Hirigintza Urdiainen

Juana Otxoa-Errarte. Xanti Begiristain Madotz
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ditxosozko burbuila immobiliarioa aspaldian lehertu zitzaigun esku tartean, ondo ezagutzen ditugun ondorio larriekin. Baina badirudi berria ez zaiela iritsi gure udaletan dauden hainbat kargu politikori.

Irakurtzen ari gara egun hauetan horrela dela Beriainen edo Erriberrin. Zoritxarrez, horrela da Urdiainen ere. Gure herrian, etxebizitzen eraikuntza geldi dago ez dagoelako interesaturik etxe berri horietan. Lizentziak emanak daude babes publikoko etxeak egiteko, baina ez dago erosiko dituenik, eta bertan bera geratuko dira. Baina Udalak maiatzean Plan berri bat onartu du 319 etxebizitza berriren eraikuntza bultzatzeko. 131.500 metro koadro urbanizatu nahi dira, lau urtetan! Eta beste 42.000 metro koadro poligono bat egiteko (gure makro-poligonoaz gain!). Inork ez duenez horrelako zerbait finantzatuko, ideia bikaina izan dute Udalean: kooperazio sistema erabiliko da. Udalak erabakitzen du eta lurren jabeek ordaintzen dute. Eta ez badute ordaindu nahi, dutena enbargatu eta kito! (Ikus zer gertatu den adibidez Erriberrin).

Dena herriari ezer esan gabe, herritarren partaidetza eskatu gabe eta, azalpenak eskatu nahi izan direnean, eskatu dituztenak deskalifikatuz. Alegazioak aurkeztu genituen ekainean (244 sinadurekin) eta ez dugu oraindik erantzunik. Entzun dugun bakarra da gezurrak besterik ez ditugula bota, planak esaten duena errepikatu besterik ez badugu egin ere. Edo gauza bat dela legeetan esaten dena eta beste bat egiten dena.

Planak gure herriaren konfigurazioa erabat aldatzen du. Hiri handi baten auzoaren eredua hartu eta gainean jartzen digu. Eta tartean errekak badaude, ba mugitzen ditugu dauden tokitik. Eta futbol zelaibat badago ba desagerrarazten dugu. Eta baratzeak, ez baitute baliorik, aparkamendu plaza bihurtzen ditugu.

Plan txarra da Urdiainentzako. Baina hori ez da okerrena. Okerrena da alkateak esan digula ez duela ezertan kontuan izan behar herriak pentsatzen duena. Bera dela interes sozialaren ordezkari bakarra, hautatua izan baitzen orain dela hiru urte pasa... eta hautatua izan denak du erabakitzeko ahalmena.Prest dago eraikuntza enpresekin hitz egiteko baita lursail handien bizpahiru jaberekin ere... beste guztiokin ez.

Zer sistema politiko da hau? Demokrazia ez. Garai zailak bizi ditugu, eta luzaro joango direla dirudi. Ikasi beharko dugu geurea dena defendatzen, geure etorkizuna geuk erabakitzen.

Urdiainen gertatuko dena, plan honek aurrera egiten badu, baliabide ekonomikoen transferentzia hutsa izango da: gutxi dutenek (herritarrak) galduko dute duten hori eta asko dutenek (enpresa eraikitzaileak, urbanizazioa egingo duenak) irabazi. Baina Urdiaindarrok irakurtzen badakigu, baita idazten ere, eta gure eskubideak babesten ikasten ari gara. Urdiainen etorkizuna herriak erabakiko du, ez alkate batek, edozein delarik ere.

Juana Otxoa-Errarte. Urdiain.

Txus Perez Elkano,beti gure bihotzetan

Kaixo, Txus: hain bat-batean joan zara, non ez baitugu aukerarik izan agur triste bakar bat ere esateko; zure azken agur-ekitaldira ere ezinen naiz joan, ongi dakizun bezala, orain dela gutxi istripu txiki bat izan nuelako. Hala eta guztiz ere, badakit zure lagun on eta fidelek egin behar dizutela omenaldi txiki eta txukun bat, guztiz ongi merezia. Nik, hemendik, bukaerarik gabeko musu gozo bat bidaltzen dizut, gusturago izan zaitezen hegan zure liburu, disko, koadro, sanferminetako irudi, eta abarrekin.

Txantreako txistulariekin ezagutu zintudan gaztetan. Geroago, bat-batean, eritasun maltzur batek kondenatu eta behartu zintuen esku-makila batekin ibiltzera beti, baina, hala eta guztiz ere, gaixotasun zital horrek behin ere ez zuen lortu zure ezpainetatik irribarrea desagertzerik, eta ezta gizartea hobetzeko lan egiteko gogoa joaterik ere.

Plazera izan da zurekin lan egitea Iruñea ontzeko, azken uztailaren 6an zure ondoan bazkaltzea Arrotxapean, zure etxe, pertsona eta gauza kutunak ezagutzea, eta bizitzaren zati handi bat zurekin partekatu izana.

Orain dela astebete eskas deitu zenidan telefonoz, galdetzeko ea zer moduz ari zen osatzen nire femurra, eta, elkarrizketa haren bukaeran esan genuen bezalaxe: «Sarri elkartuko gara. Laster arte!».

Bitartean, hartu nire amaierarik gabeko musu eta besarkada beroak, entretenituago egoteko. Beti arte, Txus!

Xanti Begiristain Madotz. Iruñea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.