Gaur, urriaren 27an, Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna ospatzen du Hezkuntza Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Unescok. Munduko ikus-entzunezko ondarearen kontserbazioaren garrantziaz ohartarazteko ahalegina eta kultura-ondasun horiek -filmak, telebistako edo irratiko dokumentuak, audio grabazioak, edo bideoak...- dituzten ezaugarri zoragarriak herritarrei hurbiltzea da egun honen helburua. XX. mendetik aurrera, gizakiaren garapen ekonomiko, politiko eta sozialaren lekukotza garrantzitsuak eskaini dituzten tresna berriak izan ditu gizateriak. Ikus-entzunezko tresna horien garrantzia ukaezina da, horien kontserbazioak iritzi eta adierazpen askatasuna, informazio eskubidea eta kultura ezberdinen arteko elkar-ezagutza bermatzen du; honen ondorioz eta azken helburu gisa, nazioarteko kooperazioa eta bakea bermatu ditzake. Material horiek askotan gutxietsiak, utziak eta nahita suntsituak izan direlako da garrantzitsua alarma oihu hau botatzea.
Euskadiko Filmategia Estatu espainiarreko lehen filmategi autonomikoa izan zen 1978an sortu zenean. Ordudanik, euskal ondare zinematografikoaren ikerketa, berreskuratze, artxibo, kontserbazio, zaharberritze eta proiekzio lanak egin ditu. Gure herriko industria zinematografikoa inoiz ez da ekonomikoki indartsua izan, eta ez du inoiz nazioarteko zabalkunde garrantzitsurik izan, eta horrek guztiak ez dio batere mesederik egin filmen kontserbazio politikari. Film batzuk, zinemaren aro mutukoak batez ere, betirako galdu dira, eta beste batzuk oraindik desagertuta daude. Hala ere, gordetzen ditugunak gure artearen onenaren artean daude, eta legatu paregabea dira. Eta, noski, gure herriaren historia dira. Marc Ferrok esan zuen bezala, nahiz eta historikoak ez izan, filmak historia dira; zinemak azaltzen dituen sineskerak, sentimenduak eta asmoak historia direlako. Gainera, obra estetikoak direnez, obra historikoak baino gehiago iraun lezakete historian; adibidez, Montxo Armendarizen Nafarroako ikazkinak (1981) eta Tasio (1984) filmeek gure herrian dagoeneko ia desagertuta dauden bizitza mota bat erakusten digute eta erakutsiko diete etorkizuneko belaunaldiei.
Euskal Herrian arlo honetan azaltzen zaizkigun etorkizuneko erronkak asko dira, eta garrantzitsuak gainera. Digitalizazio prozesuak nahitaezkoak dira material horien iraunkortasunak beste alde beldurgarri bat duelako: zinema eta ikus-entzunezko materialak jasota dauden formatuen ahultasuna. Denboraren iragana, dokumentu horietako askorentzat -batzuk, bakarrak munduan- etsai indartsuena da, inolako istripurik izan gabe material horiek degradatu egiten direlako. Gure telebista publikoetako kasua izan daiteke azken hori; emisioko milaka eta milaka zinta eta pelikula gordetzen dituzte iraungitze data duten formatuetan. Eta, noski, formatu kimikoetan dauden eta gure kultura eta historiaren adibide ederrak diren filmekin ere gauza bera gertatzen da. Ikus-entzunezkoen presentzia nahitaezkoa den mundu honetan, dokumentu horien digitalizazioak ez ditu soilik desagertzeaz salbatzen, ikerlariek eta herritarrek ikus eta iker ditzaten errazten du. 1936ko gerra hasi zen urte berean, Cinematheque Française-ren sortzaileetako bat izan zen Henri Langlois-ek gordetako filmeak erakutsi egin behar ziren ideia bultzatzen zuen, eta jasotakoa ez ezkutatzearen aldeko deia egiten zuen: hobitik ateratzearen teoria defendatzen zuen, hobiratzearen teoriaren aurrean. Kontserbatu nahi da, lehenbailehen gizarteari gure altxorrak itzuli ahal izateko. Horrek guztiak dirua balio du. Kultura garesti dela jakina da, eta krisi garaietan pertzepzio hori handitu egiten dela dirudi; baina azken finean, garestiagoa da ezjakintasuna.
Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu