ETA erakundeak eraso armatu ofentsibak bertan behera uztearen iragarpenak zein Ezker Independentistaren estrategia berritzaileak, marko politikoa benetan astintzea eragin dezakete. Irekitako ziklo berriaren ahalmen eta garrantzia aintzat hartu dituzte indar politiko guztiek, PPk eta PSOEk izan ezik.
Egoera berriak koherentzia ideologiko eta praktiko latzez jardutea behartzen gaitu. Euskal Herriaren aurka Espainiar Estatuak eratutako zigorraren mataza ez dugu batasunez kementsu aritu gabe askatuko. Hau dela eta, orain arteko batzuen diskurtso polita mamitzeko unea da.
Aralar Ezker Independentistari baldintzak ezartzen etengabe aritu da denbora luzean. Guk, Ezker Abertzale Historikoko kide garen aldetik, une honetan geure oinarriak adieraztea bidezko dugula esan nahi diogu Aralar alderdiaren zuzendaritzari. Berak gurekin ere espazio politikoa partekatu nahi duela adierazi baitute «etorkizuneko ezker abertzalean».
Garai politiko berriak sekula baino azkarrago datoz, eta zenbaitzuei denbora agortzen ari zaie.
Aralarkideei unea heldu zaie gutxieneko sinesgarritasun eta legitimitatea lortzeko ezinbesteko urratsak egiteko etorkizun hurbilean bidelagun politikoak izatea nahi gaituztenon aurrean.
Aralarrek, egiari zor, Estatuek burututako eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoaren aurkako diskurtsoa garatu arren, praktikan erakundeetan lortu duen ordezkapena neurriz kanpo handitu da Ezker Independentistaren alderdi, erakunde eta zerrendak legez kanporatzearekin. Frankismo-Konstituzionalistak alderdia ere lotsagabeki erabili du -borondatez kontra, agian-, ideologia politiko oso baten jazarpena zuritzeko. Behin eta birritan Ezker Independentistaren aurkako erasoak justifikatzeko komodin gisa erabili dute Aralar.
Gauzak horrela, horixe du Aralarrek une honetan Ezker Independentistari eskaini beharreko ekarpen politikorik handiena; Gobernu espainiarrak, Rubalcaba buru, zein PP-UPNren bunker politiko mediatikoak independentismoaren kontra daraman borrokan, haien jostailua izateari ozenki uko egitea. Joko hori salatzea eta, eskubide guztiak denontzat aldarrikatuz, marko juridiko-politikoa gainditze bideari heldu diogun gainontzeko eragile sindikal, politiko eta sozialekin arriskuak partekatzea, unionismoaren aldetik inongo mesederik espero gabe.
Estimatzekoa litzateke halako jarrera aldaketa, zeren eta esate baterako Estrasburgoko Auzitegiko ilegalizazio ebazpenean, Aralarren jarrera politikoa erabili baitzen. Beste aldetik, adierazpen publikoetan alderdiaren bozeramaileek bakegintza ETAren jarduera armatuarekin bakar-bakarrik identifikatu dute, gainerako bortizkeriak isilduz eta unionismoaren diskurtsoa gogora ekarriz.
Aralarrek frogatu behar du eskubide zibil eta politikoen urratze larriei aurre egiteko bere egiazko konpromisoa, hitzez haratago. Ezkerreko independentistekin konpromisoak, arriskuak eta estrategia bai ala ez partekatuko duten erabaki behar dute behingoz.
1. Aralarrek argitu beharko du bide politiko, zibil eta demokratikoetan Estatuekiko konfrontazioan jardutearen alde dagoen ala ez. Borroka armatuaren amaierako fase hau konfrontazio demokratikoko fasea izango da edo ez da ezer izango.
2. Konpromisoaz aritzeko, independentisten arteko batasunaz aritzeko garaia dugu, arrazoitze demokratiko hutsez emango ez dizkiguten eskubide zibil eta politikoak Estatuei bide baketsu eta demokratikoetatik erauzteko garaia.
3. Aralarri eta beste hainbat eragileri exijitu dakieke gatazka politikoaren biktimen omenezko ospakizun instituzionaletan parte har ez dezaten, baldin eta Genozidio Frankistan zein estatu-terrorismoak iraunarazitako fronte ugari-ugarietan izaniko milaka biktima horiek zokoratuak, ahanzturaz irainduak edo gutxietsiak gertatzen badira. Egia, Justizia, Erreparazioa eta gertatutakoa berriro ezjazotzeko bermeak erdiesteko eskubidea zor zaiela aitortuz. Jakina, beti gatazkaren beste inongo biktimaren eskubiderik urratu gabe.
4.Herritarren kontra gertaturiko gerra zikineko ekintzengatik gaitzespena argi eta garbi erakusten ez duten eta Alderdien Legea publikoki salatu ez duten PSOEko alkateekiko udal itun eta hitzarmenetan jarraitzea ez da ulertzeko modukoa.
5. Beste indar politiko batzuk legez kanpo uzteko xedez Aralar izateaz baliatzen diren epaien, zein hedabide-talde eta alderdi politikoen aldetik beraien siglen erabileraren aurka jarrera aktibo eta irmoa.
6. Herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten neurriak indargabetu bitartean, PSOErekin politikoki eta instituzionalki kolaboratzeari uko egitea. Elkarlanerako gutxieneko puntuak zein diren asmatzeko tresna egokia Adierazi Euskal Herria-renadierazpena (Aralarrek ere sinatuta) da. PSOEk burutzen dituen eskubide-urraketengatik Aralarrek ezarri beharreko prezio politikoa haien eskuetan soil-soilik dago.
7. Alderdien Legeari esker lortutako gehiengo instituzionalak eta bertatik sorturiko erakundeak ikuspegi demokratikotik erabatez legitimoak direla argi eta garbi aitortzea.
Kronometroa martxan da, denbora agortzen doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu