Atlantikotik Persiako Golkoaraino sutan dago gaur egunetan mundu arabiarra. Bigarren aldiz esnatzen ari dela esatera ausartzen naiz gaurko honetan, joan den mendean nazio askapen mugimenduen lehengo marran izan direlako herri arabiarrak. Irak eta Egipto dira goizen Britainia Handiaren menpetik atera diren herrialdeak. Suezeko ubideaz Egiptoko gobernua nagusitu zelarik, oso ausartia izan zen Nasser jauna. Frantziako jakobinismoak eta nazionalismo estuak bestelakatzeraino ezarria izan zen Aljeria adibide on bat izan zen herri alienatu eta menperatu askorentzat. Independentzia lortzeko eta bere nortasunari eusteko Aljeriak emanikako borroka nola ahantz, Frantziako Estatuaren menpean dauden herri txikientzat pizgarria eta sustagarri izan zela?
Berjabetasuna lortu ondoren, demokraziaren itxura zuten diktatura askoren menpean bizi izan dira herri arabiar batzuk; estatu ohi kolonialisten laguntzaileak izan ziren erregetiar dinastien peangeratu dira besteak. Berjabetasuna lortu zutenetik urte batzuetara nahiko lasai bizi ziren herri hauek, independentziarako gerlaz jasan ondoren askatasunaren haize berri leunen dastatuz. Alabaina, ez ziren Boumediene edo Nasser bezalako buruzagiak giza-eskubideen defentzaile gartsuak, baina politikaz ez omen ziren baliatzen beren sakelak diruz bete zitzaten. Herri arabiar askotako lehen gobernariak sasi gudua, isilpean bizitzea eta guduka armatua zer zen jakin bazekiten bederen.
Joan den mendearen zortzigarren hamarkadako aitzindariekin orobat aldatu da giroa: eguneroko bizitza gero ta garestiago; independentziaren geroko lehen urteak ezagutu ez duten gazteak, ongieskolatua izan arren, lanik gabe geratuz gero, zapuzturik bizi dira edo erbestera doaz lanaren bila; bitartean klase politikoak ustelkerietan dihardu. Zalantzarik gabe, funtsezko aldaketa nahi du herri arabiarretako gazteriak, eta lehen-lehenik alderdi guztien baimentzea, eta denentzako bizimodu duin bat.
Gaur mundu arabiarrean dauden diktaduren kontra ari diren indarren artean islamismoa dago, bertako gobernariak eta mendebaldeko estatuak kezkatzen dituena. Horregatik, diktadura arabiar batzuek Mendealdeko bermea eta laguntza ukan dute. Nire ustetan Islamaren baitan lanjerik ikusten ez dudan bitartean, islamismo hutsari oso kezkagarri deritzot. Denbora zaharretako doktrina atzerakoi batera garamatzanez gainera, benetako harresi bat altxatuko litzateke Ekialde eta Mendebaldearen artean, azken honetan eskuineko neofaxismoa elikatuz eta gizenduz. Herri arabiar musulmanetan xaria berrezartzea Europan Inkisizioaren legea berrerabiltzea bezala litzateke. Mendebaldean heriotza zigorra urratsez urrats desagertzen ari delarik, zuzen litzatekeemakumeen harrikatuz hiltzea edo lapurren eskuen herriko plazan ebakitzea? Ezezkoan nago.
Islamak hedatzen dituen balore emankorrak baztertu gabe, herri arabiar asko erdi mailako laikotasun batean bizi daitezke. Horixe da Baasalderdiaren ideologia nagusia, baina, zoritxarrez, Siriako El Hassad diktadoreak etaSaddam Hussein Irakeko diktadore ohiak gaizki erabilirik izan da.
Diktatura ustel eta Islamismo hutsaren bitarteko bidea atzeman behar dute herri arabiarretan, baita denentzako demokrazia ekonomiko bat ere. Honetaz gainera, estatu arabiarretan bizi diren gutxiengoen (berbereak, kurduak eta koptoak bereziki) etorkizunaz arduratu beharko dute agintari berriek, zapalkuntzaren bidetik iragan gabe.Jadanik diktadura hutsa den Sudango estatuan, hegoalde ez-arabiar eta animistak berjabetasuna lortu du, gaur denbora gutxi. Aurrerapen emankor eta baikor bat orain arte behintzat. Lurralde arabiarretan nazio arazo bortitzena Israelgoa daukagu, zalantzarik gabe. Estatu Judua bolada honetan zain dagoela badirudi, diktadura arabiarren geroa eta bukaera nola izanen diren behatuz.Baina benetako demokrazia bat herri arabiarretan sortzen bada, Israel eta ondoko herrietako gobernuen artekoharremanak baikorkialdatuko direlako itxaropena badut.
Azkenik, denboraldi motz baten buruan herri arabiarren udaberriak zer ondorio baikorrak ukanen dituen ohartuko gara.
Mundu arabiarraren iratzarkuntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu