Baina horretan ari garen bitartean, badira oraindik zenbait lagun heldutasun eta errespetu falta handia erakusten dutenak. Ez dira sigla jakin batekin lotzen, euskal gizartearen arlo guztietan baitaude oraindik horrelakoak. Zorionez, gero eta gutxiago dira.
Aipa ditzadan egun hauetan ikusi ditudan horietako batzuk:
1.- Bilboko manifestazioan batzuk jo eta fuego aritu ziren EAJren aurka, jeltzaleak bertan beste guztiekin batera zeudela jakinik. Hori ez da euskaldunok behar dugun gehiengo horren alde laguntzen duen jarrera, edota laguntzen badu, badakigu nori, zentimetro bat bera ere mugitu eta arriskatu nahi ez duten PSOE eta PPko horiei ez bada.
2.- Kilometroak festa ederra izan da Lezon. Dena den, niri negargura eman zidaten erdaraz jo eta ke aritzen ziren 20 urte inguruko gazte ugari haiek. Gaztelania ez da gure etsaia, gure jakituria aberasten duen elementua baizik, baina hortik euskaldunekin erdaraz egitera, alde ederra dago. Denok dakigu Iparraldean eta Nafarroako eremu zabal batean arazo handia daukagula gure gazteak euskaldun izan daitezen, baina, tamalez, erdaraz ari ziren gazte haien matrikulak Gipuzkoakoak ziren, eta Gipuzkoan gaur ez dute aitzakiarik euskaraz ez jakiteko, Franco aspaldian hil baitzen. Ikastolen alde, euskararen alde eta gero erdaraz barra-barra. Ezin al dute indar ttipi bat egin euskaraz aritzeko?
3.- Manifestazioaren ondoren EAJko buru Iñigo Urkulluk emandako hitzak. Otoi, ezzaitez lehen aipatu ditudan horien meza-mutila izan!
4.- Gipuzkoako herri taberna batean ikusitako pankarta: Bidea borroka da. Ados, eguneroko borroka, bizitzaren, bakearen eta soberaniaren aldeko borroka. Gure gazteak kulturan eta errespetuan formatu behar ditugu, ez kalimotxoaren azpikulturan. Euskaldunok sendagileak, abokatuak, ingeniariak, arkitektoak, historialariak, musikariak, arrantzaleak, dantzariak, kirolariak... behar ditugu, giza baloreetan eta kulturan hazitako belaunaldi berria behar dugu. Baina, zorigaitzez, eta oker ez banago, hura ez zen pankarta hartan aipatzen zen borroka.
Aipaturiko horiek eta denok ikusten ditugun beste horrelako akats askok ez digute bidea errazten, korapilatzen eta gibelatzen baizik. Heldutasun falta erakusten dute. Norbait nire gutun honekin iraindua sentitu bada, barka diezadala, ez baitzen hori nire asmoa, jorratzen ari garen bide itxaropentsu honetan betiko akatsak egiteko beldurra baizik. Ezin dugu berriro huts egin eta herri hau frustrazio infinitura kondenatu. Denon artean erdietsi behar dugun belaunaldi gazte, euskaldun, humanista, kultu, jakintsu eta solidario horrek gidatu beharko du Euskal Herria askatasunezko portura. Hala izan bedi!
Joseba Aurkenerena. Urruña.
Urriaren 12an, hispanitateari ez! Independentzia
Dakizuen moduan, urriaren 12an hispanitatearen eguna ospatzen da. Izenak argi uzten duen moduan, euskal herritarrei inposaturiko jaiegun arrotz bat. Mendeetan Euskal Herrian eta munduan hainbat sufrimendu eragin duten indar torturatzaile eta okupatzaileak goraipatzen dira.Zer eta nola ospatzen den gogoratzea oso garrantzitsua da. Kolonek amerikar kontinentea aurkitu izana da ospakizunaren xedea, noizbait galduta egon balitz bezala; horrekin Espainiar Inperioaren hasiera izan zen. Inperio hori bertoko kulturen ukatze eta zanpatzearekin eraiki zen, baliabide naturalen lapurretarekin. Milaka pertsona erailez erresuma genozida bat sortu zuten, eta hori gaur egun ere ospatzen dute; desfile militarrekin, nola ez. Frankismoaren garaian ere sekulako bultzada izan zuen «jai» honek, faxisten idearioaren zati zen hispanitatearen kontzeptu hori abertzaletasunari eta Ameriketan izaten ari ziren subiranotasun mugimenduei aurre egin nahian; Espainia bakar, handi eta askea aldarrikatzen zutenean euren inperialismoaren aurkako ekimen ugari sortzen zirelako. Koloniak izandakoak ere zilbor-hestea apurtzeko lan ugari egin zuten. Horregatik, gaur egun, askatasuna irabazi duten hainbat herrialdetan Simon Bolivar eta halako borrokalariei, adibidez, egiten dizkiete omenaldiak.
Durangok ere pairatu izan du urteetan zehar urriaren 12an indar kolonizatzaileek izandako jarrera bortitza, mozkor-mozkor eginda kuarteletik herrira etortzen zirenean bidean harrapatzen zuten edonor jipoitzera, zahar edo gazte, gizon edo emakume -horrek ez zuen garrantzirik-; baina «¡Viva España!» ahoan erabiltzen zuten etengabe.
Urteak daramatzagu egun honetan guk ez dugula ezer ospatzeko esaten. Tamalez, Durangon, urriaren 12a jaien erdian gelditzen da; beraz, orain arte salaketaren mezua nahastu eta erdi hutsean gelditu da.
Horregatik, beharrezko ikusten dugu herri moduan erantzutea eta indar metaketa egitea. Orduan, guztion parte-hartzea ezinbestekoa ikusten dugunez, salaketa ekimenean parte hartzera animatzen zaituztegu. Horretarako, adibidez, urriaren 11ko gauean, 24:00etan (gauerdian), 15 minutu iraungo duen burrunbada independentista egingo dugu txosnetan. Irauten duen bitartean ez dugu zerbitzurik emango. Herritar guztiak animatzen ditugu gurekin batera zarata egitera hispanitatearen eta Guardia Zibilaren aurka eta independentziaren alde. Urriaren 12an zehar ere ekimenak egingo dira.
Herriko jaiak ondo pasatzeko dira batez ere, baina inposizioak gainditu eta pausoz pauso etorkizuna eraikitzeko ordua da.
Beste barik gozatu jaietan eta ongi etorri txosnetara!
Gora Durangoko jaiak!
Gora Pantxika!
Gora jai herrikoi eta parte-hartzaileak!
Koldo Zarate. Durangoko Txosnen Batzordearen izenean.