Nafarroako pertsona ezkertiar eta abertzaleok interes handiarekin jarraitzen ari gara azken hilabeteotan NaBai osatzen duten eragileen artean garatzen ari den eztabaida eta indar espainolista eskuindarrak Euskal Herrian egiten ari diren mugimenduen aurrean dituen jarrerak. Batzuen eta besteen arteko akzio-erreakzio dinamika diskurtsiboak agerian utzi ditu azken urteotan ezkutuan gorde izan diren barne ika-mikak.
Nafarroako eskuinak gauzatutako akordioen sakontasuna sumatzen du, bereziki, gure herrialdean hazkundean doan aldaketa sakon baten aukeraz ohartuta. Aldiz, NaBairen barneko zenbait sektorek defendatutako jarrerek gauzak bere horretan mantentzearen esperantza elikatzen dute. Batzuek 2007. urteko akordio baztertzaile eta ez eraginkorra berrargitaratu nahi dute. Besteek, berriz, eremu zabalagoak lortzearen aldeko apustua egiten dute; profil aurrerakoi, ezkertiar eta abertzale handiagorekin. Jarrera horien konfrontazioak agerian uzten du gako erregionalista eta eskuin jeltzalearen eskutik doan NaBai subjektuaren eraginkortasun eza.
NaBaik aldaketa politiko eta sozialerako, 2007an zein egungo akordioaren arabera, definitutako formula gisa ez du sinesgarritasunik, ez bertakoentzat ezta arrotzentzat ere. Joera probintzialista-erregionalistak Euskal Herrian prozesu demokratikoa abiarazteko indar metaketatik at kokatzen du. Programa ezkertiarra eskuratzeko gaitasun eza erakusten du, hasierako izaera aurrerakoia bazterrean utziz. Aldaketa politiko eta soziala bermatzeko espazio ezkertiar eta abertzalearen artikulaziorako edozein aukera baztertzen du, eta, bitartean, etorkizunari begira, PSNrekin ustezko akordioak marrazten ditu.
Horretaz gain, harritzekoa da zenbait sektorek zer-nolako azkartasunarekin itxi nahi duten Nafarroarako hauteskunde-akordioa, jakinik azken gertaeren garapenak aukera berriak sor ditzakeela. Aukera horiek, Nafarroan ere, Euskal Herrian prozesu demokratikoa bultzatzen duen indar metaketarekin bat datorren dinamikaren norabidean kokatu daitezkeelarik (EA eta Ezker Abertzalearen arteko akordio estrategikoa, Gernikako gutxiengo demokratikoen gaineko akordioa...).
Ikuspegi eraikitzaile batetik, batzuentzako 2007an lortutako garaipen elektoral erlatiboa (besteak beste, Ezker Abertzalearen ilegalizazioari esker lortutakoa) garatzeko baldintzak birsortzeko anbizioa besterik ez dagoela pentsa daiteke. Aldiz, PSNrekin azken urteotako negoziazio itxuragabeena burutu ostean, aldaketaren iruzurra bermatu zuten ildoak mantentzearen aldeko apustuari heltzea ulergaitza egiten da.
Gure iritziz, NaBai osatzen duten alderdi politikoen lehentasuna Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzea bada, arazoa ez litzateke eserlekuen banaketan edo ordezkaritza organikoaren kuotetan kokatu behar. Logikoena egun ezkertiarra, aurrerakoia eta abertzalea den espazioaren elkartzea litzateke.
Ziurrenik, gakoa beste bat da. Agian zenbait sektorek ziklo berri baten irekierari eusten diote eta nolabaiteko beldurrarekin aztertzen dute Nafarroan ordezkaritza handia duten espazioen bat-egitea, ezker independentista kasu, besteak beste.
Aldiz, beste sektore batzuen posizioa zehatzagoa da. Jose Angel Agirrebengoa EAJren buruak egindako adierazpenak -«ez daude eta ez ditugu espero»- edo Jose Luis Mendozak «independenteak» adierazitakoa -«Batasuna eta NaBai ez dira bateragarriak NaBain erabakiak adostuak daudelako ez inposatuak»-, ingurune jeltzalearen kokapena adierazten dute.
NaBai eta ezker abertzalearen arteko bateragarritasun eza ez da forma kontua, auzi garrantzitsuetan dagoen ikuspegi ezberdintasuna baizik. NaBaik hainbat auzitan mantendutako jarrera (banketxe, indar polizial eta AHTari babesa, Europako Konstituzioaren proiektuaren gaineko erreferendumaren aurrean isiltasuna, M-11 erasoarekin hartutako jarduna, Libanora legioa bidaltzearen aldeko babesa...). EAJ eta Batzarrek hartu duten jarrera ulergaitza da, gertakizun zabal eta historikoen aurrean, Gernikako Akordioa edota Foru Hobekuntza legitimotzat hartu izana, esaterako.
Ezker abertzaleak aldaketa politiko eta soziala premisa bikoitzarekin defendatzen du: lehenik eta behin, eztabaida aukera berdintasunean garatzeko oztopo diren joko arauak aldatu behar dira. Horiek proiektu politiko guztien garapena ukatzen dutelako eta Estatuaren interesak Nafarroako herritarren gainetik kokatzen dituztelako. Bigarrenik-faktoreen hurrenkerak ez du produktua aldatzen-, Nafarroako sektore aurrerakoi, ezkertiar eta abertzale guztien artikulazioa eta edukien gaineko akordio sendoa garatu behar da.
Daukagun akordio politikorako erabakia publikoa da eta elkarlanerako jarrera argia: Gernikako Akordioarekiko konpromisoa, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialerako dekalogoa eta ondorengo garapena.
NaBairen barnean kokatzen diren sektoreengan dago horri erantzutearen ardura.
NaBai edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu