Tere Saez Barrao.

Nafarroa eta genero indarkeriaren kontrako estatu ituna

2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Martxan da azkenean, 2017ko abenduaren 27tik, hain beharrezkoa genuen eta emakumeen mugimenduek hainbeste galdatzen zuten genero indarkeriaren kontrako estatu ituna; ordura arte, hiru hilabete pasatu dira, eta 22 emakume erail dituzte. Itunak 26 neurri dakartza 2018rako; prebentzio eta sentsibilizazio neurriak: besteak beste, epaitegien eta administrazioen arteko jarduteko protokoloak hobetzea; indarkeria kasuak egiaztatzeko bitartekoak hobetzea, babeserako estatutu integralera errazago sartu ahal izateko; osasun alorrean, biktimen laguntza eta babesa hobetzea; adingabeak lagundu eta babestea; justiziako eragileen, estatuko segurtasun indarren, abokatuen eta prokuradoreen prestakuntza sustatzea; administrazio publikoak eta emakumeen salerosketaren biktimentzako instituzioak aholkatzea; kanpaina informatiboen bidez, emakumeen aurkako bestelako indarkeria motak —bereziki emakumeen genitalen mutilazioa— bistaratu eta haiei arreta eskaintzea.

Berrehun milioiko aurrekontua ezarri dute horretarako: 100 autonomia erkidegoentzat, 20 udalentzat eta 80 estatuarentzat.

Eta zer-nolako eragina du horrek nafarrongan? Emakumeen kontrako indarkeriaren definizio eta motetan, itunarekin bat datoz gure ekidegoaren 14/2015 foru legea —apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa— eta garapenerako ekintza plana; azpimarratzekoa da ituna harago doala, barnean hartzen baitu sexua dela-eta jazartzea ere.

Era berean, biktimen izaera egiaztatzeari dagokionez ere bat dator ituna, baita biktima-ren ordez bizirik iraun duena kontzeptua erabiltzeko orduan ere. Itunak garrantzi handiagoa ematen dio emakume horiek zerbitzuen diseinu eta ebaluazioan parte hartzeari. Zenbaitetan, bat datoz ikerketa neurrietan eta sentsibilizazio eta prebentzio neurrietan, baina estatu ituna harago doa unibertsitateko profesionalen prestakuntzan eta, batzuetan, baita sentsibilizazio sozialeko eta informazioko neurrietan ere; adibidez, guraso eta besterentzako materialen lanketa edo material motetan. Baina bi testu horiek ez dute maskulinitate eredu parekideen inguruko prestakuntzarik aipatzen.

Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioari eta arretari dagokienez, itunak neurri xeheagoak jasotzen ditu osasun alorrerako eta gizarte zerbitzuetarako, batik bat genero indarkeriako kasuentzako diziplinarteko laguntza unitateei dagokienez; hain zuzen, unitate horiei indartu egin zaie prozesu pertsonal eta judizialetan duten laguntzaile rola. Ez testu batek ez besteak ez dute jaso udaletako berdintasun agentearen lanpostua, eta lanbide hori oinarrizkoa da neurriak eta ekintzak betetzeko.

Arreta emateko eta oneratzen laguntzeko zerbitzu eta baliabideei dagokienez, itunak handitu egiten du landa eremuetako arreta, eta arreta pedagogikoa areagotu hezkuntzako errefortzu gisa.

Laneratzeari, autonomia ekonomikoari eta etxebizitza izateko aukerari dagokienez, itunak adingabe umezurtzen eskubide gehiago jaso ditu. Laguntza juridikoari eta justiziara jotzeko bideari dagokienez, itunaren arabera derrigorrezkoa da genero prestakuntza, eta beren-beregi debekatzen da genero indarkeria kasuetan bitartekaritzarik egotea. Derrigorrezkoa da bizirik iraun duen emakumeak eta inputatu/akusatuek espazio bereiziak izatea. Hori oinarrizkoa da.

Erreparazioari dagokionez, bi testuetan falta da aipatzea bizirik iraun duten emakumeen erreparazio eskubidearen dimentsio kolektiboa; zehazki, autolaguntzarako espazioen sustapena. Haiek gabe, ia ezinezkoa da ahalduntze pertsonal eta kolektiboa. Gaur-gaurkoz, elkarte feministek eta bizirik iraun duten emakumeen elkarteek asetzen dute behar hori. Baina eskubide bat dela aitortu behar da.

Funtsean, genero indarkeriaren kontrako estatu ituna guztiz bat dator Nafarroako legearekin. Xeheagoa da adingabeen babesari buruzko kontu batzuetan eta bizirik iraun duten emakumeek ahalduntze prozesuan duten garrantzian, bai eta emakume horiek indarrean dauden politiken diseinu, aplikazio eta ebaluazioan izan behar duten parte hartzeari dagokionez ere.

Ez dut aipatu gabe utzi nahi itunak ez duela azaltzen berdintasunezko hezkuntza oinarrizkoa dela indarkeria matxistak amaiarazi eta gizarte heteropatriarkal hau eraldatzeko. Aurrea hartzea da kontua.

Halaber, bi testuetan falta dira mota guztietako sexu indarkerien kontrako neurri zehatzak; gainera, ez dute lantzen bizirik iraun duten emakumeen eta eraildako emakumeen familien egiazko erreparazioa.

Hortaz, ekiteko garaia da. Nafarroako legea itunean adostutako neurriekin erkatu behar dugu, eta gure testua moldatu, handik ateratzen diren hobekuntzekin. Konpromiso ekonomikoak betez gero, baliabideak sortu eta ugarituko ditugu. Lehenbailehen eskatu behar dugu autonomia erkidegoentzako eta udalentzako dirua (100 eta 20 milioi, hurrenez hurren), hori posible egiteko. Etengabe berrikusi behar ditugu Nafarroako legea eta ituneko neurriak, hartara benetan eraginkorrak izan daitezen aurrera eramandako ekintzak epe motz, ertain eta luzean; horretarako, aholkua eskatu behar diegu mugimendu feministei eta, batez ere, bizirik iraun duten emakumeei.

Berrikuspen horretan, aitortu behar dugu sexu indarkeria (bortxaketa bat 8 orduan behin Estatu osoan) indarkeria matxista dela, eta hala tratatu eta epaitu behar dela.

2017. urteko 98 feminizidioek derrigortzen gaituzte. Mundu atseginago, justuago eta berdinzaleago baten alde guztiontzat. Orain da garaia!

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.