ETAren agirietan beti iristen da une bat non «herria» hitza agertzen den, eta aipamen horrek zerbait iratzartzen du nire baitan, kanpaitxo baten dilinda, argi gorri bat, alarma zantzuz estalita datorren gogoetarako deia.
Herria. Hitz lausoa, orokorregia zehaztasun bila lan egiten duen honentzat. Denentzat balio du, denetarako; beraz, arriskua dauka ezertarako ez balio izateko, inork serio ez hartzeko. Hala ere, agiri politikoen idazkera akartonatuan distira egiten jarraitzen duen terminoa da. Baina zer esan nahi du zehazki? Zertaz ari gara herriaz ari garenean? Susmoa daukat oso esanahi ezberdinak ez ote dizkiogun ematen denok hitz goraipatu horri, eta gaixoak lanak izango lituzkeela gizartean bere esanahi semantikoari dagokion lekua aurkitzeko.
Izan ere, non aurkitu ETAk aipatzen duen herria? Non ote dago PNVk «gora ta gora» daraman herria? Zein herrirentzako antolatzen du Alberto Suriok ETBko programazioa?
ETAk, iraileko agirian, lau aldiz gutxienez aipatzen zuen herria: «Euskal herritarrei borrokan murgildu eta jarraitzeko deia luzatzen diegu», «Euskal herritarrok erantzukizunez eta premiaz erantzun behar diogu egoerari», «herriari hitza ematea» eskatzen zuen gero, eta «herritarren gehiengoa errespetatzea». Herria ahotan hartzea ederra da, baina garai askotan herri horrek hitz egin duenean ez badiogu entzun, ez badiogu kasu zipitzik egin, herriak iraingarritzat har dezake orain sostengu eskaera.
1998ko hauteskunde autonomikoetan, Lizarra-Garaziko su-eten garaian herriak sekulako boto pila eman zion ezker abertzaleari, 14 legebiltzarkide lortzeraino. 2001eko hauteskundetan, ETA berriro ekintza armatu erasozkoekin hasi zenean, milaka boto etxean geratu ziren, egundoko triskantza eraginez ezker abertzalearen parlamentuko ordezkaritzan: erdira jaitsi ziren legebiltzarkideak. Herriak garbi hitz egin zuen, ez zuela armen zarata gogaikarri hura nahi, baina non zegoen orduan ETAren belarria hura guztia entzuteko? Aukera ezin hobea galdu zuen herriari hitza emateko, herritarren gehiengoa errespetatzeko.
Baldin eta eskaera horiek ez baldin badizkio bere buruari egiten, Espainiako Gobernuari baizik. Baina, orduan, zer zentzu leukake besteari exijitzea neuk betetzen ez dudan araurik? Nago herriarena aitzaki-maitzaki bat besterik ez ote den, baina hala balitz ere, eta horrek nire begirada erlatibizatu behar balu ere, barruan halako larritasun bat sortzen zait herriaren bizkar gainean ardura handiak botatzen direla ikusita.
EA eta ezker abertzalearen akordioan ere maiz aipatzen baita herria: «Herriaren atxikimendua eta mobilizazioa izango dira gure bitartekoak», «Herriak izan behar du politikagintzaren subjektu», edo «boterea herritarrei itzultzea posible egingo duen sistema» baten alde borrokatzeko prest ageri dira. Hitzoi logika bat aurkitu nahi nieke, baina ezin dut; agian errua nirea da. Baina utz iezadazue esaten, behintzat: hemendik aurrera herriak izan behar badu politikaren subjektu, eta boterea herriari itzuli behar bazaio, non egon da orain arte boterea, zeinen eskutan? Eta zein izan da, orain arte, politikaren subjektu? EAk eta ezker abertzaleak (honek apur bat gutxiago) 30 urte badaramatzate politikan, ez dute zerikusirik izan herritarrei boterea bahitze horretan? Baldin eta eskaera horiek ez bazaizkie bere buruari egiten ari, Espainiako Gobernuari baizik.
Herriaren mobilizazioez egiten diren balorazioak eta mobilizazio horiekin lor daitekeenaz dauden aurreikuspenek ere asko kezkatzen naute. Floren Aoizek salatu du Bilbon ospatu zen urriaren 2ko manifestazioa, eskubide zibil eta politikoen aldekoa, isildu zutela komunikabideek. 40.000 lagun inguru bildu ziren. Erraldoia zen bai, baina Lizarrako meniaren erdian, 1999ko urtarrilaren 9an, 120.000 bildu ziren, hiru aldiz gehiago. «Bilbok inoiz bizi izan duen manifestaldirik jendetsuena», definitu zuen prentsak. Martxa hasi eta ordu erdira, artean jendez txinatuta zetozen autobusak Bilbora sartu ezinik zeuden. Burua udaletxera iritsi zenean, lau eta bost errei zeukan bi kilometro eta erdiko ibilbidea gainezka zegoen, eta azken partaideak artean abiatu ezinik.
Baina horra paradoxa: ekitaldi haren bukaeran Xabier Arzalluzek esan zuen bilkura hark ez zuela ziur aski ezertarako balioko, Madrilen ez ziotelako garrantzirik emango. Aldiz, pasa den astean Filipe Bidartek esan du: «Euskal gizartea mobilizatzen bada Madrilek eta Parisek amore emango dute». Nork izango du arrazoi? Bartzelonan milioi bat pertsona atera zen kalera estatutuaren alde. Eragin zuen Espainiako botere publikoetan?
Juan Jose Ibarretxek bere doktoretza tesia aurkeztu du berriki, desobedientzia zibila defendatuz. Lan bat gehiago herriarentzat. Baina Ibarretxe ez al zen Madrileko agindu guztien aurrean burua makurtu eta amen esan zuena hiru aldiz, estatutu berria aurkeztu zuenean, kontsulta egitekoa zenean eta epaitegira joan zenean?
Herria. Zer ote da herria? Kalera ateratzen diren 50.000 horiek? Etxean geratzen diren 2.900.000ak? Euskara dakiten 700.000? T5 ikusten duten milaka horiek? Burgosen eta Santanderren bigarren etxebizitza daukaten 60.000 burgesak?
Galdera gehiegi dira iritzi artikulu baterako, baina halaxe sentitzen naiz. Batzutan oso astuna egiten zait herria izatea Euskal Herrian. Gainera, ez al zioten herriari hitza eman nahi? Hona, bada, herritar batek, bere boterea aprobetxatuz, bere garuna mobilizatuz eta desobedientzia mentala erabiliz politikagintzaren subjektu bihurtzeko egin duen ahalegina. Oraingoan bai: kontent izanen da deitzaile oro nirekin!
Herriaren aroak ene begietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu