Irailaren 29an ere, Greba Orokorra Euskal Herrian

Lidia Rekagorri Mikel Zurbano EHUko AZPkoa eta EHUko irakaslea
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Idazki hau sinatzen dugunok argi ikusten dugu, bankuek eta espekulazio finantzarioek sortutako krisiaren aitzakiapean, Europako langileriak azken bi mendeetan lortutako eskubide sozial eta laboralak ezabatu nahi dituztela botere ekonomikoek.

Ekainean Espainiako Gobernuak dekretuz onartutako Lan Erreformak langileak kaleratzea erraztu, merkatu eta subentzionatu egiten du, eta ez du lana sortzeko edo lanaren kalitatea hobetzeko ezer egiten. Neurri larri horiek lehendik ere geneukan egoera gehiago okertzera datoz, non pertsona asko eta asko langabezian dauden, enplegu publikoan, soldatetan eta garapenerako lankidetzan murrizketak egon diren, pentsioak izoztu dituzten. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, berriro atera da jubilazioa 67 urte eduki arte atzeratzeko mehatxua.

Egoera horri aurre egiteko milaka langilek Greba Orokorra egin genuen ekainaren 29an, jasaten ditugun gobernuen politika ekonomiko, sozial eta laboralak aldatzea eskatzeko.

Herriari jaramon egin beharrean, gure inguruko alderdi politiko nagusiek (PSOEk eta EAJk) Lan Erreforma nabarmen okertu dute parlamentuan egindako aldaketekin. Orain enpresek etekinak jaistea edo jaisteko aurreikuspenak egotea langileak kaleratzeko motibo justifikatua izango da. Eta Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek krisiaren pisua krisia sortu ez dugunon gainean jartzen jarraitzen dute.

Ekaineko greba ez zen egin tramitea betetzeko, ezta euskaldunok protesta dagoeneko egin dugula esateko. Gauzak aldatu nahi genituen, enpleguari pertsonei eta beraien eskubideei lehentasuna ematea eskatu nahi genuen, eta botere ekonomikoen aginduetara dauden gobernuei aurre egin nahi genien.

Helburu horiek bete ez direnez, ez da etxean geratzeko ordua, borrokatzen jarraitzekoa baizik, gure protestak gero eta gehiago zabalduz.

Beraiek Europa osoan presionatzen badute, Europar Batasuna arma bezala erabiliz, herriaren erantzuna Europa osoan antolatu behar da. Europako Sindikatuen Konfederazioak borroka eguna deitu du irailaren 29rako. Estatu espainiarrean, sindikatu batzuk Greba Orokorra deitu dute eta beste herrialde batzuetan ere aukera hori aztertzen ari dira.

Bizi dugun egoerak erantzun gogorrak eskatzen baditu eta erantzun horiek ematea posible bada, egin behar dugu. Bihar, irailaren 29a, Greba Orokorra egin behar dugu.

Horregatik, artikulu hau sinatzen dugunok irailaren 29an Greba Orokorra egitea beharrezkoa dela uste dugu, eta Euskal Herriko sindikatu guztiei beren greba deialdiak egitea eskatzen diegu, bakoitzak nahi duen moduan eta mobilizazioak nahi duen tokian egin ditzan, bakoitzak bere mezuarekin, baina egun horretan sindikatu guztiak kalean egon behar dira, Maiatzaren Lehenean egiten duten bezala. Momentu honetan, ezin da berriro zatiketa sindikala agertu, herriak presionatzeko duen ahalmena gutxitzen duelako, eta gainean datorkigunari aurre egiteko indar guztiak behar ditugulako.

OHARRA: Artikulu hau biharko greba egunarekin bat egiten duten pertsona hauek ere izenpetu dute: Joxean Izquierdo, Estiba Pasaiako Enpresa Batzordeko kidea (LAB); Jesus Uzkudun Illarramendi,CCOO Euskadiko kidea; Ana Etxarte Muriel, Alternatibako kidea; Mikel de la Fuente Lavin, EHUko irakaslea; Joxe Iriarte Bikila,Idazlea; Josean Cuesta, Lasarteko Michelengo Enpresa Batzordeko kidea (ESK); Juan Hernandez Zubizarreta, EHUko irakaslea; eta Iñaki Markiegi, Euskalduna/Naval-eko sindikalista ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.