Kiroltasunaren sustapena eskola garaian

Patxi Mutiloa
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Eskola-kirolaz ari garenean, bai lagunartean bai maila jaso edo teorikoan, zalantza gutxi geratzen zaigu helburuak aipatzen ditugunean. Alegia, jokogarbiarekin loturiko hezkuntza-balioak bilatzen ditugu, errespetuarekin, inklusioarekin, berdintasunarekin eta jarduera fisikorekin loturikoak, eta denbora luzean iraungo dutenak.

Umeei beren zaletasunei buruz galdetzeko astia hartzen dugunean, horra zer erantzuten duten: lagunekin gozatzea eta ongi pasatzea, horixe dutegustukoena. Jakina, irabaziz gero, hainbat hobeto, baina hori ez da helburu nagusia. Izan ere, helduok gara emaitzaksoilik baloratzeko grina buruan sartzen dieguna, kirolariprofesionalak izango balira bezala.

Eguneroko bizitzak erakusten digu helduon jokamolde hauek uste baino eragin handiagoa dutela. Lehiakortasunaren balio positiboa gutxietsi gabe, esan behar dugu ezen, adin txikietan umeen arteko lehia gehiegi azpimarratuz gero, halako distortsio bat sortzen ari garela, batere komenigarria ez dena kirol-jokaeren arloan.

Kirolalden familiekin elkarlanean eskola-kirolari buruz egin berri dugun azterketa batek erakutsi duenez, ohikoak izaten dira kirolarien arteko sesioak, baita kirolarien eta entrenatzaileen artekoak ere, eta bereziki arbitroenganako errespetua urratzen dutenak. Baina gauzarik deigarriena da, beharbada, familiak berak direla beren seme-alabenganako, kirolarienganako eta arbitroenganako errespetu handiagoa eskatzen dutenak, eta eskola-kiroleko ekitaldietanfamiliei sarrera ukatzerainoko neurriak proposatu izan dituzte.

Dena ez da, hala eta guztiz ere, hain negatiboa azterketa honetan: familien ustez, %90ean joko garbia dago eta uste dute, gainera, kirolariek partiden aurretik zein ondotik egiten dituzten keinuak (agurrak eta abar) oso-oso positiboak direla.

Honetaz guztiaz hitz egin nahi dugu laster Gasteizen egingo den «Eskola adineko kirolean kiroltasuna sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko II. Mintegi Nazionalean», zeina aukera ona izango baita alor honetan parte hartzen dugun eta erantzukizuna duguneragile guztien artean esperientziak trukatzeko, gazteek zer pentsatzen duten entzuteko eta ikusteko eta, azken batean, kirolaren bitartez balioak transmititzeko bide egokian aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.