Malentxo, Iruñea Veleia konpondu

2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Lehendabizi, publikoki eskerrak eman nahi dizkizugu, Arabako Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatu berri gisa gu hartzeagatik, eta, Iruña Veleiako ostraken gai korapilatsu honetan gure iritzi xumea emateko aukera eskaintzeagatik.

Ez dakigu, gaur egun munduan, era zientifiko batez argitzeko gai hau baino gauza errazagorik egongo ote den. Baina, aurreko diputatua izan zen Lorena Lopez de Lacallek konpontzeari uko behin egin zion, behin eta berriz. Hasieran, Aldundiak sortutako Batzordeko kide gehienen —ez guztien—txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia. 2008ko azaroaren 19an, Batzordeko kide batzuek, ostrakak argi eta garbi faltsuak zirela adierazi zuten, besteak beste, Descartes hitza agertzen zelako eta osagai kimiko moderno bat zutelako.

Aldundiko Batzordean zientzien arloko aditu bi baino ez zeuden: Fernando Legarda jauna, ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga jauna, kimikaria. Lehenengoak ostraken euskarriak —zeramikak— erromatar garaikoak zirela baieztatu zigun. Bigarrena, ostrakak faltsuak zirela esan zuena izan zen, osagai moderno bat zutelako. Hurrengo egunean, Eliseo Gilek argitu zuen gai hau, Madariagak aurkitutako osagai moderno horinormalean apurtuta agertzen diren zeramika zatiak itsasteko erabiltzen zen kola zela zehaztuz. Madariagak azaroaren 19 baino lehen gai honi buruz Eliseori ez galdetzea oso esanguratsua da.

Baina Madariagaren txostenean, 19ko prentsaurrean esan zuenari buruz, ez da ezer agertzen. Prozedimendu kimikoen bidez ostrakak ezin direla datatu zioen, zeramikak gehiegi garbitu zirelako eta ez zutelako sedimentu nahikorik haien azalean. Bere txostena Aldundian abenduaren 3an sartu zuela esan beharra dago, hau da, prentsaurrea baino 13 egun beranduago. Denbora nahikoa izan zuen berak esandakoa zuzentzeko.

Ondoren, Lorena Lopez de Lacallek, ostrakak egiazkoak izan zitezkeela esaten zuten 16 txostenak ikusi zituenean, Madariagaren txostenak —zituen kontraesanengatik— askorako ez zuela balio ikusi zuenean, Aldundiko Batzordeko kideak 16 txostenei erantzuteko gai ez zirela ikusi zuenean eta, batez ere, txosten horietako batek —Koen geologoarenak— ostrakak datatu zitezkeela esaten zuenean, ez zuen eman beharreko erabakia hartu: datazioak egin daitezkeen ala ez aztertzea eta horrekin, gai korapilatsu hau argitzea. Epaitegiaren bidea aukeratu zuen, ordea.

Eta iaz, gai hau daraman Epaile andereak datazioak egiteko urratsei hasieran eman zienean, akusatuak, hau da, Eliseo Gilek eskatu zuelako, Lorenak ere ez zuen egin beharrekoa egin: datazioak beste inor baino lehenago egin, ostrakak egiazkoak diren al ez jakin ahal izateko. Epaileak, Madariagak esaten duenaren kontra, datazioak egin daitezkeela uste badu, ez zen egokiagoa izango epaileari aurre hartzea?

Gainera, datazioak egin daitezkeen ala ez argitzeko, inori ez zaio bururatu gai honetan gehien dakitenei galdetzea: Europan dauden arkeometriako laborategiei, adibidez, Liejako Unibertsitateko CEAri (Centre Européen d'Archéométrie) edo Groningen-go LCMri (Laboratory for Conservation & Material Studies).

Orain, EAko Lorena anderearen ordez, Malentxo anderea, zeu zaitugu EAJren alderditik Kultura Diputatu. Baina, nahiz eta alderdi politikoa aldatu, zuekin izandako bileran, zeuk eta zure taldean dagoen Roman Berriozabalek, orain arte egindakoarekin erabat ados zaudetela esan zenuten. Horrez gain, Epaileak esaten duenaren zain egon behar dugula, eta Aldundiak Epailearen ikerketa ez zuela oztopatuko, eta datatu ahal izateko ostrakak eskatuko balitu eman egingo dizkiozuela ere gehitu zenuten.

Zoritxarrez, Euskal Herrian Justiziarekin dugun esperientzia handiak erakusten digunez, bere eraginkortasuna, askotan, zalantzan dago. Adibide gisa Egunkaria-rekin gertatutakoa aipa genezake, 8 urte tardatu izan dute epai bat ematen eta, gainera, ez du, inolaz ere, bere itxierak sortarazi zuen kaltea konpontzeko balio izan. Ostrakak egiazkoak ala faltsuak direla jakiteko 8 urte itxaron behar baldin badugu, izutzeko modukoa da. Gainera, 15.000 euro direnez, Malentxo anderea, ez litzateke logikoagoa izango datatu daitezkeen ala ez galdetzea, urtetan gai honekin bueltaka ibili gabe?

Bileran dezepzio handia hartu genuen zurekin, gai hau orain arte jarraitutako bide beretik eramango duzuela ikusi genuenean. Bide horrek bi kalte izugarri egin ditu orain arte: ostraken faltsutasuna gizarte osora zabaltzea, kata kontrolatuak eta datazioak egin baino lehen, jokaera guztiz zentzugabea dena. Eta, bestetik, indusketa eremuaren %3 suntsitzea, pasa den uztailean, hondeamakina batek harlauzetaraino lanean aritu zenean. Pala mekanikoak harlauzen gainean zegoen guztia erauzi zuen: hormak, estratuak, hondakinak…Ez genuke nahi, 8 urte barru, egiazkoak direla ebatsiko balitz, indusketa eremu guztia suntsituta egotea, hondeamakina batek dena aurretik eramanda, uztailean horrela egiten hasi zuen moduan.

Malentxo anderea, EAJk gai honen ardura hartuko balu, zentzu gehiagoz jokatuko zuela uste genuen, beste zenbait gaitan erakutsi duen moduan. Adibidez, Leitzaranetik egin nahi zen autobiaren gaian, zure alderdiak gai hau modu egokian konpondu zuen. Edo Getariako Balentziaga Museoa, aurreko arduraduna kendu ondoren, gaia modu egokian kudeatu duzuelako.

Amaitzeko, zure alderdiko kidea den Amatiñoren hitzak gogoratu nahi genituzke. Berak idatzitakoaren arabera, Aldundiko Batzordeko kideek esandakoez inolako zalantzarik ez zuela izan esan ondoren, 13 txosten eginda ikusita (hau idatzi zuenean orain baino 3 gutxiago zeuden), ez zeukala zentzurik dataziorik ez egitea, faltsuak ziren ala ez argituko liguketelako. Eta honako hau ere esan zuen: «Ez dakit baina, ni Euskaltzainburu edo Arabako Diputatu Nagusi banintz ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.