Hezkuntza publikoa jomugan

Xabi Irastorza (ELA) Iker Elexpuru (LAB) Arantza Fernandez (EILAS)
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzari eta modu berezian Hezkuntza Sailburuari, behin eta berriro, hezkuntzaren garrantzia eta kalitateari buruz, proiektu izar eta baliabide berriei buruz hitz eginez ahoa betetzen bazaie ere, egunerokoan ikasgeletan lanean ari garen langileok, gurasoek, zentroetako zuzendariek baita ikasleek beraiek ere ongi dakigu errealitatea oso bestelakoa dela.

Propaganda ugariz estaltzen saiatu den arren, Jaurlaritza honek hezkuntzan murrizketak baino ez ditu aplikatu. Pasa den ikasturte amaieran CCOO eta UGTrekin lorturiko akordio lotsagarria oinarri hartuta, langileen soldatak eraso bazituzten, ikasturte honen hasieran, akordio berean oinarrituta, lan-postuak murriztu dituzte, ordezkapenak atzeratu, lan-kargak gehitu, behar berezietako ikasleentzat baliabideak gutxitu, euskalduntze baliabideak ahuldu... Esan beharrik ere ez dago erabaki horiek guztiek hezkuntzaren kalitatean duten eragina eta eskola publikoa indartzeko bidean suposatzen duten atzerapausoa.

Berriki entzun dugu Isabel Zelaa sailburua komunikabideetan 1.000 irakasle-lanpostu berri sortuko dituela haizatzen. Errealitateak, ordea, bestelakoa dio.

Iazko datuekin erkatuta, Haur eta Lehen Hezkuntzan 3.464 ikasle gehiago daude (199 gela gehiago). Horrek esan nahi du aurreko ikasturteetako irakasle-gela proportzioa mantenduz 350 lanpostu gehitu beharko lituzkeela departamentuak. Hazkunde erreala, ordea, 80koa besterik ez da izan, hau da, berez hazi beharko lukeen baino 270 irakasle gutxiagokoa.

Bigarren Hezkuntzan egoera are larriagoa da: 2.121 ikasle gehiago ditugu; beraz, aurreko ikasturteetako proportzioak mantenduz 400tik gora irakasle gehiago beharko lirateke, baina Hezkuntza Sailak 262 irakasle kendu ditu! Propagandatik haratago, zenbakiok argi adierazten dute Eusko Jaurlaritza Irakaskuntza Publikoan egiten ari den murrizketaren tamaina.

Ordezkapenetan ere egoera larria da; lan hitzarmen berriaren ondorioz, irakasleon ordezkapen gehienak 5. edo 6. egunean ari dira betetzen, eta bitartean eskolan ikasleakklaserik gabe eta zaindu beharrean.

Atzerapauso onartezina dugu hori, eskolaren egunerokoa zaildu, zuzendaritza taldeen egitekoa korapilatu eta irakasleen, hezitzaileen eta hezkuntzako gainerako langileen lan zama handitu egiten duena. Ikasleak eta gurasoak ere zuzenean dira kaltetuak, dagokien irakasle gabe egunak eta egunak ematen dituztelako, ordu lektiboak galduz. Eraginkortasunaren eta hezkuntza-kalitatearen mesedetan, ordezkapenak behar bezala lehen egunetik bete behar dira.

Ondorioz, Jaurlaritza irakasle eta irakasle ez diren hezkuntzako langileei aplikatzen ari zaien murrizketak direla medio, lan prekarietatea areagotu egin da irakaskuntzan, bereziki ahulena den langile taldean, langile interinoen artean, alegia. Berauek dira lanpostu murrizketen, ordezkapen atzeratzearen eta gainerako murrizketen ondoriorik larrienak jasaten ari direnak, noiz eta langile premia eta hezkuntza beharrak inoiz baina handiagoak direnean.

Hezkuntza Saila errealitatea estali eta itxuraldatzen saiatzen bada ere, langileok ondo baino hobeto dakigu hartutako erabakiek eta ezarritako murrizketek eragin zuzena dutela hezkuntzaren kalitatean. Erabaki horien ondorioz eskola publikoa ateratzen da ahulago eta galtzaile, besteak beste, lekuan lekuko proiektuak, berrikuntza asmoak, didaktika hobekuntzak eta abar nekez eraman baitaitezke aurrera baldintza horietan.

Aurreko ikasturtetik egoera hau salatzen dihardugun sindikatuez gain, jakin badakigu beste eragile ugarik ere egoera honen aurrean kexak eta protestak gauzatzen ari direla, eta ekimen horiek babestu eta txalotzen ditugu, bizirik dagoen hezkuntza sistema baten erakusgarriak baitira.

2010 honetan, tamalez, irakaskuntza publikoan atzerapauso larriak gertatu dira, Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen murrizketen ildotik. Krisia nola kudeatu nahi duten argi utzi dute: krisiaren kostua langileon lepora zamatuz eta zerbitzu publikoak ahulduz. Harturiko neurri horiek guztiek gezurtatu egiten dute, agintean daudenek esaten duten moduan, hezkuntzak lehentasunezko trataera duenik. Guztiz bestela, Hezkuntza Sailaren erabakiek, CCOOk eta UGTk gutxiengoan sinatutako Lan Hitzarmenaz lagunduta, larriki ari dira irakaskuntza publikoa, bertako langileak, ikasleak eta gurasoak kaltetzen.

Horregatik guztiagatik, hezkuntzan gehiengo sindikala osatzen dugun STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuok eraso horiei aurre egin eta erantzutekobeharra ikusten dugu, eta horretarako deia egiten diegu hezkuntzako langile eta eragile ezberdinei. Zerbitzu publikoak indartuko dituen politika exijitzen dugu eta irakaskuntza publikoan horren alde borrokatzeko dinamikak jarriko ditugumartxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.