Jon Anza eta Mikel Zabalza

Xabier Makazaga TAT Torturaren Aurkako Taldeko kidea
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Duela hiru hilabete idatziriko artikulu batean Mikel Zabalza eta Jon Anza ekarri nituen gogora, bi kasuen arteko antzekotasun adierazgarriak azpimarratuz, eta Mikel duela 24 urte desagertua egon zen hogei egun larri haietako salaketaren handia eredutzat hartzeko eskatuz Jonen desagertzea gogor salatzeko orduan.

Mikel Zabalza Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunez desagertua egon ondoren agertu zen Bidasoan «itota», eta egun haietan Euskal Herrian bizitako herritarren presio itzela izan zen agintariak behartu zituena haren gorpua ezkututik ateratzera, bestela ez baitzuten inoiz agerraraziko. Bada, Jonen kasuan ere egindako lan handiak (Frantzian itzal handia duten pare bat egunkarik azkenaldian argitaraturiko artikulu esanguratsuak, desagertzearen urteurrenerako deituriko manifestazio nazionala...) beste horrenbestera behartu dituelakoan nago.

Bi kasuen arteko antzekotasunak begi bistakoak dira: Mikel Zabalzak ere osasun arazoak zituen Guardia Zibilak atxilotu zuenean (aste batzuk lehenago ebakuntza egin zioten), eta nabaria da arazo horiek zerikusi handia izan zutela bainera izeneko torturapean hil izanarekin. Bestela, seguruenik bizirik aterako zen, torturatzaileen beste milaka biktima bezala. Eta Jon Anzaren patua ere bestelakoa izan zitekeen haren osasun eskasarengatik izan ez balitz, ez baitirudi harrapatu zutenen lehen asmoa desagerraraztea zenik, Lasa eta Zabala, Pertur, Naparra edo Poporen kasuan bezala. Mikelen moduan, «joan egin zitzaien», eta haren moduan agerrarazi egin dute azkenean.

Mikel Zabalzaren kasuan zabalduriko bertsio ofizialaren arabera, ihes egitea lortu omen zuen hiru guardia zibilen artean inoiz agertu ez zen ustezko ETAren zulo bat miatzera zeramatenean. Eta Guardia Zibil berbera izan zen, hogei egun geroago, haren gorpua Bidasoa ibaian «aurkitu» zuena. Non, eta aurreko eguna arte Gurutze Gorrikoek behin eta berriro arakatua zuten toki batean. Tolosako gorputegian Jon Anzaren gorpuarekin gertatuak ez al du antzekotasunik orduan gertatuarekin?

Mikeli Bidasoako hura injektatu zioten biriketan, eta gorpua bertako urez beteta zegoen Intxaurrondoko kuartel beldurgarriko bainera batean gorde zuten ibaira bota arte, baina Euskal Herrian oso jende gutxiri sartu zioten ziria. Handik urte batzuetara, jakin zen kuartel hartan hil zutela, eta hiltzaileen artean Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak zeudela, zeintzuek kondenatuak izan ziren Lasa-Zabala kasuan, haien nagusia zen Enrique Rodriguez Galindorekin batera.

Zerbitzu sekretuek jada 1985ean bertan bazekiten Mikel Zabalzari egiazki zer gertatu zitzaion, hala baitio CESIDeko barne txosten batek, baina espainiako gobernu guztiek, PSOEkoek zein PPkoek, galarazi egin dute txosten hori epaileei ematea, argudiatuz sekretua dela eta Estatuko segurtasuna arriskuan jarriko zela. Horregatik, inoiz ezin izan dituzte epaitu haren hiltzaileak; tartean, orduan tenientea zen Gonzalo Perez Garcia, zeina 2004an Iraken hil baitzuten jada komandantea zelarik, erresistentziaren kontrako operazio batean parte hartzen ari zela.

Hori bai, zorionez, bai Mikel Zabalzaren bai Jon Anzaren senideek gutxienez haien gorpuak berreskuratu ahal izan dituzte. Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak ere bai, baina itxura guztien arabera garai berean haien patu ikaragarri berbera jasan izan zuten beste militante independentista batzuek desagertuta jarraitzen dute oraindik: Pertur, Naparra, Popo.

Gogora dezagun frantziarren konplizitatearekin GALekoek egindako krimen batzuk argitzen hasi baino lehentxeago Felipe Gonzalez orduko espainiar gobernuburuak harro esandakoa: «Ez dago frogarik, eta ez da inoiz izango». Harentzat zoritxarrean, kasu haietan froga andana izan zen, baina ia beti frantziar zein espainiar estatuek nahi adina baliabide dute froga oro ezabatzeko, eta zer esanik ez gogotik baliatzen dituztela.

Jose Maria Aznarren gobernuan Barne Ministro zelarik, Jaime Mayor Orejak esan zuen: «ETAk hil egiten du, baina ez du gezurrik esaten». Espainiako Estatuak, ordea, hiltzeaz gain, gezurra besterik ez dio; oso bereziki betidanik hain lotuak egon diren tortura eta gerra zikinari dagokienez. Eta Aljeriako gerran izugarrikerien marka guztiak apurtu zituen Frantziako Estatuak ere ezkutatzeko asko du gaur egun.

Hala, gatazkaren parte batek betidanik onartu ditu bere ardurak,eta besteak, aldiz, jarrera ukatzailea dauka ikurtzat. Horregatik da hain garrantzitsua jarrera hipokrita hori biluztea eta estatuak behartzea beren estolda zikinak begi bistan ipintzera: onartu gabeko tortura eta gerra zikinaren milaka biktima horiek behingoz onartzera. Horregatik da hain beharrezkoa Hegoafrikan apartheid-aren ondoren martxan jarri zuten Egiaren Batzordearen antzeko bat. Gure herriak ezinbesteko duen prozesu demokratikoa soilik egian oinarrituz eraiki baitaiteke.

Aski da hainbeste gezur eta ukazioz! Egia nahi dugu, eta lehenbailehen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.