Koldo Mitxelenako Hiretu Hiria programako partaideen tutoreen izenean

Hiretu Hiriaren galan, ez bereziki harro herri

Aritz Galdos
2024ko martxoaren 21a
13:00
Entzun

Hiretu Hiria Gasteizko Udalak, besteak beste, ikastetxeei eskaintzen dien hezkuntza-programa da, gazteriaren parte-hartze aktiboa sustatu nahi duena.

Gure institutuak izena eman zuen Komunitateari Proiektua deritzon ikasgai berrian jorratzeko asmoz. Ekimenak hainbat helburu lantzeko aukerak ematen ditu, hala nola taldearen kohesioa, sormena eta ekintzailetza bultzatzea.

Hainbat hilabetetan, DBHko bigarren zikloko ikasgela bakoitzak hainbat proiektu diseinatu ditu tutore eta dinamizatzaile adituen laguntzaz, leihaketa baten parte hartzeko. Sari banaketarako gala bat antolatu zen martxoaren19an, Europa jauregian; eta bertan gazteentzako programazio aberatsa eskaini zen.

Tamalez, udalaren ekimena izanda, ez zitzaion euskararen erabilerari lehentasuna eman, eta gaiarekin oso kezkatuta gaude. Gaur egungo gizartearen aniztasuna kontuan hartzen badugu, Euskal Kulturaren transmisioa hezkuntzan bermatu nahi dugu. Gure institutuan ildo nagusietako bat da ikasleen euskararekiko atxikimendua sustatzea eta bermatzea. Irakasleok, behintzat, egunero saiatzen gara euskara maite dugula islatzen eta erabiltzen. Gainera, maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren lehenengo eranskinak ere ikasleen irteera profilean zehazten du «euskara erabilera eta euskal kulturarekiko jakin-mina garatzea». Beraz, ikastetxeko ekintza osagarriek bat egin beharko lukete adierazitakoarekin, baita ikasleen errealitearekin ere. Gauzak horrela, atsekabea eta haserrea eragin digu galan udalak eskaini zuen sari banaketak.

Zoritxarrez, Harro herri Korrikaren lelopean hiria zeharkatu genuen bezperan; kilometroetako bat udalak erosi zuen. Hizkuntzak hiztunekin ere aberasten direla badio aurtengo kantak. Kontrajarria iruditzen zaigu, aldiz, udaleko hezkuntza programa bateko galan alkateak hitzaurrea nagusiki gazteleraz egin izana. Hala ere, adierazi nahi dugu eguerdiko entseguan euskara izan zela nagusi, aurkezlea A ereduko ikastetxeko ikaslearengana zuzendu zen momentuan izan ezik. Jakin badakigu gala elebiduna izan behar dela, baina ikastetxe gehienak B edo D eredukoak direnez, euskararen erabileraren proportzioa bete beharko litzateke, hala xedatzen baitu Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legeak.

Egia esan, gazteek ongi pasatu zuten eta pozik geratu ziren, bai sari banaketarekin bai programazioarekin. Baina asteartekoa ez zaigu iruditzen harro herri egotekoa denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.