Jazarpenaz

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk BERRIAn jazarpenari buruzko erreportaje luzea azaldu zen. Gai horren inguruan nire iritzia eman nahiko nuke:

Lehenik eta behin, esan beharrean nago egun aurrerapauso nabariak eman direla arazo horren inguruan: adituek jazarpenaren hainbat zantzu zehaztu dute; jazarpen kasuetan protokoloa ezarri da, eta eskola komunitateko kide guztiok jakinaren gainean gaude. Ez da gutxi, beraz, azken urteetan egindako lana. Jazarpena jendarte honetako arazo larria da, eta denon artean konpontzen saiatu behar dugu. Baina, konponbidea etorriko da arazoaren muinari, sorrerari heltzen badiogu, eta ez ondorioei soilik begiratzen badiegu.

Mamiari lotuz, erreportajean zehar arlo askotako hainbat adituren iritzia jasotzen da, eta, denetan, eskola eta jazarpena lotzen dituzte. Hala ere, ez dut inon irakurri irakasleen iritzia. Izan ere, haurrekin denbora gehien pasatzen dugun irakasleoi ez zaigu gure iritzia eskatu. Sarean elkartea ez da irakasleon iritzia; ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea besterik ez da, eta haren iritziak haiei soilik dagozkie, besteak bezain interesgarriak badira ere. Bestalde, jazarpena eskolan soilik gertatzen den arazoa dela erakusten da erreportaje osoan, ez baita inon azaltzen beste lekuren batean ere gerta daitekeenik; beraz, badirudi jazarpenaz hitz egiten denean eskolan gertatzen den jazarpenaz ari garela. Eta horrek sutan jarri nau.

Eskola gure jendarteko komunitate txiki bat da. Eskola ez da erakunde bakartu bat, eta, beraz, jendartean dauden jarrera eta jokaera guztiak, onak zein txarrak, eskolan islatzen dira. Eskolako kideen artean harremanak sortzen dira, eta, komunitate txiki guztietan bezala, harreman horiek estuagoak izaten dira, onerako zein txarrerako. Ikasleek ordu asko pasatzen dute eskolan, eta, ondorioz, harreman horiek sendotu egiten dira, eta, dudarik gabe, gero kalean edo auzoan jarraitzen dute, oro har. Jazarpena elkar ezagutzen duten pertsonen artean gertatzen da gehienbat, baina, ezin da inola ere frogatu, salbuespenak salbu, jazarpena eskolan hasten denik edo eskolan soilik gertatzen denik. Irakasleok, hain zuzen, gelan eta jolastokian aurrean ditugu haurrak eta sortzen diren gatazkak era egokian konpontzen saiatu gara betidanik; jazarpena, ordea, ezkutukoa eta isila denez gero, ez da batere erraza detektatzea, harremanetan gertatzen diren aldagaiak ugari direlako.

Bestalde, erreportajean gurasoen eta haurren eskubideak ere aipatu dira. Baina, ez da inon ere azaldu zeintzuk diren gurasoen eta haurren betebeharrak. Maiz entzun dugu haurren ahotik, esaterako, «eskubidea dut», «nire eskubidea da». Badakigu denok haurrek eskubideak dituztela, baina betebeharrak ez dira inoiz inon aipatzen, esaterako, Arartekoak eskoletara bidaltzen duen publizitate-orritxoan eskubideak besterik ez dira aipatzen. Eskolara joatea nahitaezko eskubidea da, eta ez dago beste aukerarik oraingoz. Eskolan pertsona multzo handi bat biltzen gara, eta haren funtzionamendu egokirako denon eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu beharko dira. Eskubideez soilik hitz egiten bada eta betebeharrak ez badira argi uzten, hainbeste aipatzen den elkarbizitza planak ez du ezertarako balio.

Halaber, teknologia modernoa lehengoko egoera, ohiturak eta bizimodua erabat aldatzen ari da. Egun, jazarpena gertatzeko ez da behar-beharrezkoa haurrarekin kontaktu zuzenean egotea. Zoritxarrez, teknologia moderno hori ehuneko portzentaje handi batean ez da gauza onetarako erabiltzen; are larriago, ez dago haren gaineko inolako kontrolik, eta sei, zazpi, zortzi... urteko haur txikiek ere erabil dezakete, eta erabiltzen dute gurasoen baimenarekin, eta, kasu batzuetan, inolako kontrolik gabe, esaterako, hamaika urteko haurrak gaueko hamabietan Whatsappen ibiliz. Eskolan ezin badute erabili edo erabilera mugatua badute, noren ardura da tresna modernoen erabilera edota haien bidez gertatzen den jazarpena kontrolatzea? Inork ez du honetaz hitz egin erreportajean.

Dena den, arazo horrek eta haren ondorioek ez naute ni batere harritzen. Telebistan, Interneten eta telefonoan... agertzen diren programak-edo ikusita, jazarpen kasuak areagotzea ez da bitxikeria, ondorio zuzena baizik. Aurrekoari egungo krisiak sortutako desoreka ekonomikoa eta baztertzailea gehitzen badiogu, nahasketa leherkorra sortzen ari da. Hala ere, erreportajean azaltzen diren adituek ez dute horretaz ezer esaten, eta ez diote inori erantzukizunik eskatzen. Den-dena eskolaren esku uzten dute, eta, hori bai, gure lana ez badugu behar bezala egiten, erantzukizun penalak eskatzeko aukera aipatze dute.

Azken urteetan maiz entzuten da jendartean gertatzen diren arazoak konpontzeko bidean hau, hori eta hura erakutsi beharko lukeela eskolak. Zera galdetzen diot nik neure buruari: jendartean helduen artean arazo larriak konpontzeko gai ez bagara, inork pentsatzen al du haurrek arazoak konpontzen ikasiko dutela, haien eredu nagusia eskolatik kanpo baldin badago, telebistan, Interneten edo kalean? Hau da, jazarpen kasuek eskolan eta eskolako haurrengan eragin handia dute, eta konpontzen saiatu behar dugu, zalantzarik ez; baina eskolak eta eskolako kideok ez dugu jazarpenaren arazoa sortu, jendarte honetan dauden interes zehatz batzuek baizik. Hala eta guztiz ere, eskolari arazo hau, besteak beste, konpontzea eskatzen zaio, jendartean horrelako arazoak sortzen dituzten erantzule zuzenak lasai bizi diren bitartean. Eskola jendartearen isla da, eta ez bagara jendarte pertsona-jale hau aldatzen saiatzen, eskolak adabakiak jostea besterik ez du lortuko. Zoritxarrez, gatazketan beti dago gora begiratu eta arazoaren erantzule boteretsuari aurre egin beharrean, behera begiratu eta inurritxo langilea zapaldu nahiago duen norbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.