Filosofia irakasle ohia

Nongoa zara?

Julen Goñi
2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

Jaiotzen garenetik hil arte, omen, gure izatea etengabe zehazten/mugatzen dute. Askoz zabalagoa litzateke gure izatea abizenik gabe, hots, zehaztapenik gabe. Ez dakit instintuen eraginagatik den edo gizarteak artifizialki sortutakoa, baina garbi dagoena da hori dela gure joera, hau da, zehazteko joera. Eta zehaztasun bakoitzak bereizketa eta, horrekin batera, taldeak sortzen ditu. Zehaztasun hori dutenek talde bat sortuko dute eta zehaztasun horren barruan sartzen ez direnak kanpoan geratuko dira, beste taldekoak izatera pasatuz.

Izenburuan agertzen den galdera zehaztasun mota bat litzateke, itxuraz sinplea, arrunta, gardena, ideologiarik gabekoa, edonork erabiltzen duena eta bigarren esanahirik gabekoa dirudiena...

Ba, ez! Zehazteko galdera gehienak bezala, maltzurra, hautatzailea, sailkatzailea da, ideologia baztertzaileak sortutakoa.

Litekeena al da zauden tokikoa ez izatea? Ez. Izatea bakarrik orainaldian izan daiteke; beraz, galdera horrek ez du zentzurik, zeren eta erantzun posible bakarra da «hemengoa naiz». Ez iraganean ezta etorkizunean ere ez gara, eta, ondorioz, galdera hori egitean ezagutu nahi duguna jakingo genuke aldez aurretik, eta erretorikoa izango litzateke, informazio lortzerik emango ez duena.

Beraz, zer da galdera horrek ezkutatzen duena edo, hobeto esanda, zergatik egiten dugu galdera hori?

«Garbi dago, mutil, honekin jakin nahi dena da non jaio den pertsona bat, besterik gabe», esango didate gehienek.

Baina ez da besterik gabe, zoritxarrez: jaio garen lekuak/herriak gure izatea eratzen duelako ustea barneratuta dugu, kontzienteki edo inkontzienteki; hau da, uste dugu jaioterria baino askoz gehiago jakitea lortuko dugula galdera hori egitean. Eta oker galant hori aurreiritziak sortua da, beste aurreiritzi askoren iturria delarik. Izan ere, norbait ezagutu ezean bere jaioterria ezagutzeak nor (eta nolakoa) izan daitekeen baieztatzera garamatza.

Horregatik, hain zuzen, askotan modu ezberdinez erantzuten zaio galdera horri, segun nor den galdetzen duena. Aurreiritziak hurbil kokatzen badu galdera egiten duena, jaioterria edo hiria aipatzen da; urrutiago kokatzen badu, eskualdea; urrutiago bada, autonomia erkidegoa; eta urrutiago bada, azkenik, estatua. Eta botere jokoan sartzen gara maiz, zeren eta segun zein den galdetzen duenaren maila soziala, jaiolekua edo bizilekua aipatzen da, ezberdinak badira noski, edo biak, baina lehentasuna haietariko bati emanez. Horrela, «Madrilen bizi naiz, baina jaiotzez Mañerukoa naiz» esatetik «Madrilekoa naiz» esatera pasatu daiteke, uste baita jaioterriak eragina daukala besteekiko erlazioetan.

Eta, ziur aski, egia da jaioterriak baldintzatzen duela aurrean dugun lagunaren mailaketa. Zoritxarrez, jaioterriari ematen zaion garrantzia errealitatean gertatzen denarekin lotuta dago. Hain zuzen ere, hiri handietan jaiotzeak edo bizitzeak bertan bizi diren lagunei nolabaiteko handikeria ematen die, dituzten gaitasunak hirien tamainarekin nahastuz.

Aurrekoa, baina, ez da lengoaiaren tranpa bakarra. Hasieran esan bezala, jaiotzen garenetik gure izateari zehaztasunak (mugak) jartzen zaizkio, eta muga bakoitza indibidualtasuna azpimarratzeko egina dago, besteengandik bereizteko eta banatzeko alegia. Gramatikan, izenondo deitzen dira muga horiek. Benetan, izenondo mota batek bakarrik balio beharko luke pertsonak zuzentasunez bereizteko: izenondo moralak, alegia. Beste gainerakoak bereizteko baino banatzeko eginak daude. Hasten da izenarekin, zeinak gizona edo emakumea garela adierazten duen; geroago, kasu gehienetan, bataiatuak gara beste erlijioetatik bereizteko; hurrengoa, erregistro zibilean inskribatzen gaituzte eta horrela hiritartasunaren parte bihurtzen gara, hots, hemengoak izatera pasatzen gara kanpotarretatik bereizteko. Eta hori guztia guk kontzienteki parte hartu gabe, besteek gure ordez egiten baitute.

Lengoaiak, errealitatea adierazteaz gain, aurreiritziak ere agerian uzten ditu. Idatzi honen hasierako galderaren bidez aurrean dugun laguna kokatzen dugu, berari buruz ezer gehiago jakin gabe. Aipatzen duen tokiak («nongoa zara» galderari erantzuten diona) gutarra den edo ez adierazten du, eta ez hori bakarrik; segun eta zein den toki hori, barneratuta ditugun tokien hierarkian sailkatzen dugu: tokiaren bidez lehen mundukoa den edo ez, zer-nolako kultura daukan, herrikoa edo hiritarra den, eta abar... Eta horren arabera gure jarrera egokituko da, eta modu berdinean edo ezberdinean tratatuko dugu.

Zaila da, ditugun ohiturak kontuan izanda, aurreiritzirik gabeko ezagutza izatea giza erlazioetan, eta erronka ederra dugu gure aurrean hori lortzeko. Horregatik, oso inportantea da lengoaiaren mekanismoek nola funtzionatzen duten jakitea, bere tranpetan ez erortzeko. Erronka horrek gure ahalegina merezi duelakoan nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.