Afaltzen nagoela, telebistako albistegian gizon bat ikusi dut lurrean, odolez zipriztindua. Ez dakit nor den, ez dakit non dagoen, telebistari begira banago ere, ez baitiot esaten dutenari jaramonik egiten, buruan ditudan hainbat gauzari bueltaka ari naiz. Argi daukat, hala ere, gizon bat hil dela gaur, nonbaiten, urruneko gatazka batean, Afganistan, Irak edo Palestinan, agian. Baina ez dut ezer sentitzen eta honek arduratzen nau.
Errudun naizela pentsatu dut, ez baitut minik nire begien aurrean gizon bat hiltzen ikusi dudan arren. Eta neure buruari esan diot: Baina bizirik al zaude? Eskua ahora eraman beharko zenuke eta begiak txikitu minaren minez. Baina ez, saiatu banaiz ere, ez dago minik, ez dut ezer sentitzen. Tragedia nire begien aurrean eta nire bihotzeko taupadak ez dira bizkortzen. Hainbeste antzeko irudi ikusi ditut, ohitu omen naiz.
Hiriaren erdigunetik oinez noala, emakume bat ikusi dut espaloian belauniko, dirua eskatzen. Ortografia akatsez beteriko kartela bere aurrean. Eta haren ondotik pasatzean ez naiz emakumearen egoeraz arduratu, ez dut pentsatu haren bizimodu latzaz, haren zorigaitzaz. Ez, emakumearengandik urruntzen ari naizela, bere aurrean duen kartelaren ortografia akatsak ditut buruan. Emakume bat muturreko txirotasunean eta nik ez dut ezer sentitzen. Ez dut minik. Hainbeste antzeko irudi ikusi ditut, jada ez nau lur jota uzten. Ez dut sentitzen.
Horregatik kezkatu nau hainbeste atzo gauekoak. Telebistan Zinemaldiko sari emanaldiaren errepikapena ematen ari ziren. Norbaiti, ez dakit nor zen, sari bat eman zioten, ez dakit zein sari. Berbetan hasterakoan hunkituta zegoela nabaritu nuen, eta saria bere familiari eskaini zionean, hunkipenez, hitz eten batzuk ahoskatu zituen, eta begiak urtu zitzaizkion. Hari begira korapilo bat sentitu nuen saman eta negargurari eutsi egin behar izan nion. Guztiz hunkitu nintzen, tipo hura nor zen ez banekien ere. Horregatik etorri naiz. Larria dela uste duzu, doktore? Sendatuko al naiz?
Minik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu