Ia hiru urte krisi ekonomikoa «ofizialki» deklaratu zutela. Lehenik eta behin, finantza sistema zulotik ateratzeko, diru publikoaren kopurutzarrak erabili zituzten. Ondoren, enpleguaren suntsiketa gertatu zen, eta langabezia-tasaren kontrolik gabeko gorakada: lan prekarietatearen parte bat langabezia bihurtu zen, eta enpleguaren baldintzak txartu egin ziren; «konpontzeko», beharrean aurkitzen direnei laguntza publikoak murriztea erabaki zuten. Horrela, pobrezia areagotu egin zen, etxebizitzetatik botatzeak hasi ziren... Eragin nagusien harandian, badira biztanleriaren sektoreak biziki kaltetuak: etorkinak, emakume langileak eta gaztedia.
Gutxiengo indartsu batek (nazioarteko finantza instituzioak, ugazaberiaren goi-karguak, banku handiak...) klase politikoa eta administrazio publiko gehienak euren zerbitzura jarri ditu. Hori dela-eta, Estatuko Gobernuak aurrera eginaz eta erkidegoetako gobernuen laguntzaz (bai Nafarroakoa, bai EHAEkoa), benetako gurutzada neoliberala jasaten ari gara.Horiek diote mugatua eta biztanleria osoan zabalduta ez dagoen ongizate estatuaren parte handi baten espolazioa onartu behar dugula.
Hamabi hilabete hauetan 2010eko maiatzeko dekretutzarra pairatu dugu, ekaineko lan erreforma eta 2011ko otsaileko pentsioen murrizketa; orain, hitzarmen kolektiboaren erreforma lantzen ari dira. Eraso hori historikoa da; ez badugu erantzuten, lan eta gizarte eskubideen gainbehera gertatuko da, eta datozen belaunaldiak euren guraso eta aitona-amonak baino gaizkiago biziko dira.
Tamainako tragediaren aurrean, erantzun sozialak zeharo desberdinak dira. Alde batetik, CCOO eta UGTren lankidetza. Bestaldetik, gure herrian, hainbat gizarte mugimenduen laguntzarekin, LAB, ELA, ESK, EILAS, CGT, CNT, EHNE, Hiru eta abarren eskutik dirauen konfrontazio eta borroka sindikalista; 2009ko maiatzak 21, 2010eko ekainak 29, CCOO eta UGTk zerbait egingo zuten keinua egin zuten irailak 29 eta 2011ko ekainak 29ko greba orokorrek eta egin diren hamaika mobilizazioek, diruaren botere eta horrek inplementatzen dituen politika neoliberal basatiekiko erantzun zabalari bidea eman diote.
Borroka ez da nahikoa izan; jarraitu behar dugu. Hala ere, lehen emaitza izan dugu: argi eta garbi geratu da sistemaren esanetara den sindikalismo instituzionalaz haraindi, erasoen kontrako erantzun zabalak eratu daitezkeela, badelako sindikalismoa egiteko beste era bat eta erakundeak daudelako berau suspertzeko prest. Gai izan gara hormako adreilu batzuk botatzeko, eta horrela hauteman mundu justuago baten etorkizun hobeagoa; jarrai dezagun erabat bota arte.
Mundu justuago baten alde…
Egoera honetan, baieztatu behar da beste mundu bat posible ezezik biziki beharrezkoa ere badela. Goseteak, gerlek, emakumeentrafikoak, armagintzak, planetaren suntsiketa prozesuak (Fukushimak, energia nuklearraren«bertuteak» gogorarazi dizkigu), haur-lanak, langabeziak, lan prekarietateak eta abarrek amaitu behar dute. Eta gizarte justizia egoerara heldu, non inor ez dadin bestea baino gehiago izan,non inor ez dadin bizi inoren bizkar, eta non beharrezkoak baino ez diren baliabideak erabiliko diren.
Egoera horretara heltzeko, funtsezko hiru baldintza bete behar dira: ondasunaren banaketa, lanaren banaketa (soldatapekoa, pertsonen arreta eta etxeko lanak) eta kontuan hartzea bere mugak dituen ekosistema batean bizi garela. Ingurumen-mugei buruz, gogoratu behar dugu gure herrietan oinatz ekologikoa sobera gainditzen dela; horrek era sozialeko neurriak hartzera eraman beharko gintuzke (elikagai-subiranotasuna, mugak garraioetan, bitarteko kolektiboen suspertzea, nekazaritza ekologikoa...), eta bakoitzak kontsumo-pautak birplanteatu beharko lituzke. Ondasun eta lanen banaketa herri aberats eta pobreen artean eginbeharrekoak dira, eta herri bakoitzeko pertsonen artean, lanaren banaketa sexualaren desagertzearen ezinbestekotasuna azpimarratuz.
Ondasun banaketari heltzeko, herri pobretuei kanpo zorraren barkamena bezalako neurriak hartu beharko lirateke, finantza transakzio guztiei zerga-sistemaren bat ezarri, herri horiei urtetan lapurtu dizkiogun baliabideak itzuli...
Lanak banatzeko, langileriaren lelo klasikoak berreskuratu behar ditugu: 35 orduko lanaldia (egun, mugimendu batek dio 21 orduko lanaldia astean nahikoa litzatekeela), aparteko ordurik ez, prestakuntza lanaldiaren barruan...eta irabazitako denbora hori lanpostuak bihurtu. Aldi berean, hainbat produkzio kolokan jarri (armak, garraio pribatuak, transgenikoak...) eta zerbitzu publiko kolektibo gehiago eta hobeakaldarrikatu. Beste zerga-sistema bat exijitu (gehiago duenak gehiago ordain dezala), bankuaketa indar-enpresa handiak nazionalizatu eta herri kontrolpean jarri...
…Kapitalismoa gainditu
Sistema kapitalistarentzat hori dena onartezina da. Kapitalismoak garbi eta argi utzi du gutxiengo batzuen ongizatea biztanleen gehiengo baten esplotazioaren bidez lortzen dela; gu bizi garen bezalako herri aberatsen esplotazioaz eta, batez ere, herri pobretuen esplotazioaz.
Beste sistema sozio-ekonomiko bat diseinatu behar da, eskubide eta betebeharren berdintasunean oinarrituta, ingurumen-mugekiko errespetuan; eta horren alde borrokatu. Zeregin sindikalaren egunerokoak helburu horiek ezin ditu alde batera utzi, eta pixkanaka lortzeko aritu behar dugu. Hormaren beste aldean mundu hobe, posible eta beharrezko bat ikustatzen da. Horren alde borroka dezagun!
Maiatzak 1: gizarte eredu berri baten alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu