Itziar Aizpurua Egaña.

Nik badut beldurra

2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Sinesgaitza egiten zait «ez dut beldurrik» esatea, gezur borobila delako, eta gezurra erabiliz ez dugu aurrera egingo. Batetik, jaiotzen garenetik hil arte egiten dugun denbora mugatuan, geroz eta bizitza basatiagoa izaten ari delako lehen mundua deituriko gizarte neoliberal hau. Eta bestetik, honi aurre egiteko sortu duten «beste munduko jainkoaren legioak» hemengo mundua konpondu beharrean, txikitzera daramalako eta garamatzalako. Batetik zein bestetik harrapatuta gaituzte!

Gainera, ausartuko naiz esaten, gure bizitza paradisu modukoa izango balitz ere, beldurra izango genukeela geure baitan, ezin dugulako geure bizitza erabat kontrolatu, ezta erabat neurria eman ere, hain zuzen, hilkorrak garelako!

Beldurrez jaiotzen gara, beldurrez hezi, eta beldurrarekin bat eginda bizi. Bizitzak hauxe erakutsi dit: ausart edo adoretsu, ez da beldurra ezagutzen ez duenik, beldurra une oro gaindituz bizi dena baizik!

Ezinbesteko galdera datorkit burura: Itziar, zein da zuretzat beldurrik handiena? Eta bihotza eskuetan dudala aitortzen dut artikulutxo hau irakurtzen ari zareten euskal herritarron aurrean: Euskal Herriak bere nortasuna galtzea da une oro gainditu behar dudan beldurra!

Ikaraz eta dar-dar jartzeko zorian uzten nau gure Ama Lurraren zilbor-hestea galtzeko arriskuan ikusteak. Hau da, Herri bezala ditugun ezaugarriak betirako desagertzeak: oinarri nagusienak diren lurraldea eta euskara, euskal-kulturaren altxorra, gizarte lotura antolakuntzaren aldeko auzolanean, elkartasuna askatasunaren aldeko borrokan diharduten herriekin... Azken batean, batasuna; herria izateko beste herriekin elkarlanean!

1936ko gerraren ondoren, 1960tik aurrera, gure belaunaldiak erakutsi zuen ausardiak argia ekarri zuen iluntasuna besterik ez zegoen Euskal Herri tristera. 1978an, herri borrokak lotuz, bideratu genuen euskal herritarren ilusioa. 2011n, bide berri zentzudun bat ireki zen, orain lantzen ari garena; noski, ni baino gazteago eta jakitunagoek zuzentzen dutena.

Aipatu ditudan bi etsai boteretsu horiei aurre egiteko —AEB buru duen eta Europa bere esanetara duen kapitalismo neoliberalari, batetik, eta «beste munduko jainkoaren legioei», bestetik— metodo onenetan onena gu geu izateko borrokan jarraitzea da. Sortzen dizkiguten beldurrak uxatzeko eta Herri gisa duintasunez bizi ezinari aurre egiteko tresna egokiena da borroka, herriaren alde tinko lan egitea.

Martxoaren 12an bete ditugu hogeita hamaika urte Hego Euskal Herriak NATOri ezezko borobila eman zionetik. Hain garrantzi handiko erantzunak Espainiako eta Europako agintariak garaitu zituen, baina ez zuen eta ez du garaipen «usainik» izan Euskal Herrian, beste arrazoi askoren artean, honengatik: NATO aliantza militar bat baino zerbait gehiago da. Bere Konstituzioaren 2. artikuluak dio: «Beren Nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dien oposizio guztiak desagerrarazten saiatuko dira sinatzaileak». Eta, ondoren honako hau: «NATOko partaide izatea bermea da zenbait prozesu iraultzaile suntsitzeko».

Espainia eta Frantzia NATOko partaide dira. Eta NATOko indarren Komandate Gorena beti komandante iparramerikarra izan da. Garai hartan, Haig jaunak honela zioen: «Barruko etsaia identifikatzea eta deuseztatzea da NATOren funtzio garrantzitsuetakoa».

Beraz, ez da harritzekoa munduan bizitzen ari garen gerra giroa, gosea eta duintasun eza, gizarte desoreka, desideologizazio, biderik gabeko gizartea, ilusioa galdu duena, eta Euskal Herria bera ere horren isla izatea. NATOren bultzatzaileak beharrezko duten gizartea lortzen ari dira! Eta hori da, hain zuzen, egiten utzi behar ez dieguna, «beste munduko jainkoaren legioak» ere gainean izango ditugulako, gainera. Geurea dena defenditu behar dugu, askatasuna lortuz!

Bardean, gure basamortu bakar eta ederrean dute NATOkoek beste herrialdeak suntsitzeko armamentua. Eta, ondo dakigu, bertatik gerra-hegazkinak irteten direla gure borondatearen aurka. Behar balitz, baita gure aurka ere!

Beraz, irakurle zaitudan hori, ez al da gure eginkizuna hegazkin horiek Bardeatik kanporatzeko borrokatzea, aurretik zentral nuklearrekin egin genuen bezala? Ez al da guztion borroka, NATOri ezetza eman genion bezala, Espainia behartzea base militarrak eta hegazkinak Bardeatik kentzera?

Nik behinik behin ez dut zalantzarik Herri gisa, Euskal Herria gisa onar gaitzaten, eta errespetatuak izan gaitezen, lehen pauso garrantzitsua litzatekeela aipatu dudana. A!, eta beldurra uxatzeko, primerakoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.