Azken hogei urteotan, euskalgintzak behin eta berriz azpimarratu du nahitaezkoa dela alor-sozioekonomikoaren euskalduntzea, euskararen berreskurapen prozesuan aldaketa kualitatiboa lortzeko.
Norbanako helduon eguneroko bizipen eta harreman gehienak lan-munduaren eta aisiaren eremuetan egiten ditugu, gure eguneko denbora-tarte ia osoa ematen baitugu horretan (lana eta lantokia, zerbitzuen eskaintza, aisia, bezeroak). Eta edonork ziurta dezakeenez, Euskal Herriko gizarte-bizitzan gaztelaniak eta frantsesak euskarak baino erabilpen askoz ere handiagoa dute, euskarak hainbat esparru erabat arrotz izateraino. Era berean, eta hizkuntzen erabilera sozialari loturik, hizkuntza hegemonikoek ez dute euren abiada moteltzen; aitzitik, bizkortu eta bizkortu ari dira, eta gurearen tamainako hizkuntzek egunerokoa dute bizirik irauteko ahalegina egin beharra. Horiek hala, eta jakinik harremanak beti hizkuntzaren batean egiten direla, bizkor ondoriozta daiteke ez dela euskararen egoera normalduko gizarte-bizitza euskaldundu gabe. Euskarak funtzio guztiak berreskuratu behar ditu, euskarak ez baitu etorkizunik izango erabiltzen ez bada (Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa, X. Lizardi). Horretaz jabeturik, euskalgintzak sentiberatze-lan handia egin du gizarte-eragile eta entitateek bat egiteko euskara normalizatzeko helburuarekin, eta egitasmo ugari garatu ditu arlo sozioekonomikoan jarduten duten entitateen hizkuntza-normalizazioa laguntzeko. Lorpenak ugariak izan dira, ehunka baitira euskaraz lan egitera iristeko bidean abiatu diren entitateak.
Baina, helburu horretara iristeko funtsezko arazo bat dago, euskaraz bizitzeko hautuak aurrez aurre duela euskal herritar gehienek euskara ez ezagutzea. Euskalgintzak aspaldi erreparatu zion horren garrantziari, eta ikastolak, gau eskolak zein euskaltegiak antolatu zituen, arazoari ganoraz eutsiz. Urteotan aurrerapausoak egin dira gazteen euskalduntzean, egiteke gehiegi dagoen arren. Eta aitortza handiena merezi dute helduaroan euskara ikasteko ahalegina egin duten milaka euskal herritarrek. Hala eta guztiz ere, hori guztia ez da nahikoa izan, eta gazte euskaldunek eskolako ataria igaro bezain pronto topatzen duten gizarte-bizitza erabat erdalduna da. Hori azaltzeko hiru eragile eta hiru arrazoi daudela esan daiteke. Eragileak, partiketa administratibo bakoitzeko instituzio nagusiak. Hau da, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; Iparraldeari dagokionez, instituziorik eza bera izan da eragilea. Eta arrazoiak, lehena, eragile horiek sustatu ez izana heldu guztiok euskara nahikotasunez ikastera iristeko adinako ekimenik (horrek berekin dituen inplikazio politikoengatik). Bigarrena, instituzio horiek gazteen hala moduzko euskalduntzea sustatzera mugatu izana. Eta azkena, euskararen erabilera norbanakoon borondatearen eta gazteen sorbalden gain utzi izana (adibidez, Jaurlaritzak are eta gehiago kamustu du berez nahikoa ahula zen Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretua, euskaraz artatzen ez duenari zigorrak ezartzeko aukera baztertuz). Beste administrazioek hori aurreikusi ere ez dute egin. Azken horri loturik, badago nahikoa aztertu ez den beste aldagai pertsonalago bat, bi erdaren nagusigo posizioa, eta horrek eragiten duen euskaldunon gutxiagotasun konplexua. Erdaldunek badakite euskaldunok nahitaez gaztelaniaz edo frantsesez jakin badakigula, eta horretaz baliatzen dira asko beren erantzukizunei iskin egiteko. Era berean, euskaldun gehiegik azaltzen du praktikarik ez duen euskararen aldeko jarrera.
Beraz, euskararen erabilera orokortzera iristeko bi erronka nagusiek bete gabe jarraitzen dute: euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzea eta euskararen ezagutza unibertsala lortzea. Inpase egoeran gaude. Ataka horretatik ateratzeko, zerbitzuen alorra eragin nahi duen Lehen hitzetik zerbitzua euskaraz eragite-ekintza jarri du abian Kontseiluak, euskalgintzak abiatutako bideari eutsi eta are indar handiagoa eman nahirik. Eman lezake ingurumari ekonomikoa ez dela euskararen eskakizunaren alde egiteko egokiena, mundu mailako krisiaren erdian egonik. Baina, krisi garai hau euskararentzat aukera bilakatu beharra dago. Zerbitzuen arloaren ezaugarria da, hizkuntza ezagutu eta erabili behar izateaz gain, bezeroen nahiak asetzea dela helburu. Guztiok bezero izan gaitezkeela baliatuz, euskaldunon eragiletza bultzatu nahi dugu esparru horretan. Harreman komertzialetan, langileen eta bezeroen artean euskaraz hitz egin ahal izatea eta euskaraz hitz egitea eragin nahi da, euskara zerbitzu-hizkuntza izatea. Horretarako, kanpainan parte hartu nahi duten herrietan, euskaldunei dei egingo zaie euskaraz bizi daitezen, erosketak euskaraz egin ditzaten, euskarazko zerbitzuak eska ditzaten. Euskaraz artatuak izan nahi dugula jakinarazi, eta euskaraz nahikotasunez moldatzen ez denari hizkuntza ikastea proposatu. Jadanik ez baitute balio «no entiendo» edota «je ne comprend pas» bezalakoek. Euskaldun kontzientziatuok euskaraz bizitzeko jarrera geure egin eta indartuz gero, bizkortu dezakegu eragile sozial etapolitikoek euskararekiko jokabide aktiboak izatea. Gonbidatuta zaudete euskararentzat garatu eta zabaldu nahi ditugun esparruotan eragitera. Zerbitzu-emaile euskaldunak aukeratu nahi ditugulako, euskaraz bizi nahi dugulako.
Lehen hitzetik, zerbitzua euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu