Inork ez dezala esperantza zapuztu

Amaia Esnal Adierazi EH-ko kidea
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Adierazi EH-ri buruz, bere dinamikaz kanpo nahi eran hitz egitea baztertu dugu orain arte bertan bildu garen eragile eta banakook. Jokabide hau funtsezkoa izan da pentsaera eta kultura politiko desberdinetatik gatozenon artean konfiantza eta errespetuzko giro bat sortu eta egonkortzeko. Salbuespen hau izan bedi egiaren mesederako. Izan bedi Adierazi EH-k, urriaren 2ko manifestazioaren deitzaileek eta bertan parte hartu zuten 45.000 herritarrek emandako pauso garrantzitsua gutxiesteko eta bere eragina indargabetzeko pozoiaren aurkako injekzio txiki bat. Zorionak eta eskerrik asko manifestaziora deitu zuten pertsonei, erakutsitako ardura eta konpromisoagatik. Zorionak, Adierazi EH. Zorionak, Euskal Herria.

Itxura denez, alderdi politiko batzuetako bozeramaileek bat egin dute konponbide sendo eta bake iraunkor baterako eraiki den adostasun zabala eta babes sozial garrantzitsua ezkutatzeko saioan. Jakinaren gainean egonda ere, Adierazi EH-ri hitza eman izanak kritika gogorrak jaso ditu. Adostasun sendoa eta gehiengo esanguratsu baten babesa jaso duten aldarrikapenak desitxuratu dira eta aldebakartasuna egotzi zaie. Adierazi EH-ren erabakiez haren batzar eta ekimenetan sekula parte hartu ez duten pertsonak (horretarako aukera izanik ere) aritu dira hizketan.

Adierazi EH-k argitara eman dituen eduki eta aldarrikapenak bere batzarretan adosturikoak izan dira. Batzar hauen osaera plurala Adierazi EH-k emaniko hainbat eta hainbat agerraldik ezin hobeto islatzen dute. Adostasun horren emaitza nagusia Adierazi EH-ren aldarrikapen taula da:

-Eskubide guztiak, pertsona guztientzat Euskal Herri osoan indarrean jarriko dituen egoera berria: salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz. Eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz.

-Eskubide zibil eta politikoak; giza eskubideak, eskubide indibidual eta kolektiboak: Bizitza eta askatasuna. Euskal presoak, euskal herrira: Kondena bete dutenak, kalera. Gaixorik daudenak, kalera. Inkomunikazio eta tortura gelditu. Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak. Alderdi eta erakundeen legalizazioa. Ondorioz, auzi eta sententzia guztien indargabetzea.

Urriaren 2an Adierazi EH-k esan zuena aldarrikapen taula honetan mamitzen da. Taula hau izan da irailaren 11ko manifestazioa bultzatzeko lanabes nagusia. Adierazi EH-n parte hartzen dugunon arteko adostasunaz gain, sindikatu, eragile, alderdi eta pertsona askoren babesa jaso du, gainera. Bertan gehiengo zabal baten nahia islatzen duen egoera berri bat aldarrikatzen dela ere nekez uka daiteke.

Alabaina, Euskal Herrian demokrazia osoko egoera batetik urrun aurkitzen gara. Egoera berri bat sortu ahal izateko, lan handia egin behar dela nabarmena da. Pertsona eta kolektibo orok, inolako bazterketarik gabe, bere eskubideen jabetza osoa izan dezan, adostasun eta konpromiso sendoak erdietsi beharko dira aurrerantzean ere. Mobilizazio eta parte-hartze soziala sustatzeko baliabideak eraiki beharko dira, are eta irmotasun gehiagoz, oraindik ere indarrean jarraitzen duten debeku eta trabak aintzat hartzen baditugu.

Zenbaitzuk, ordea, eztabaida beste eremu batzuetara eramateko eginahaletan murgildu dira. Eskubide osoko egoera bat sustatzeko beharrezkoak diren proposamen, eztabaida, adostasun, konpromiso eta ekimenak elkarrekin lantzeko girotik urrunduz. Eztabaida positibo eta eraikitzaileetatik aldendu, eta alderdikeriazko lehia usaina duen eztabaidetan murgilduz herri hau.

Demokrazia beteko egoera egiazko egiteko deia izan zen urriaren 2koa. Itzulbiderik gabeko bidearen abialdia. Aspaldian izandako manifestaziorik jendetsuenak ilusioz eta gogoz lanean jarraitzeko indarra hedatu zuen Euskal Herri osoan. Bilbon, Adierazi EH-ko lagunek esan bezala, inork ez dezala esperantza zapuztu. Inork ez dezala gure askatasun nahia setiatu. Inork ez gaitzala egoera berean jarraitzera kondenatu. Herritarrok behin eta betiko demokrazia eta askatasun osoko egoera berri bat egiazko egiteko iniziatiba hartu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.