Munduko hirugarren arma esportatzaileak, EBk, konkordia saria?

Alberto Nadal Fernandez
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Munduko zazpigarren arma-esportatzailea izan zen Europako Batasuna 2012-2016 urte tarteetan. Espainiak atzerrira saltzen duen produkzioaren eta esportazioaren parte diren armak ekoizten dira Hego Euskal Herrian. Gasteizko kolektiboak datu adierazgarrien bidez frogatzen du Estas guerras son muy nuestras liburuan.

Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Errusia eta Txina munduko bost esportatzaile nagusien taldeko partaideak dira. Bosten artean arma-esportazioaren munduko merkatuaren %73 kontrolatzen dute. Estatu Batuek eta Errusiak jarraitzen dute munduko arma esportazioaren buruan, bien artean merkatuaren %56 pilatzen baitute 2010-2016 denbora tartean, SIPRI Stockholmeko Bakerako Ikerketarako Nazioarteko Institutuak informatzen duenaren arabera.

Armak ez dira desfilatzeko soilik. Edozein produktu bezala, bere lanerako eraginkorrak direla eta lehiakideenak baino hobeak direla frogatu behar dute. Eta proba zelairik ez badago, sortu egiten da. Siriar gerra, esaterako, proba zelai bihurtu da, eta errusiar indar militarraren erakusleihoa da; ondorioz, salmentak handitu egiten ditu.

Eta Europa? 2005etik 2014rako hamarkadan, Ekialde Ertainera zein Afrikako Iparraldera 82.000 milioi euroko balioa zuten armak esportatzeko lizentziak eman zituzten EBko estatu kideek. Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak, zonaldeko politika atzerakoien eta antidemokraten erdiguneak, EBko armen bigarren eta hirugarren jasotzaileak izan dira.

Yemengo gerran izan duen inplikazioagatik Saudi Arabiari espainiar armen salmenta debekatzeko proposamena errefusatu berri du espainiar Kongresuko Defentsa batzordeak. Proposamena bertan behera geratu da PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien bozekin. Espainiak 650 milioi euroko balioa duen armamentua saldu dio Saudi Arabiari 2015ean Yemenen esku-hartze militarra hasi zenetik, giza katastrofea sortu zuen esku-hartzea hain zuzen ere. Horretaz gainera, Riadi bost korbeta saltzeko operazioa burutzear dago Navantia; hau litzateke ontziola publikoak historian egindako esportazio kontraturik handiena.

Saudien erregimena espainiar industria militarraren bezerorik onena da Europatik kanpo. Yemengo gerran agertzen hasi dira espainiar armak, zeintzuk Riad buru duen koalizioan inplikaturiko Golkoko herriei saldu zaizkien.

Armen salerosketari buruzko espainiar legearen 8.1. artikuluaren arabera, arma esportazioak debekatuko dira. «Bakea asaldatuko duten ekintzetan erabil daitezkelako zantzu arrazionalak egongo direnean (...) tentsio edo gatazkak areagotu (...) barne-errepresio edo giza eskubideen urraketako egoeretan erabiliak izan, edo transferituriko materialen desbideratzearen ebidentzia duten herritara zuzentzen direnean». Baina, nork ikertuko du ertainera (edo munduko beste hainbat herritara) esportaturiko espainiar munizioa? Sirian edo munduko beste edonon, edo Yemenen herritar errugabeak hiltzeko erabili diren edo jihadisten eskuetan amaitu diren mortero-granadak, bonbak, torpedoak, suziriak, misilak, abioiak edo ibilgailu blindatuak?

Espainian egiten diren armak Ekialde Ertainera garraiatu behar dira. Urteetan Santurtziko Portutik egin da. Ignacio Robles suhiltzaileak Saudi Arabia helburu zuten lehergailuak zaintzeari uko egin zion arte. Ekintza horrek honako hau ahalbidetu zuen: publikoki jakitea Bilboko Portutik Saudi Arabiara 300 edukiontzi baino gehiago atera direla lehergailuz beteta 2016ko urritik.

Europar Batasunak afganiar errefuxiatuekiko duen politika salatu berri du Amnesty Internationalek, heriotza, bahiketa eta tortura indarrean baititu. Gainera, gaur egun beren etxeetatik ihes egin duten 65 milioi pertsona daude. Horietako 41 milioi beren herrietako mugen barruan desplazatuak izan dira, eta hogeita batek errefuxiatuaren estatusa dute edo bilatzen dute beste estatu batzuetan. ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisionatuaren zenbakiak dira, eta Sirian kokatzen du aurre egin behar dion giza-emergentziarik handiena, ia bost milioi errefuxiatuekin.

Gainera, Europako Batasunak Turkiara bideratu duen drama 3.000 milioi euroren truke, Erdoganen erregimenak errefuxiatuak Europako lurraldera hel daitezen oztopa dezan. Baina ez da ihes egiten Siriatik soilik. Afganistan, 2,7 milioi errefuxiaturekin, eta Somalia, 1,1ekin, gatazka armatuetatik ihes egiten duten pertsonen ranking dramatikoko hurrengo herriak dira.

Europako Batasunak armatu egiten ditu gatazkan dauden herriak, eta etekin handiak ateratzen ditu hortik, eta aldi berean merkatu horrek sortzen dituen errefuxiatuen olatuak eusteko dirua ematen die beste herriei zein milizia paraestatalei (Libia). Konkordiaren Asturiasko Printzesa saria merezi du? Beharbada merezi duen sari bakarra Asturiasko Printzesa bera da. Elkarrentzako modukoak dira. Edozelan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma Oviedon izango da urriaren 20an, Europako Batasunak pertsona errefuxiatu eta migranteen kontra daraman politika armamentistikoaren aurka protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.