Kopenhagetik Alternatibara, mobilizazioak segitzen du!

Christian Detchart Kopenhageko Klimaforumean parte hartu duen Bizi!-ko militantea
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bizi!-ko 21 militante inguru ginen trenez Kopenhagera joanik planetako lau eskualdetako 100.000 jenderen aldean larrialdi ekologiko eta justizia sozialaren aldeko munduko dinamika baten eraikuntzan parte hartzeko.

Kopenhagek ez du munduak behar duen premiazko akordio handinahi, behargarri, eraginkor eta zuzena erdietsi, heldu diren hamarkadetan saihestu nahi baldin badugu oldartze klimatikoa.

2010. urteko hastapenean, herri desberdinek hartu dituzten engaiamenduak zuzenki eramaiten gaituzte hiru gradutik bortz graduraino berotze bati buruz hemendik 2100 arte, XIX. mendearen aldean (balizko kasu hoberenean, engaiamendu horiek burutik burura errespetatuak balira).

Hemen ez ditugu aipatzen egunero ezagutzen ditugun tenperaturak, bainan lur azalaren tenperatura batez bestekoaren goratzea, mementoan hamabortz gradukoa dena, azken izozte aroan, duela 20.000 urte hamar gradukoa zena. Bi graduko gorakada batek mila bat urtez ekosistemak hainbeste aldatu ditu, non mamuten desagerpenaren kausa sinesgarria den, horiek ez baitziren gai izan hain laster egokitzeko.

Egoeraren irakurketa beldurgarri eta uzkurgarria gaitzesten dugu. Hala ere, denek argi eta garbi begiratu behar diogu gaur egun gizakiak bere aitzinean duen arazoaren egiazko larritasunari. Ez da dudarik, lau graduko tenperatura goratze batek hain denbora gutiz egiazko hondamendi ekologiko eta sozialak erakarriko dituela.

Ez dugu amore emanen. Kopenhagen hasi borrokak sekulan baino gehiago jarraitzen du.

2010eko urriaren 10ean, sekulan izan den nazioarteko mobilizazio eguna gertatu zen. Mezua hau izan zen: «Badira berotze klimatikoaren aurkako konponbideak, jadanik planetan zehar milaka elkartek, norbanakok, herri eta eskualdek plantan ezarri dituztenak. Milako alternatiba horiek egun guztiz eraikitzen dute neurritsuago, errukitsuago, lagunarteko eta elkartasunezko jendartea. Oraindanik goraki eskatu behar dugu munduko erabakitzaile guztiek alternatiba horiek hein handiz beren gain har ditzaten, 2015. urtea aitzin nabarmenki bidea aldatzeko!».

6.000 ekitalditik gora antolatu ziren ildo horren inguruan, 180 herritan egun horretan.

Euskal-Herrian, hitzordu nagusia Baionan izan zen. Alternatibaren itxura hartu zuen. Biharko munduari buruz trantsiziozko herrixka bat izan zen, Susan Georgek (azken hamar urte hauetako altermundialismoko pertsonalitate ezaugarrienetariko batek) goizean estreinatu zuena.

350 erakusle, bolondres, musikari eta artistek alaitu zituzten oinezkoentzat bilakatuak izan ziren karrikak. Alternatibaz egin zuten pesta herrikoi handi bat eta aldi berean alternatiben erakusleihoa, non erakutsia izan zen gaurdanik nolakoa izan daiteken biharko jendartea.

Saldoka parte har dezagun denak elkarrekin ari diren nazioarteko negoziaketetan eraginak ukan ditzagun.

Ez da bigarren planetarik! Kalakarekin aski, orain ekintzak!

Artikulu hau sinatu dute Lucie Detchart, Nicolas Ducolombier, Txetx Etxeberri, Iban Grossier, Mattin Ihidope, Gillen Iriart, Magali Lartigue, Yohanne Leroyer eta Jean-louis Piquet Kopenhageko Klimaforumean parte hartu duten Bizi!-ko militanteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.