Lupa eraberritua

2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ahal izanez gero, lasaitasuna lankide zintzoagoa da analisi politikoa egiterakoan, denbora emanez, gertakizunak utzitako aztarnari begira, berehalakotasun urduria baino.

Aurreko paragrafoa begi bistan izanik, dagoeneko usaintzen dugun hauteskunde kanpaina edo borrokaren harira, hemen nire saioa.

Orain betetzen dira lau urte, 18/98 makrosumarioan zipriztindutakoen alde Bilbon ekitaldi dotorea ikusteko aukera izan genuela. Gonbidatuen artean, Xabier Arzalluzek parte hartu zuen eta auxe esan zigun: «Estatu espainolean ez dago botere banaketarik eta, beraz, ezta ere konstituziorik».

Jardun laburra izan zen berea, nire ustez, gaineratu zezakeen boterearen kontrolik ez dagoen lekuan ez dagoela demokraziarik, ez baita gauza bera boterearen banaketa formala eta benetakoa.

Izan ere, banaketa formala erraz defendatzen da. Nahikoa da hiru botere klasikoak aipatzea eta bakoitzari dagozkion zereginak arautzea. Benetako banaketak, ordea, gehiago eskatzen du.

Ondo zioen Xabier Arzalluzek — lastima aurreko 20 urteetan gauza bera egin ez izana— nabaria baita gaur arte Moncloatik iragan diren gobernu guztiak ahalegindu direla gobernarientzako gotorbideak zutointzen, legearen aurrean denok berdin izateari dagokion printzipio demokratikoa hautsiz. Aski dugu Felipe González edo José M. Aznarrek jorratutako bideari begiratzea, —ez dago luparen beharrik—esandako guztiak baieztatzeko.

Inpunitatea bilatzen dute eta horretarako (BJKN) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian hasten da bidea. Erakunde horretatik, eta bertako eledunen arteko indar harremanenarabera, magistratuek badakite nola jokatu, alderdi nagusien interesei erantzuten dioten gatazkak konpondu behar direnean.

Hemen adibide dotorea; Gobernuak hautatu eta kargugabetu badezake Estatuko Fiskal Nagusia, nork esan dezake, botere judizialaren independentzia defendatzen duela eta era berean, Ministerio Fiskala ere botere politikoari zuzenean atxikitua izan behar dela. Ezinezkoa da. Ez dago banaketarik.

Gaurko Espainiako demokrazian gobernuko presidenteak, gehiengo nahikoa izanez gero, Kongresuko, Senatuko eta BJKNeko lehendakariak hauta ditzake. Horretaz esan behar dut sistema honi Francoren garaian deitzen zitzaiola «boterearen batasuna eta boterearen koordinazioa», bada zerbait. Gaur ez, gaur demokrazia ordezkatzailea deitzen zaio (…).

Horrela ez da harritzekoa, ustez sistema indartzeko daudenak, ezkutuko interesei lehentasunaemanez, espainiar demokraziaren gabezi guztiak agerian jartzea.

Gogoan ditut, eguna joan eguna etorri, bulegoetatik atera eta toga beltzekin mozorrotuta demokraziaren gidaribezala agertzen direnak; euren filia, fobia, bizio eta gabezien gatibu. Espainiako botere banaketarik ez dagoela frogatzen dutenak, harrokeriaz gainezka, benetan diren bezala azaleratzen direnak; pretoriano hutsak.

Ez da nirea iritzi berezia, azalpen erraz batez ulertu ezin dena. Ondorio apala besterik ez da, jardun publiko zenbaiten irakurketaarruntetik atera daitekeena. Nahikoa litzateke gogoratzea, haien arbitrarietatea agerian uzteko, ibilbide profesionaleko zenbait pasarte.

Bat aipatzekotan, hona hau: Rafael Vera,Felipe Gonzálezen gobernuan,Segurtasuneko Estatu idazkaria izana,eta epaitegietan zigortua Estatuko diru-kutxetatik bostehun milioi pezeta xahutzeagatik, edota, Segundo Marey hendaiarra bahitzeagatik. Inork ez du sekula inongo sententziatan terrorista gisa seinalatu. Bai ordea, Donostian dagoenEgia auzoko hilerrian, bertako nerabe talde bat,politikari ezagun baten hilobian zeuden loreak zapaldu zituztela leporatuta. Horiek bai, horiek zuzen-zuzenean terroristak izendatu zituzten.

Beraz, pretoriano izendatzea zuzena da, bere lanaren eragite politikoa ikusirik.

Bide beretik, Espainiako Entzutegi Nazionaleko fiskala den Molina jaunak — nik nahi baino maizago bertan «solaskide» izandakoa— bere une distiratsu baten argialdi polita eskaini zigun: «Ez dago tiro egin beharrik terrorista izateko».

Argi dago Epaitegi Gorenak, Sortu legeztatzearen atea itxi izanak, berea egiten duela Molina jaunaren iritzia, bestela nola uztartu pentsatzeko ahalmen hutsa terrorismoarekin?

Epai honen ustel usaina nabaria da. Batez ere, —orain bezala— etekin politikoa helburu duenean. Justiziaren funtsa ez baita eredugarria izatea, bidezkoa eta zuzena baizik.Itxuraz, arrazoi ososa duzu Molina jauna.

Argia da beraz, ibilbide luze horretan, aldamio juridikoa ez dela geratzen azalpen teoriko hutsean, baduela bere funtsa, alegia, Alderdien Legean gauzatutako gehiegikeria politikoan azaleratu den bezala. Lege «demokratikoa» bai, jakina, baina Francoren neurrikoa.

Nola onar daiteke, Epaitegi Gorenak edonorren garunean «irakurtzen» duena epaitzeko eskubidea? Erotu gara?

Hauek ez dira gaurko arazo berria, aspalditik datoz, eta beti izan dira antzakoak. Denetarik dute; ospe handikoak, oso jantziak, lansari bikainak, baita hantukeriaz lepo.

Egia esatekotan, —hemen gezurrak ez du balio— nire ustez,Franco bere garaian,hauek baino txukunagoa zen horrelako lanetan, baita merkeagoa ere, eta ez dut uste sekula togarik jantzi zuenik.

Hainbeste zentzugabekeriaren aurrean, horrelako astakerien ondoren, nola liteke intelektual euskaldunak, baita espainiarrak, mutu egotea, nola liteke?

Garai batez eta denbora luzean, ez zuten lupa erabiltzerik izan, margo gorriz zikindu zutelako. Baina badira, odolez zikindu zutela diotenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.