Ikastola mugimendua

Patxi Juaristi Soziologoa
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ronald Inglehart-ek El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas liburuan (1991) dioenez, mendebaldeko gizarte aberatsek balore materialistetatik balore postmaterialistetarako jauzia egin dute; ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari garrantzia ematetik, bizi-kalitatea azpimarratzera pasatu dira. Ideologia postmaterialistaren adierazle argienak izango lirateke gizarte gizatiarragoetan eta baketsuagoetan bizitzeko gogoa, herrietan, lantegietan eta, oro har, politikaren arlo eta maila guztietan gizakien parte-hartzea handitzeko nahia, garapen iraunkorra lortzea edota herrialde txiroen garapena ahalbidetzea. Postmaterialismoak aldarrikatzen duena da ekonomia, enpresak edo dirua gizatiarragoak bihurtu behar direla; alegia, dirua mutilik hoberena da, eta nagusirik txarrena.

Inglehart-ek postmaterialismoari buruz eman zuen definizioan oinarrituta, pentsa daitekeena da Hego Euskal Herriko euskaldunok 60. hamarkadan hasi ginela ideologia postmaterialista geureganatzen. Egoera ekonomikoa hobetu egin zen, erregimen frankista apur bat bigundu egin zen, eta Hego Euskal Herriko biztanleen balio hierarkia aldatzen hasi zen. Ondorioz, amets sofistikatuagoak izaten hasi ziren 60. hamarkadaren bukaerako eta 70. hamarkadaren hasierako euskaldunak: gai politiko berriek (ekologiak, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunak, kontsumitzaileen eskubideak, demokrazia hobeetan bizitzeko nahia, gutxiengoen eskubideak, garapen kulturala...) garrantzia hartzeaz gain, era askotako gizarte mugimenduak agertu ziren (gau eskolen mugimendua, mugimendu politikoak, nuklearren aurkakoa...). Sasoi nahasia izan zen Euskal Herriarentzat (Meliton Manzanasen hilketa (1968), ETAren VI. Biltzarra (1970), Burgosko Epaiketa (1970)...), baina baita garai sortzailea ere. Euskal Hiria jaiotzen ari zen, eta, horrekin batera, baita euskal hiritar berriak ere, hiritar ustez postmaterialistak.

Nire ustez, balore materialistetatik postmaterialistetara egin genuen jauzi honen adierazlerik argiena ikastolen sorreran ikus daiteke. Izan ere, ikastolak izan ziren, Francoren diktadurak sortzen zuen egoera zail hartan, beste mundu eta Euskal Herri bat posible zela esan zuten lehenengoetarikoak. Euskaltzaindiko Jagon Sailak argitaratu duen Ikastola Mugimendua Dabilen Herria liburuaren arabera (Euskaltzaindia, 2010:36): «Gaur egun ikastola gisa ulertzen eta ezagutzen dugun fenomenoa 60ko hamarkadaren hasieran abiatu zen, gizarte-ekimenez, titularrak haurren gurasoak zirelarik eta irakasleek eta hainbat herritarrek lagunduta. Hor hasi zen ikastola giro urbanoan, kalean, herritarren gizarte-eskola bezala.

»Ikastolak sortzeko orduan, guraso eta herritar haiek bi arrazoi nagusi izan zituzten. Lehena, eta indarrik handienetakoa, euskara: euskarak bizi zuen jazarpenari eta galbideari erantzunez, haurrei euskara eta euskaraz irakasteko sortu ziren ikastolak.

»...Baina, bazen beste arrazoi bat ere: gurasoek ikastolak sortu zituzten haien seme-alabei beste heziketa bat emateko, eskola desberdina eraikitzeko. Berrikuntza zen helburua, orduko gizarte-ekintza askotan bezalaxe, eta guraso eta herritar sortzaile haiek garaiko estatuaren eskola publikoei eta ikastetxe erlijiosoei alternatiba nahi zuten. Ezberdina eta modernoa».

Ikastolek Euskal Herrira mentalitate postmaterialista ekarri zutela erakusten duen beste adibide bat ere bada, elkarlanean, partaidetza sozialean (ikastolak eskolaren demokratizazioa ekarri zuen Euskal Herrira, eskola ulertzeko kontzepzio berri bat), sexu bereizketarik gabeko egitasmoan, pedagogia berritzailean, euskal nortasuna berreskuratzeko Curriculum propioan... oinarritu zutela euren proposamen pedagogikoa; hau da, ikastolen bultzatzaileek (guraso, irakasle eta laguntzaileek) hezkuntza eredu berri bat sortu zuten: «...hezkuntza ez zen jada lau pareten artean gelditu beharreko jarduera, baizik eta haurraren ekintza orotan zegoen heziketa; memoriaz ikasteko prozesuaren ordez, haurraren jakin-mina piztu beharra zegoen; eta irakasle protagonista eta ikaslea objektu hutsa izatetik, haurra bihurtu zen hezkuntza prozesuaren subjektu eta ardatz» (Euskaltzaindia, 2010:48).

Francoren diktaduraren ondorioz, aukera gutxi zegoen aldarrikapen postmaterialistarik egiteko; hala ere, ikastolen proiektua gai izan zen jendea elkartzeko, eta gure hizkuntzak, hezkuntzak eta kulturak zituzten arazoei eta beharrizanei irtenbide aurrerakoi bat emateko; ikastolak gai izan ziren eredu zaharrak alboratu, eta euskal kosmogonian sustraitutako hezkuntza eredu postmaterialista bat sortzeko. Beharrak bakartu, beharrak elkartu.

Euskal Herriak dabilen herria izan nahi badu, ikastolak bezalako ekimen gehiago behar ditu; gure sustraietan oinarrituz, ideologia postmaterialista (elkarlana, berrikuntza, parte-hartzea, sexu bereizketarik gabea...) indartuko duten ekimenak. Eihera batean ezin eho dezanak, bertze batera laster, baldin harri bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.