'No és això, companys, no és això...'

Jon Jimenez Andoni Olariaga Filosofian lizentziatuak
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gatazka politikoak konparatzeko joera handia dago gaur egun. Besteak beste, konparazio gehienek Euskal Herria eta Herrialde Katalanak dituzte hizpide. Eta konparazio horietan, kezka hau da nagusi: 50 urteko borroka luzearen ondoren, hainbeste sufritu ondoren, milaka hildako, torturatu eta atxilotu egon ondoren, hainbeste ilegalizazio eta debekuren ondoren, nola da posible eskubide funtsezkoenak inoiz baino zapalduagoak egotea? Ez al dugu, irabazi beharrean, atzera egin? Zertarako balio izan du borroka horrek guztiak? Eta, aitzitik, Herrialde Katalanetan, bide baketsuen bidez, ez al dira inoiz baino egoera hobean orain? Herri-galdeketa independentistak antolatzen, zezenketak debekatzen eta abar egiten? Galdera horien oinarrian, gertaera koiunturalak gatazkaren testuingurutik aterata eta goretsiak daude, inongo funtsik gabe. Baina galdera, noski, hau da: nola neurtzen edo zein irizpide jarraitzen da herri bat bere askapen prozesuaren zein fasetan dagoen zehazteko? Hori, batetik. Eta, bestetik, Ezker Abertzalearen barruan kezkak omen daude hark ildo ideologikoa aldatu eta bere oinarriak traizionatu ez ote dituelakoan. Bi gai horiez hitz egingo dugu artikulu honetan.

Lehenengo kezkari dagokionez, esan behar da jarduera politikoa, berez, aurreikusitako helburuei begirako estrategian eta efikazia mailan oinarritzen dela. Hori kontuan hartuz, herri baten estrategia politikoa, zuhaitzetatik harago begiratuz, basoan ikus daiteke. Eta basoa ez dira herri-galdeketak, Estatut-aren aldeko milioi bat pertsonako manifestazioak edo zezenketen debekua, askok hala ikusi nahi badute ere. Basoa herria aske izateko baldintza estrukturalak edo objektiboak dira, eta horiek lortzera makurtzen da estrategia politikoa; hau da, herri bat aske izateko behar diren kontzientzia, mekanismo eta instituzio propioak sortzean. 50 urtean eta azken hamarkadan batez ere, Euskal Herria aske izateko baldintza estruktural guztiak izatearen alde borrokatu da, eraikuntza lan izugarria eginez. Eta egungo ilegalizazioen eta eskubideen deuseztapen basatien gainetik, baldintza gehienak lortuak izan direla esan daiteke: esparru estatutarioaren agortzea -Herrialde Katalanetan, aldiz, horren aldeko apustua egiten ari dira oraindik-; lurraldetasunaren kontzientzia -Nafarroa gatazka politikoaren erdigunean jarriz-; instituzio nazional propioen eraketa; Estatuaren eta bere zutabeen -Konstituzioa, Auzitegi Nazionala, Indar Armatuak, Legebiltzarra...- deslegitimazioa. Eta guztietan garrantzitsuena: gaur egunean, euskal herritarren gehiengoak bere etorkizuna autodeterminazio eskubidearen gauzapenetik datorrela ulertzen du. Horiek dira, hain zuzen, 50 urteko borrokaren ondoren Estatuari irabazitakoak; esan liteke, independentzia lortzeko Euskal Herriaren baldintza objektibo gehienak lortuak ditugula, beraz. Lluis Llachek zioen moduan: No és això, companys, no és això, gure eskubideekin egiten den salerosketa, gureak diren eskubideak direlako, kartzela berriak diren lege batzuen pean egin edo desegiten ez direnak.

Bestetik, Ezker Abertzalearen ustezko aldaketa ideologikoaren harira, azkeneko eskubide urraketen eta errepresio basatiaren gorakadak hau erakusten du: Ezker Abertzalea zerbait ongi egiten ari dela, errepresio hori ez baita inoiz inongo arrazoirik gabe ematen. Aitzitik, Ezker Abertzalearen aldaketaz edo «biguntze» ideologikoaz mintzo direnek jakin beharko lukete horrelako prozesu ideologiko batek Estatu espainolaren babesa eta saria ekartzen duela beti. Adibide pare bat izan ditugu azken 30 urtean. Dena den, argi dago inor ez dela berregituraketa ideologikoan ari, estrategikoan baizik. Estatua mugitzeko xedez, eta azken unean prozesuaren giltza bere esku gelditu ez dadin -Loiolan bezala-, indar sendo bat sortu behar da, ideietan anitza baina ekintzan bateratua izango dena.

Estatuari, horrela, borroka politikoa galdua duelarik, gerra-tresnak besterik ez zaizkio geratzen. EAJk, aldiz, Ezker Abertzaleak ilegalizatuta jarrai dezan behar du, bere hegemonia mantentze aldera. Horregatik, ETAri zuzendutako eskaera zaharretan ainguratuta jarraitzen du, erabat jokoz kanpo, Iñaki Anasagastik bere blogean idatzi duen La corbata de Rafa artikuluak islatzen duen bezala. Aurretik esandako guztia kontuan hartuz, beraz, badirudi hau dela Ezker Abertzalearen estrategiaren aldaketaren arrazoia: 50 urteko borrokari esker, dagoeneko badira baldintzak autodeterminazio eskubidea lortu eta gauzatzeko. Orain autodeterminazioaren alde egingo duen ezker indartsu bat behar da. Unean uneko probokazioei ematen ahal zaizkien amorruzko erantzunei indarrak batzearen epe luzerako estrategia gailendu zaie -Bilboko manifestazioa, kasu-.

Beste zenbaitek, ostera, kalkulagailua lagun, baldintza handiak jartzen dizkiete batzuei, baina aise egiten dira beste batzuen lagun, Nafarroan boteretxoak mantentzeko asmoz. Jakin badakite, ordea, beraiena ibilbide gutxiko estrategia dela. Izan ere, autodeterminazio eskubidera eramango gaituen, eta Ajuria Enean edo Iruñean geratuko ez den, ibilbidea behar dugu. Aurreko batean Mario Zubiagak ondo zioen bezala: «¿Es el momento del cálculo político o de los valores?». Lluis Llachekin jarraituz: No és això, companys, no és això; itxaron behar dugula esango digute. Eta itxarongo dugu, seguru itxarongo dugula. Baina geldituko ez garenon itxaronaldia izango da; no és aixó esaterik ez dagoen arte.

50 urteko borrokaren ondoren, beraz, hobeto ala okerrago dago gure herria? Hobeto, ezbairik gabe. Estatua porrotera eraman dugu, politikoki indarge utziz, eta Estatuarekin bat egin duen euskal indar hegemonikoa den EAJk porrot horretan ere harekin egin du bat. Argi gelditu da, beraz, herriaren gehiengoak etorkizuna autodeterminazio eskubidearen gauzapenean ikusten duela. Orain, eskubide hori lortze aldera, indarrak metatzeko garaia da: egindakoaren eta borrokatutakoaren uzta batu behar da. Izan ere, No era això, companys, no era això, pel que varen morir tantes flors.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.