Iruñea-Gasteiz arteko AHTa, oraingo bidetik

Mirari Zestau Baraibar eta Josetxo Musquiz Perez Zabalza
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gure planteamendua erraza da ulertzen: uste dugu AHT abiadura handiko trenak gaur egungo bidetik joan behar duela Iruñea eta Gasteiz arteko linean. Planteamendu harrigarria eta sinplista izango da batzuentzat, baina ez da hala, inondik inora.

Hori baieztatzen dugunok Itzako herritarrak gara, eta Itza Gulia Bizirik elkarteko kideak. Auzo elkarte gisa eratu ginen, eta gure helburu nagusia da Itzako herrietan inposatu nahi diguten azpiegitura andanaz kezkatutako guztien bitartekari izatea. Azpiegitura horietatik guztietatik, AHTa bakarrik izango dugu hizpide artikulu honetan.

Hasieratik esan dugu: gure lurraldean beste zauri bat irekitzearen aurka gaude erabat; gure herriak beste linea baten bidez suntsitzearen aurka gaude, ez baita beharrezkoa, ikusiko dugun moduan.

Trenbide azpiegitura berri bat egiteak, egungo lineatik bereiz eta urrun egin ere, kalte izugarriak ekarriko lituzke inguruko herri guztien lurraldean eta paisaian, Oltzatik Arabako lautadaraino. Adibidez, Oltza eta Itzako soro landugabeetan, Errotz inguruko mendi magaletan, Beriain inguruko mendietan, Arakil ibarrean, Altsasu eta Olatzagutia inguruko eremuetan, eta baita Arabako lautadan ere.

Zera diogu, AHTaren linea berriak egungo bidea erabili behar duela Iruñetik Gasteizerainoko zatian, ahal den neurrian —posible baita—. Trenbidea XIX. mendean eraiki zuten, eta ingurumena errespetatuz jardun zuten ingeniariek hura diseinatzean. Haranaren behealdean dago, eta bide zuzen eta zabalak ditu, bereziki Arakil ibarrean, Sakanan, Burundan eta Arabako lautadan. Beraz, ez da behar ez zubibiderik eta ez betegarririk, oso leku jakinetan izan ezik. Nahikoa litzateke oraingo trazadura 12 metroko zabaleraraino handitzea, hori egitea beharrezkoa baita abiadura handiko bi bide izateko: bat bidaiarientzat, eta beste bat salgaientzat.

Egungo trazadura erabiltzeko, aldaketa batzuk egin behar lirateke zenbait bihurgunetan eta itzulbidetan; esate baterako, Bizkai menditik igarotzen den zatian, Itzan, eta Uharte Arakil eta Altsasuko pasabideetan. Asmoa da bi herri horietan tunel faltsuak egitea eta Altsasun lurpeko geltoki bat eraikitzea, baita ibilbidean beste geltoki batzuk hobetzea ere.

Juan Carlos Valerio arkitektoak bideo batzuetan aurkeztutako Iruñea-Gasteiz AHTaren trazadura alternatiborako proposamena lanetik atera dira aurreko proposamenak (https://www.youtube.com/@juancarlosvaleriomartinezd6288/bideoak). Valerioren profilari dagokionez, esango dugun gauza bakarra da Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan proiektuen irakasle izan dela, eta lan batzuk egin dituela Espainian eta Portugalen, Amerikako herrialde batzuetan, Afrikan eta Vietnamen.

Baina harrigarriena da haren irtenbide alternatiboak bat datozela gauza askotan Munitxa, Andres eta Rubin ingeniarien Burgosko, Arabako eta Nafarroako tren publiko eta sozial baterako trazadura eta proposamenaren analisia izeneko azterlanarekin; besteak beste Nafarroa Trenaren Alde plataformak eskatuta egin zuten azterlan hori.

Bi azterlan horiek jatorrian hain ezberdinak izan arren bat datozenez zenbait ideiatan, zalantzarik gabe plantea dezakegu posible dela alternatiba bat ematea ministerioak proposatutako trazadurari, eta, are, esan dezakegu alternatiba hori proposatutakoa baino askoz hobea dela.

Juan Carlos Valeriok bere proposamena amaitzeko adierazi duenez, berak zehaztutako trazadurak «erradio askoz zabalagoak ditu, ministerioarena baino askoz ere abiadura handiagokoa da, merkeagoa, eta bat dator paisaiarekin eta egungo trazadurarekin».

Bestalde, Tren publiko eta soziala izeneko proposamenak hobekuntza teknikoak planteatzen ditu, eta bide ematen die bidaiarien joan-etorriei eta salgaien trafikoari; horretaz gainera, hobekuntza sozialak (geltokietan, geralekuetan eta zamalekuetan) proposatzen ditu, garraioan eta abiaduran ere bai, ingurumenean eragin txikiagoa izateko hobekuntza oso garrantzitsuak, eta baita hobekuntza ekonomikoak ere, bidaiarientzako soilik diseinatutako AHT baten aldean %45erainokoak.

Horregatik guztiagatik, uste dugu erakunde publikoek kontuan hartu behar dituztela proposamen horiek, eta egungo trenaren bidea erabiliko duen trazadura berri bat planteatu behar dutela. Gure politikariei eskatzen diegu denbora pixka bat har dezatela proposamen horiek aztertzeko.

Bi alternatiben inguruko eztabaidari buruz, trena Ezkiotik edo Gasteiztik igaro, Valerio irakaslearen argudioetako bat baino ez dugu jaso: Ezkioren aldeko alternatiba asko interesatzen zaie Bilboko portuko arduradunei.

Hasierara itzulita: ez gaude aurrerapenaren aurka, jakina. Kontrakoa: Itzako herrien lurraldea eta beste askorena txikituko lituzkeen trazadura baten aurka gaude, hain zuzen, Oltzan hasi eta Gasteiz inguruan amaitzen den ibilbidean zehar dauden lurraldeak suntsitzearen aurka. Defendatzen dugun konponbidea, egingarria ez ezik, arrazoizkoa, logikoa eta, jakina, askoz ere ekonomikoagoa ere bada.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Unai Martínez Díez, Ruben Zabalza Aranzadi, Oskar Arenaza Sarasola eta Monica Prado Villalobos (Itza Gulia Bizirik auzo elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak).

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.