Aurreko ostiralean Noa kantariaren kontzertua zela eta, bat egin nuen Israeli boikot lelopean Tolosan izan zen elkarretaratzearekin. Palestinari elkartasuna adierazteko modu ezin hobea iruditzen zait, Palestinatik bertatik eskatua, eta arrazoiak, berriz, nabarmenak: 4.000.000 errefuxiatu, 11.000 preso politiko, apartheid harresia, eguneroko hilketak... finean, herri baten genozidioa; Palestina eta Israelen artekoa ez baita gatazka bat: Israel proiektu sionistak palestinar herriaren desagertzea du oinarri, bestela ezin da existitu. Inork baino hobeto sionismoak berak laburbiltzen du: Jenderik gabeko lur bat, lurrik gabeko jendearentzat.
Kontua da herenegun lagun batekin bero-bero eztabaidatzen jardun nuela Noari boikota bai eta Noari boikota ez. Nik gehienbat argumentu potoloak ematen nizkion: Palestinaren egoera ezin larriagoa, elkartasun eredu eraginkorra izan ahal dela (Hegoafrikako apartheid politikarekin izan zen bezala), Palestinatik bertatik eskatzen dela... Baina bera Noa gora eta Noa behera: bakearen alde dagoela, palestinar kantariekin abestu izan duela, Tolosan bertan palestinar estatu libre baten alde egin zuela... Horrez gain, artista sentibera dela... eta, adibide bezala, Noak Tolosako emanaldian bere aitonari eskaini zion kanta izugarri polita aipatu zidan.
Itxuraz, Noak kontatu zuen bere aitona Yemenetik Israelera abiatu zela bere familiarekin, eta bertan aitonak-eta eraiki zutela Israelgo herri txiki berri bat (gure herrian kolonia esaten zaio horri). Gero Noak bi urte zituenean, familia AEBetara migratu zen, eta 17 urterekin kantaria Israelera itzuli zen. Antza, aitonaren izaera abenturazalek asko markatu zuen Noa.
Nik konpartitzen dut estatu bateko biztanle guztiak ez direla estatu horrek egiten dituen gehiegikeria guztien errudun edo arduradun, eta ondorioz ezin dela orokortu. (Dena den, jokaera pasiboak batere erantzukizun eta ardurarik gabe uzten gaitu gure estatuek, etxean edo kanpoan, egiten dituzten torturak, okupazioak, hildakoak eta abarren aurrean?). Hala ere, Israel berezia da, Hegoafrikako estatu arrazista zen bezala, gutxienez.
Noaren aitona Yemenetik Palestinara bizitzera joan zenean, ez zen migratu Tolosatik Iruñera: Israelproiektu sionistak eskaini zion lana, etxea eta pasaportea bere erlijioagatik. Izugarria da.
Are izugarriago: Israelek bere urbanizazio handia egin duen lurra ez zegoen hutsik (eta oraingoz ez dago erabat hutsik); palestinarrak bizi ziren (eta haietako gutxi batzuk bertan bizi dira oraindik).
Nire lagunari egin nion eskaera egiten dizuet zuei ere, irakurleoi: Wikipedia-ra jo (edo eskura duzuen beste entziklopedia batera), bilatu Israel eta bilatu Palestina. Historiaren hariak beste leku askorenak bezala egiten du aurrera XIX. mendearen bukaerara arte. Historiaren puntu horretan, palestinarrak gehienbat musulmanak ziren, gutxi batzuk kristauak eta askoz gutxiago juduak, baina guztiak palestinarrak. Artean sionistarik ez zen heldu Palestinara.
Mende bat pasatxo 7 milioi israeldar sionista bizi dira Palestinan, lehenago bizi ziren palestinarretatik gehienak (4 milioi) errefuxiatuta daude, eta Palestinangeratzen diren apurrei bizi-baldintza itogarriak ezartzen zaizkie, bertatik joan daitezen.
Bitartean Israelek jarraitzen du etxeak, lurra eta paperak munduko juduei eskaintzen; kolonoa izatea da prezioa, palestinar errefuxiatuek mendeetan bizi izandako sorterrira itzuli ezin diren bitartean.
Israeli boikota Palestinaren genozidioa eteteko tresna egokia da. Ezinbestekoa da gure jendartean apurka-apurka sionismoari ateak ixtea. Eta Euskal Herrian eta munduko herri gehiagotan Israeli boikot eginez espero dugu, apurka-apurka israeldar kirolariak, enpresak, irakasleak, musikariak edo politikariak... eta Noa ohartuko direla 4 milioi palestinar errefuxiatu baldin badaude, apartheid harresia eraikitzen, suntsipen kartzelak, eguneroko hilketak...sionismoak Noaren aitonari eta beste lagun askori beste herri baten lurra, etxea eta hiritar eskubideak eman zizkiolako dela.
Ezberdina da Noak sionismoari muzin egitea eta Palestinarentzat bakea eta estatu libre bat eskatzea. Izan ere, «bakea eta estatua» Bushek edo Olmert-ek proposatzen dute, kontua da nolako estatua den eta zertan oinarritutako bakea. Guk sionismoari boikota egiten diogun bezala, Noak ere egin ahal dio. Orduan izango da ongi etorria Euskal Herrian.
############
Ezberdina da Noak sionismoari muzin egitea eta Palestinarentzat bakea eta estatu libre bat eskatzea. Guk sionismoari boikota egiten diogun bezala, Noak ere egin ahal dio. Orduan izango da
ongi etorria
############
Noaren aitona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu