Indarraren ahalmena sortuz

2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Duela egun gutxi EHBilduk lortutako emaitzari begira— eta hasierako poza baretzen doan neurrian—geroari begiratuz hainbat burutazio eta zalantza sortzen zaizkit. Urteari esker bildutako eskarmentuak dioen bezala, egia da gauzak ez direla egun batetik bestera mamitzen, eta denbora beharrezkoa izanik, erne baina lasai jardutea dela zuzena, baina zalantzek bertan jarraitzen dute, baita antzeko aholku eta buruhauste gehiagok.

Zalantza ugari bai, ez baitakit Gasteizko parlamentuan taldeen arteko lankidetza zer-nolako koloreaz azalduko zaigun, ezta ere lehengo sakeak luze eta gogorrak edo bihurri bezain laburrak izango diren. Baina uste dut gu izango garela sakeari erantzun beharrean, eta beharbada ez hasieran bakarrik, luze iraungo duen legealdian baizik.

Hori horrela gertatzen bada—nik horrela uste dut—lanak izango ditugu jasotako indarra herriaren beharrak aseko dituen iturri bihurtzen. Ez da erraza izango.

Ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den gertatzen ari dena, zaila da herri honen oihu eta garrasi luze bezain sakona isiltzea. Eta horretan ez du batere laguntzen, bai historikoki, soziologikoki edo kulturalki, herri desintegratu baten antza handia izateak. Eta ez administrazio mailan soilik.

Horrela entzutea gogor samarra dirudi, baina Euskal Herrian hainbat froga ditugu aurrez aurre. Bide horretan, badakit ez dela askoren gustukoa eta Vascongadas terminoa entzuten dutenean belarriak «zorrozten» dituztela, baina gauzak horrela dira eta historikoki hala ulertu izan da. Ni termino hori erabiltzearen aldekoa naiz, ezadostasunaren ispilu bezala ikusten dut, benetako helburua zein dugun kontzientzia aldarrikatzeko balio duena.

Dena dela, desintegrazio honen gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala gertatzen zaiguna da geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Alegia, gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori aldatu beharra dago.

Gaur egun, PSOE, PP eta bere ingurukoek bultzatzen duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera, integrazioa espainiarra bultzatzen dute, eta oker ez banago, hauteskundeen emaitzak diotenez, euskaldun gehienek ez daude ados, beste zerbait nahi dute.

Mezulariak ezagutzen ditugu, mezua ere bai; elkarbizitza aldarrikatzen den helburu ukaezina, bale, ados. Baita erabakitzeko ahalmen osoa ere, bale, baina zer erabakitzeko, espainiar «nacionalistak» nahi dutena, hala abertzale euskaldunak nahi duguna?

Espainiarrak izatea derrigortuz, inposatuz? Hori da elkarbizitza?

Horregatik, denbora asko daramagu normalizazio politikoa eta bakea lortu nahian, denon artean egitasmo bat egitea. Baina denok ez dugu normalizazio politikoa eta bakea berdin ikusten. Horregatik hainbeste denbora ezinik.

Dena dela, ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia eta sentiberatasuna baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakon nahasi duena.

Egia da orain arte emandako urratsak emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago, egia baita, garai batean uste genuen baino latzagoa izaten ari zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen da, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia independentziaren antidoto gisa erabili duelako botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin da gero.

Bide beretik dator gaur PSOEk —aginteko ardurak galdu eta porrot bat bestearen ondotik jaso dituenean noski— bultzatu nahi «omen» duen federalismoa. Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino tranpa hilkorra suerta litekeena, herri honetako askatasun aukerari begira.

Beraz, ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada behintzat. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, nekez ekarriko du inork normalizazioa eta bakea herri honetara. Eta beldur naiz politiko euskaldun batzuk —gaur indar gehien dutenak— bide horretatik doazela.

Eta ukaezina da, badituzte bere arrazoiak eta ez nolanahikoak. Orain arteko bidea jorratuz lortuko dute agintea berreskuratzea. Beraz, zerk egin dezake EAJren traineruak sekula egin ez duen ababorreko desbideratze erabakia?

Horrela ez bada, herriak eskertuko gaitu denoi, eskuindar eta ezkertiar abertzale guztioi. Hori horrela izatea lortuko bagenu, eta bide propio bat, guk, euskal abertzaleok egitekotan, garbi eta zintzo eztabaidatu beharrean gaude. Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik antzekotzat hartu, ez baita gauza bera «nahi eta ahal». Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal dugu gure herri txiki hau—aspaldian merezi duen bezala— libre izateko bidean. Bestela, noren zain gaude, zertarako hainbeste urteetako sufrimendu latza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.