bakerik gabe, herritar guztiok irrikatzen dugun -eta denongan eragina duen- guztion ona ez da posible. Beraz, berori lortzeko ezartzen diren neurri eraginkorrak aplikatzearen ondorioz etorriko da esandako guztion on hori.
Baina, era berean, guztion onaren exijentzia da Estatuak pertsona guztien eta bakoitzaren oinarrizko eskubideak aitortzea, errespetatzea eta bermatzea, eskubide horiek herritar jakin batzuei ezabatzen edo eteten ez zaizkien bitartean, zigor arrazoi bidezkoak direla medio, baina inoiz ez administrazio arrazoiengatik. Estatuak bermatu beharreko guztion onaren aurkako erasoa baita herritar guztiek duten oinarrizko eskubide bat eragoztea, hauteskundeen bidez komunitate politikoaren antolakuntzan askatasunez parte hartzeko eskubidea, alegia, debeku hori justifikatzen duen deliturik ez badago. Eta komunitate politikoaren guztion onaren aurka doa, orobat, komunitate horri kudeaketa publikoan kolektibo gisa parte hartzen bidegabeki eragoztea, botoa emateko eskubidea egikaritzearen bitartez. Hutsegite politiko eta juridiko larria litzateke herritarren guztion onerako eskubideari -hau da,ETAren indarkeriaren amaiera- herritarrek eta kolektiboek parte hartzeko duten eskubidea kontrajartzea. Aldiz, bata eta bestea guztion on berberaren parte baitira, eta bi betekizunak hartu beharko baititu barnean.
Benetako demokrazia politiko pertsonalista baten kontzepziotik eratorritako planteamendu hauek hasieran aipatu ditugun erreforma juridikoei aplikatuta, honako gogoeta hauek jaiotzen zaizkigu:
-Zilegi al da kolektibo baten zigor erantzukizuna kolektibo horretako pertsona guztiei eta bakoitzari egoztea, esandako kolektibokoak izate hutsagatik?
-Onargarria al da «alderdikoa izatearen» kontzeptua erabiltzea, kontzeptuaren malgutasuna kontuan hartuta, herritar bati oinarrizko eskubide bat ukatzeko delitu bat egin izanaren zigor gisa? Eta hori ez bada arrazoia eskubide «publiko» bat ukatzeko, non sostengatzen da halako «zigor» edo «administrazio» neurri bat?
-Ametitu al daiteke legez kanpo utzitako alderdi baten edozein motatako jarduerak zigorgarri egiten dituela alderdi horretako kideen ekintzak, nahiz eta ekintza horiek, berez, legearen kontrakoak ez izan?
-Onartzekoa al da talde terrorista batekin loturak dituen alderdi batekoa izateak esandako taldearen ekintza eta praktika terroristekin bat egitea esan nahi izatea eta lotura horretatik garbitzeko bide bakarra «berariaz, jendaurrean eta agerian alderdia legez kanpo geratzera eraman zuten zergatiei uko egitea» izatea?
Planteatu ditugun horiek ez dira baztertu edo mespretxa daitezkeen galderak. Eraginkortasuna botere politikoaren exijentzia da. Baina horrek ez du ahaztarazi behar exijentzia horixe bera egon daitekeela botere horren abusuzko erabilpenaren jatorrian, eta horrela lortu nahi den helburuaren zuzentasunak justifika ezin lezakeen indarkeria bidegabe bihurtuko litzatekeela. Egoera zail eta korapilatsu hauei erantzun egokia ematean datza, hain zuzen ere, botere politikoaren duintasuna eta prestutasuna, bere izateko lehen arrazoia izan behar lukeen guztion onaren zerbitzuan jarrita.
Hauteskundearen lege erreforma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu