Tere Saez Barrao.

Maiatzaren 24a: emakumeen boterea gerra geldiarazteko

2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Historia erreala eta emakumeek hari eginiko ekarpena ezagutaraztea berdintasun politiken helburu bat da; hau da, benetako historia berreskuratzea, ulertzeko ekarpen hori mendeetan ezinbestekoa izan dela gizadiaren existentziarako eta gizarte desberdinen egiturarako. Ekarpen hori etxe barrutik zein kanpotik egin da. Ekarpen horietako bat da, hain zuzen, emakumeek izandako boterea gerrak geldiarazteko.

1915eko apirilaren 28an, gerran zeuden hamabi herrialdetako 1.136 emakume Hagan bildu ziren, hasia zen gerra geldiarazteko asmoz; milaka pertsona ari ziren hiltzen gerraren ondorioz. Haien helburua zen bitartekaritzarako bide bat aurkitzea, gerra berehala amaitzeko modukoa. Lau egun iraun zuen biltzarrak, eta, bukatu zenean, ordezkariek hamalau herrialdetako estatuburuengana jo zuten —gizonezkoak ziren denak—. Hala, proposatu zuten herrialde neutralek berehala bakerako batzorde bat sortzea. Horrela sortu zen Women's International League for Peace and Freedom (Bakerako eta Askatasunerako Emakumeen Nazioarteko Liga). Elkartearen sortzaileetako bat Jane Addams izan zen, AEBetako soziologo eta gizarte erreformatzailea; Bakearen Nobel saria irabazi zuen lehendabiziko emakume amerikarra izan zen, 1931n.

Elkarte horren sorreraren 99. urteurren honetan, haien helburuak indarrean daude oraindik ere, eta gerraren kausak aztertzea dute ardatz, militarismoari aurre eginez, bakean inbertituz eta multilateralismoa sustatuz.

Salatzen dute munduko gastu militarra areagotu egin dela eta areagotzen ari dela bizkor-bizkor: hala, 2011n, gastu militarra 1,7 trilioi dolarrekoa zen, hau da, 249 dolar mundu osoko emakume, gizon eta haur bakoitzeko. Haatik, kalkulatzen da 1.290 milioi pertsona erabateko pobrezian bizi direla.

Azpimarratzen dutenez, gerrak, indarkeriak eta militarismoak desberdin eragiten die emakumezkoei eta gizonezkoei, eta emakumeek zailtasun handiagoei aurre egin behar diete, legeria hausten delako eta botere egiturek gizartea menderatzen dutelako.

Dei egiten dute mundu osoko desmilitarizazioaren alde; desmilitarizazio hori giza eskubideen errespetuan oinarrituko litzateke, eta gastu militarrak gizartearen eta ingurumenaren beharretara bideratuko lituzkete.

Emakume horiek guztiek posible egin zuten 1982. urtean Bakearen eta Duintasunaren Aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna ezartzea maiatzaren 24an, emakumeek eginiko ekarpenak ikusarazteko eta ezagutarazteko filosofia ikusmolde desberdinetatik. Gerra eta gatazken konponketaren inguruan generoaren ikuspegitik eginiko errealitatearen ezagutza eta azterketa horri esker, Nazio Batuek, 1325 Ebazpenaren bitartez, hau eskatu zuten: «Susta dadila emakumeek eginiko ekarpena bake kultura bat lortzearen alde eta prozesu guztietan emakumezkoak sartzearen alde». Segurtasun Kontseiluak onartu zuen bakea errotik dagoela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari loturik eta, gainera, behar-beharrezkoa dela emakumeek erabat parte hartzea botere egituretan eta gatazkak saihesteko eta konpontzeko ahaleginetan, munduan bakea eta segurtasuna sustatzeko eta mantentzeko.

Hori dela eta, geure lurraldeari begira, garrantzitsua da emakumeen rola berreskuratzea gure gizartean, baita iragan hurbilaren eta etorkizunaren eraikuntzan ere, ez daitezen egin, beste behin, amaitu gabeko eta osatu gabeko kontakizunak. Besteak beste, Ahotsak plataformak eginiko lana gogoratu behar da —Euskadin bakea sustatzearen aldeko emakumeen plataforma, 2002an sortua—, eta Mariposas en el hierro dokumental zoragarria ikusi (Tximeletak burdinan); dokumental horrek ideologia, jatorri eta gizarte desberdinetako hamabost emakumeren testigantzak jasotzen ditu, indarkeria mota desberdinen biktimak denak.

Emakume guztiontzat, bakea duintasuna da, eta eredu ekonomikoa eztabaidatzeko eta aldatzeko exijitzen du; horregatik, bizitzari eta duintasunari eraso egiten dion oro indarkeria mota bat da. Indarkeriarik gabeko bizimodu libre baten aldeko apustua da, eta gure gizarteak bake iraunkorrerako duen itxaropenari batzen zaio.

Kasu egin diezaiogun emakumeen ekarpenari, ikusaraz dezagun emakumeek gerretan izan duten eta daukaten protagonismoa, gatazken konponketan, borroka zibiletan eta mugimendu demokratiko eta iraultzaileetan, politika ez dadin nahasi lurzoru komuna lortzea eragotziko duten desadostasunen korapiloan.

Nahikoa arrazoi dira gizon eta emakumeok bat egin dezagun ekiteko eta bakearen aldeko hezkuntza exijitzeko, munduko edozein lekutan gerrak sortzen eta zilegi egiten dituzten faktoreak desagerrarazteko helburuz; bat egin dezagun bakea irudikatzeko, eta elkarlanerako, bitartekaritzarako eta negoziaziorako baliabideak indartzeko, gatazkak konpontzeko asmoz; eta bat egin dezagun emakumeei eta bakeari buruzko Emaguneren lehen mintegira joateko, gaur, EHUko biltzar aretoan.

Emakume nafar batzuk han izango gara.

(Erredakzioan itzulia)
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.