Idoloak

Jaione Agirregabiria Basaguren
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Irrati-iratzargailua piztu da; alaba ohean bueltaka ari da lehendik ere, titi batetik bestera jauzika; nagiak kentzen ari naizela zortzietako albistegia hasi da. Azaroaren 25a da, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, eta Diego Armando Maradona futbolaria hil egin da. Akabo! Borroka feministarentzat hain seinalatua den egun honetan gizon matxista batek bereganatuko du arreta osoa.

Eguna aurrera joan ahala, nire goizeko susmoa baieztatu da: ikusi eta entzun ditudan albistegi guztietan tarte zabala eskaini zaio kirolariari. Sare sozialetan ere hizpide izan da gaia, bai azaroaren 25ean eta baita ondorengo egunetan ere. Eta, nola ez, feministen artean ere piztu da eztabaida. Izan ere, Maradona argi-ilunezjositako pertsonaia izan da; futbolari gisa izarra, baina, era berean, gizon matxista eta tratu txar emailea, besteak beste.

Zalantzarik ez da futbolerako zuen gaitasunaz; fisikoki txikia zen, eta, urteak aurrera joan ahala kilo batzuk hartu zituen arren, gaitasun paregabez maneiatzen zuen oraindik baloia. Bestalde, sarri aipatzen da berak zuen klase-kontzientzia: jatorri xumea zuen, sekula ahaztu ez zuena; Hego Ameriketako zenbait iraultza babestu zituen, hala nola Kubakoa, Venezuela bolibartarrekoa, Boliviakoa eta Kolonbiakoa; eta Europara etorritakoan ere, Napolin jokatzea erabaki zuen, eta bazterkeria jasaten zuen Italia hegoaldeko taldea handi bihurtu zuen iparraldeko Milan, Inter edota Juventus talde boteretsuen aurrean. Hala, herri xumeak bere ordezkaritzat zuen Diego, futbolzale orok izan du idolotzat eta zenbaitek baita jainkotzat ere.

Txanponaren beste aldean, drogekin izandako arazoak aipatzen dira sarri. Alabaina, niri garrantzitsuagoa iruditzen zait justiziarekin geratu zaion zorra. Italian, adibidez, zerga iruzurragatik epaitua eta zigortua izan zen, baina epaia ez zen exekutatu. Horrez gain, bazituen A-25arekin zuzenago erlazionatutako delituak ere, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutakoak, hain zuzen ere: bere bikotekide izandakoen zenbait salaketa izan zituen indarkeria fisikoagatik (Rocío Oliva) nahiz psikologikoagatik (Claudia Villafañe); gainera, bikotekideetako bat jotzen ageri zen bideo bat ere zabaldu zen. Emakumezko kazetariekin ere gorabeherak izan zituen: Ekaterina Nadolskaia kazetari errusiarrak, Maradona elkarrizketatzen ari zela, azken hau bera molestatzen hasi zela salatu zuen. Hori guztia gutxi balitz bezala, adin-txikikoekin sexu-harremanak izatea egotzi izan zaio, eta bikote-harremanetatik kanpo izandako hainbat seme-alabaren ardura ez zuen bere gain hartu.

Ez da harritzekoa, beraz, bere heriotza gertatu den egunean gertatuta, han eta hemen izandakoerreakzio andana. Izaro abeslariak, adibidez, biharamunean urteko abesti onenaren Gaztea Saria jaso izana aprobetxatu zuen gaiaren inguruko bere iritzia emateko. Bere esanetan, «argi ikusi zen jendeak zer iritzi daukan, eta jai daukagula futbolari famatu batek bortxatzen edo jotzen bagaitu». Handik egun gutxitara, Pontevedra futbol taldeko Paula Dapena jokalariak partida aurretik Maradonari eskainitako minutu bateko isilunean planto egin zuen, harmailari bizkarra emanez, lurrean eserita. Bere esanetan, biktimengatik ez zen minutuko isilunea egin, eta, beraz, bera ez zegoen bortxatzaile, pedofilo, putazale eta tratu txarren emaile batengatik minutuko isilunea egitearen alde. Gerora, babes mezuak zein mehatxuak jaso ditu jokalariak.

Niri galderak modu naturalean ateratzen zaizkit: Nola liteke iruzur fiskalagatik zigortutako pertsona bat langile klasearen sinbolo izatea? Berak ordaindu ez zituen zerga horiek herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko izan behar ziren. Norbera baino hondoratuago dagoena zapaltzen duena nolatan bihur liteke zapalduen erreferente? Emakumeok ere langile klase horren parte gara, herri xumearen parte gara, eta indarkeriaz eta nagusitasunez tratatzen gaituen norbait ezin da gure ordezkari izan.

Izarok bere hitzartzean esan bezala, zaila da gaizki egin duena seinalatzea pertsona hori maite edo miresten dugun norbait denean, baina hori ere deseraikitze prozesuaren parte da, gure kontraesanak auzitan jartzea, alegia. Irantzu Varelak dioen bezala, jendarteak aukeratzen dituen idoloen bidez deskribatzen du bere burua. Nolako jendartea eraiki nahi dugu guk?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.