Aurtengo, 2010eko, Nafarroa Oinez martxan jartzeko lanak duela urte eta erdi hasi ziren, isil-isilik, aurrekoaren antolatzaileak jo eta ke ari ziren bitartean. Izan ere, hainbat hilabetez, aldi berean, bi Oinez izaten ditugu lanean: urtekoa eta lekukoa hartzeko motorrak berotzen hasia dena. Nafarroa Oinezen antolaketa eta presentzia, beraz, ez dira egun bakarrera mugatzen; askoz gehiago dira.
Nafarroa Oinez ikastola guztien festa da, txandaka eginiko ekimen handia, betiere guztion artean harturiko erabakiaren arabera. Bakoitzaren beharrak kontuan hartuz, baina gurea tamaina ezberdinetako ikastolek osaturiko sarea dela ahantzi gabe. Elkartasuna ardatza duen talde bat osatzen dugu, Lodosako Ibaialderen bidegarritasunari eusteko Nafarroako ikastola guztiak egiten ari diren ahaleginak ongi erakusten duen bezala. Alde horretatik, aipatzekoa da Paz de Zigandaren eskuzabaltasuna, Oinezen guneetako bat Ibaialderi utzi baitio, hortik aterako duen etekinak aurrera egiten lagunduko diolakoan.
Munduz mundu da aurtengo Nafarroa Oinezen leloa. Helburua, berriz, Paz de Ziganda Ikastolak batxilergoa martxan jartzeko behar duen inbertsiorako dirua lortzea. 40 urteko ibilbidea egina dauka Atarrabiako ikastolak, eta 1.000tik gora ikasle ditu, eta unibertsitate edo goi mailako lanbide heziketara arteko azken zikloaren beharra begi bistakoa da.
Hogeita hamar urte pasatu dira San Fermin Ikastolak batxilergoa emateko baimena lortu zuenetik. Geroztik, Iruñerriko ikastoletako ikasle kopurua bikoiztu baino gehiago egin bada ere, San Fermin da, oraindik ere, batxilergoa eskaintzen duen Nafarroako ikastola bakarra. Hiru hamarkadetan hezkuntza sisteman aldaketa sakonak egin dira, eta ikastolek egoera berrietara egokitzen jakin dute. Paz de Zigandak ikastola sendoa dela erakutsi du, hezkuntza arloan ibilbide bikaina eginez etengabeko hazkundea ezagutu duelako. Orain arteko lan txukuna da batxilergoan ere kalitate handiko ikasketak ziurtatzen dituen bermea. Unibertsitatez kanpoko eskaintza osatzea, beraz, garrantzi handikoa litzateke, ez bakarrik Atarrabiako ikastolarentzat, guztiontzat baizik. Izan ere, Nafarroa Oinez ez da ikastola bakarrera mugatzen.
Baina Nafarroa Oinez beharrezkoa den inbertsiorako dirua lortzea baino gehiago da. Atzean proiektu bat dago, eta baita euskara bera ere, gure festaren bi oinarriak. Aurtengo deia (Munduz mundu) gure Euskal Herriko mugetatik harago joana da, iazko Txikiak handi hura bezala.
Munduz mundu gure kultur nortasunaren isla da. Euskaldunak gara, baina mundura zabalik gaude, elkartasuna dugu ezaugarri nagusietakoa, eta kanpokoa ezagutu egin nahi dugu.
Aurtengo Oinezen globoari esker munduan barrena ibili gara, gugandik urrun ari diren euskaltzaleen bila. Argentina, Helsinki, Japonia eta Madrilgo unibertsitateetako irakasleak gure artean izan ditugu hizlari. Haien guztien testigantza entzutea hunkigarria bezain aberasgarria izan da guretzat.
Paz de Ziganda ikastolaren Munduz mundu globoa duela urte bete abiatu zen, munduan barrena ibiltzeko asmoz. Bihar, urriak 17, Atarrabiara bueltatuko da, urtebetez ikasitakoari esker aberasturik. Guztiok izanen gara han, ikasitakoa partekatzeko.
Guztioi gonbita egiten dizuegu, zuek ere festarekin bat egin dezazuen.
Nafarroa Oinez: egun bat baino gehiago; ikastola bat baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu