Justz...zer?

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Era guztietako jendea aurki daiteke bertan. Gazte eta beteranoak jantokian. Natibo zein atzerritarrak patioan. Guztiak sar daitezke burdin sarezko egoitzara. Guztiak. Dirudunak izan ezik».

Urte batzuk igaro dira unibertsitatean hasi nintzen 2001eko udazken hartatik. Orduko hainbat oroitzapen fresko mantentzen ditut, ordea, memorian. Ondo akordatzen naiz, adibidez, zuzenbideko lehen klasean, irakasleak, ziur eta zorrotz, bota zuen esaldi hartaz: zuzenbideak ez du esan nahi zuzena denik; justizia ez da beti justua. Harrituta utzi gintuen, ez genion zentzurik hartzen. Hainbeste apunte eta teoria artean, ez ginen jabetu bera teoriaz baino praktikaz mintzo zela...

Denborarekin, haatik, esan nahi ziguna gero eta hobeto ulertzen joan naiz. Hasieran zentzugabea zirudien esaldiak atzean ezkutatzen zuen guztiaren jabe egiten, pixkanaka. Horretan, egiari zor, asko laguntzen du Espainiakoa bezalako estatu batean bizi behar izateak, bertako zuzenbide estatuaren, justizia-sistemaren menpe. Aipatu esaldia egiaztatzen duten hamaika adibide aurkitu izan baititut urte hauetan guztietan. Oso urrunera joan beharrik izan gabe. Azken urteko edo hilabeteetako edozein egunkari hartu eta berriak irakurtzea aski da horretarako:

Zergatik batzuk epaiketarik gabe (eta ondorioz, errudun izendatu gabe) urte luzez prebentiboki kartzelatuak izaten dira, eta beste batzuk, aldiz, epaiketan errudun izendatu arren, indultuak edo baimenak medio, ez dute inoiz kartzela zapaltzen edota hilabete oso gutxiren baitan kalean dira berriz? Zenbat gaztek pasatu behar izan dituzte urterik onenak barroteen atzean ondoren errugabe izendatuak izateko? GALeko kideek eta buruek, alabaina, zenbat urte egin dituzte preso, hilketa ugariren errudun deklaratu ostean?

Zer dela-eta epaiketa batzuk ekintza gertatu eta egun (edo aste) oso gutxitan, presaka, burutzen dira, eta aldiz beste epaiketa batzuk etengabe, urteak eta urteak, atzeratzen, eternizatzen?

Nolatan ezer jan gabe egunak daramatzan eskale bati, ogitarteko bat lapurtzeagatik hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dioten berberek, ondoren politikari, enpresari, bankako buru edota monarkiako kideak aske uzten dituzte, korrupzio trama desberdinen bidez milaka milioi lapurtu dituztela frogatu arren?

Zein zentzu du faxismoaren aurkako adierazpenak edo abestiak egiten dituzten artistak epaituak, espetxeratuak edo erbesteratuak izateak, frankismoaren gorazarre egiten duten elkarte ultraeskuindarrak (Fundacion Francisco Franco, kasurako) edota keinu naziak egiten dituzten norbanakoak inpunitate osoz, lasai eta harro, dabiltzanean?

Nola uler daiteke galdeketa bat antolatzeagatik eta hautetsontziak jartzeagatik Parlament-eko agintariei eta gizarte zibileko ordezkariei 25 eta 17 urteko espetxealdia eskatzea eta egun berean bakean zeuden herritarrak biolentzia basatiz erasotu eta jipoitu zituzten poliziei, aldiz, omenaldiak egitea?

Nola azal daiteke 2016an taberna batean, gauez, izandako borrokaldi soil batengatik hainbat gazte, terrorismoaz akusaturik, 13 urtetarako kartzelan egotea, eta aldiz, 2012an, Bilbon futbol partida baten aurretik poliziak gomazko pilotakada batez erail zuen mutilaren kasua oraindik epaitegietan egotea, sei urteko umiliazio, antzerki eta hainbaten isiltasun konplizearen ostean?

Nola da posible, eskuetan hainbeste proba izan arren Nagore Laffage bortxatu eta erail zuena edota La Manadako erasotzaileak aske egotea? Edota haur lapurtuen erantzule nagusietako bat zigorrik gabe geratzea, delitua preskribatu omen delako? Opuseko eta Elizako kide aipagarriek eta poliziek zein militarrek dena baimendua dutela eta edozer egin dezaketela zehazten duen lege gorenen bat ote dago?

Zer dela-eta (ustez) aldaezinak diren epai eta ebazpen ofizialak aldatzeko bat-bateko erraztasuna eta azkartasuna, kaltetuak herritarrak izan ordez banketxeak direnean?

Asko maite dudan pertsona batek askotan aipatu izan dit zoritxarrez ez dela epaitzen egiten dena (ekintza), ekintza nork egiten duen baizik (pertsona). Eta horrexek berak azal ditzake aurrez egindako galdera guztiak.

Lan handia du Espainiak bere (in)justizia sistema zuzentzen. Handiegia gauzatu ahal izateko, nire iritziz. Zerbait oso gaizki baitoa diruak justizia eta epaileak eros ditzakeenean; errudunak zigortu beharrean babesten eta justifikatzen direnean; biktimak zaindu ordez mespretxatu egiten direnean; legearen aurrean denok berdinak izatearen printzipio mila zatitan puskatzen denean; Europako epaitegiek behin eta berriz atentzioa deitzen eta epaiak zuzentzen dizkizunean; justizia-sistemak herritarren sinesgarritasuna galtzen duenean; justizia bera zientzia fikziozko zerbait izatera igarotzen denean. Hots, irakasleak aipatu moduan, Justiziak justizia egiteari uzten dionean.




 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.