HITZORDUA . Kimika eta Ingurumena

SONIA ARRASATE ETA ENERITZ ANAKABE
2004ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Badirudi kimikak zikindu edo poluitu egiten duela. Sentsazio garratz hau ezin dugu gure burutik kendu, are gehiago, dioxinak eta furanoak, erraustegiak, zementerak, berotegi-efektua, karbono dioxidoa, ozono-zuloa eta antzeko adierazpenak, ohiko bihurtu direnean gure eguneroko bizitzan. Eta sarritan kimika berak garbitzen duela ahazten dugu, edo akaso garbiketa funtzio hori ez dugu maiz kimikariok aldarrikatu. Eta honen inguruan adibide batzuk jarriko ditugu.Urtero 200 milioi tona plastiko sintetiko ekoizten dira, eta biodegradagarriak ez direnez, metatu egin behar dira. Plastikoen uzta hori metro bateko luzera duen kubo batean bilduko bagenu eta bat bestearen ondoan ipini, Lur planetari buelta bi eta erdi eman ahal izango genioke urtero. Plastikoen ekoizpenak duen hazkundea esponentziala da, eta 12 urte barru bikoiztuko dela aurreikus daiteke, lehenago ez bada. Non meta daiteke plastiko hori guztia? Plastikoak birziklatu ahal dira, baina errentagarriagoa omen da plastikoa erretzea, ikatza edo egurra izango balitz bezala. Nork nahi du errauskailuen tximinia bere ondoan? Baina... nork bizi nahi du gure egungo gizartean plastikorik gabe?

Smog fotokimikoa oso ezaguna izan da, eta da, hiri handietan; hiri gainean ikusten den hodei gorrixka marroia da adierazlerik nabarmena. Arazo hau kimikariok hiri handietan garraioak ihes-hoditik botatzen duen gasei errua bota diegu eta horiek ekiditeko autoei iragazki katalitiko berriak jarri dizkiegu. Ozono zuloarekin eta CO2 kontzentrazioarekin arduratuta gaude baina... auto bakoitzean pertsona bat, eta nork gurago du bere autoa aparkatuta utzi eta garraio publikoa erabili? Gaur egun petrolioarekiko dugun menpekotasuna ukaezina da, are gehiago oraindik Irakeko gerra gogoan dugularik. Munduan gero eta energia gehiago kontsumitzen ari gara, hazkundea esponentziala da, Kyotoko protokoloak aurresan zuen baino okerragoa gainera. Horren ondorioz, berotegi-efektua gero eta nabarmenagoa izango da eta zein etorkizuna datorkigun adierazteko egon badaude Intergovernmental Panel of Climate Change moduko txosten ofizialak. Beraz, jendeak kimikarioi energia berriztagarriak, garbiak, zikintzen ez dutenak eta gaur biharko, of course, asmatzea eskatzen digu. Eta egon badaude, baina ezin ditugu petrolioa gastatzen dugun erritmo horrekin sortu, gauza bera errepikatuko genukeelako. Zenbat haize-errota jarri behar izango genuke petrolioak ematen digun energia guztia ordezkatzeko? Edo zenbat presa eraiki beharko genuke, edo zenbat panel fotovoltaiko ipini edo... Azken finean, gakoa energiaren kontsumo erraldoia delako, ez kimika. Araztegietan egiten den hondakin-uren tratamendua aipatu nahi dugu, hain zuzen ere ur zikinak garbitzen ditugulako erreketan dauden arrainak oxigeno gabe gera ez daitezen, eta halaber hondakin-ur horiei kendutako materia organikoarekin metanoa eskuratzen dugu, elektrizitatea ekoizteko. Hondakinetatik probetxuzko gauzak ateratzen ikasten ari gara.Ingurumenari begiratzen diogunean aldaketak ikusten ditugu, industria zaharrak berritzen edo desagertzen ari dira eta paisaia, berdea zena, zementuz estali behar dela ematen du arinago edo azkarrago joan ahal izateko. Mendietan haize-errotak ikusten ditugu eta urrutixeago beste zentral termiko berri bat, ziklo konbinatu eta guzti.Baikor izan nahi dugu, ez ezezkor. Udako Euskal Unibertsitateko Kimika Sailak osatzen dugunok Kimikak ingurugiroan duen eraginaz hitz egin nahi genuke datorren udako ekitaldian, gai honetaz kezkatuta dauden kimikarien zein zientzialarien zein ikasleen zein herritarren hitzak nahi eta behar ditugu, denon artean eztabaidatu, helduen heziketa elkarrizketaren bidez plazaratzeko. Aste bateko programa osatzea gustatuko litzaiguke, bertan adierazten dena ikasteko, gure artean ere fobia batzuk kentzeko eta kritikatzeko orduan kritika arrazoitua egiteko.Gurekin harremanetan jarri nahi denak mesedez jo Udako Euskal Unibertsitatera eta kimika sailarekin harremanetan jarriko zara.

Artikulu hau UEUko Kimika sailkide hauek ere izenpetu dute: Alaitz Atutxak eta Fernando Mijangosek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.