(In)Justizia koartada gisa

Xabier Makazaga.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Berria-ri eskainitako elkarrizketa batean, Patxi Lopez lehendakariak oso argi utzi zuen ez ziela inongo sinesgarritasunik ematen ez emango tortura salaketei, Justiziaren epai irmorik ez zen bitartean. Eta kazetariak aipatu zionean NBEko adituek egindako txostenek bestelakorik ziotela, sinesgarritasuna ematen baitzieten, lehendakariak azpimarratu zuen berak ezetz.

Zoritxarrez, hori dela dirudi PSE eta egungo Eusko Jaurlaritzaren jarrera ofiziala. Izan ere, berriki Hezkuntza Sailburu den Isabel Zelaak epai irmoen beharra azpimarratu baitu polizien biktimak euskal eskoletara eramango badituzte. Eta gehitu du bere Sailak «oso zorrotza» izateko asmoa duela biktima horiek aukeratzeko orduan.

Ezin zorrotzagoa, epai irmo horien eskakizunak kanpoan uzten baitu Estatuaren biktimen gehiengo oso zabala, zeinak inoiz ez duen jaso ez onarpen ofizialik ez erreparaziorik. Francoren diktadura garaian ez ezik, delako trantsizioan eta azken 25 urteetan ere, biktima horien ukazioak etenik ez baitu izan.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landaren txostenaren arabera, gutxienez 75 izan dira poliziek edo polizien laguntzarekin hildakoak, manifestazio, kontrol eta bestelako gertaeretan, ia batere epai irmorik izan ez delarik. Eta polizia egoitzetan arrazoi politikoengatik gertaturiko torturei dagokionez, 10.000 kasu azken 50 urteetan, beste horrenbeste gertatu da.

Epai irmoen beharra baldintza gisa jarri zuen Hezkuntza Batzordeko saio berean, Isabel Zelaak behin baino gehiagotan aipatu zuen Deustu Unibertsitatean etika ikasgelako irakasle den Xabier Etxeberria, zeina PSEkoentzat erreferentzia ukaezina den biktimen gaiari dagokionez. Eta biziki goraipatu zuen bere lana torturari buruz, ikuspegi etikoa eta proposamen pedagogikoa.

Lan horretan, ordea, Etxeberriak dio tortura ez dela desagertu, «ezkutukoa egin da. Eta horrek txarrerako hainbat gauza ekarri ditu». Hala nola, torturatzaileari, «markarik ez uzteko adina argia baldin bada, sistemak ondo babestua baldin badago, inork ez dio konturik eskatuko, torturatuak ez du izango nori erreklamatu. Ezkutukoa izate horrek, batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du eta, bestetik, izan daitekeen babes falta handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».

Horren aurrean, tortura desagerrarazteko borrokari eusteko garrantzia azpimarratzen du, gomendatuz «ageriko egin dadin saiatzeko, jendeak jakin dezan, lau haizetara tinko zabalduz, ez soilik torturatzaileen inpunitatea amai dadin, baizik eta egiazko birsorkuntza demokratikoa eman eta bereziki biktimek dagokien justizia eta erreparazioa jaso dezaten».

Helburu hori lortzeko, Xabier Etxeberriak irizpide hau proposatzen du: «Onar dadila gertatzen den tortura gutxienez epaileen erabakiek eta nazioartean zuzen eta inpartzialtasunez jokatzen duten hainbat erakundek diotena dela» (Amnistia Internazional, Europar Kontseiluko CPT, NBEko CAT eta Torturaren gaietarako Kontalaria aipatzen ditu besteak beste), eta baita «gutxienez antzeko inpartzialtasun frogatua duten bertako erakundeek diotena».

Jarraitzen al dituzte PSEko agintariek gomendio eta irizpide hori? Orain arte, eta proposatzailea hainbeste goraipatzen badute ere, nabarmena da ezetz, tortura ageriko egiten saiatu beharrean ahaleginak eta bi egiten baitituzte ezkutatzeko. Eta nazioarteko zein bertako aipatu erakundeek esan eta gomendatzen dutena onartu beharrean, torturaren milaka biktima inongo babesik gabe uzten dituzte (in)Justiziaren aitzakiapean.

Eta aurrerantzean? Bada esperantzari leiho bat ireki berri dion gertakari bat, PSEk legez besteko proposamen bat babestea erabaki baitu, Eusko Jaurlaritzari eskatuz «esparru instituzional eta administratibo bat berehala sortu dadila» orain arte onartu ez diren biktimez arduratuko dena, eta «biktima horien errekonozimendua ahalbidetuko duten neurriak eta jarduerak martxan jar daitezela».

Oso beldur naiz, ordea, torturaren errealitate gordina ezkutatzen jarraituko dutela, eta torturatuei frogak exijitzen, nahiz eta nazioarteko aipatu erakundeek aho batez azpimarratzen duten froga horien gabeziak ez duela inolaz ere esan nahi salaketak gezurrezkoak direnik; are gehiago, inkomunikazio kasuetan.

Gure esku dago, eta bereziki azken 50 urteetan tortura jasan duten milaka horien esku, PSEkoak aldatzera behartu eta egin berri dutenaren antzeko urrats berriak egin ditzaten lortzea, azken batean eta lehenbailehen torturaren biktima guztiek hain beharrezkoa duten onarpena eta erreparazioa jaso dezaten. Guzti-guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.