Nork erabakitzen du noiz?

Oier Imaz
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Gure irakasle batek esaten zuen moduan, filosofia ez da mundua azaltzen iaioa. Ez du bizitza aztertzerik biologiak baino hobeto, edo gizartea soziologiak baino hobeto. Aldiz, azter dezake bai biologiak bai soziologiak munduari begiratzeko duten modua. Pentsatzeko moduak elkarrizketan jarriz, filosofiak munduari buruz espekulatzen du. Laburki, ez ditu erantzunak ematen, galderak aztertzen ditu. Hortik, goazen ariketa honetarako proposatutako galdera aztertzera.

Egoera berriak paradigma berri bat erakuts diezaguke?

Hasteko, ezin daiteke ukatu egoera berria dela Berdin da zein aldagai begiratzen dugun: langabezia, mugikortasuna, hilkortasuna... Haietako bakoitzak erakusten du egoera ezohikoa dela. Eta denek batera erakusten dute arazoa konplexua dela. Dakitenek diotenez, horrelako arriskuek dute izaera sistemikoa eta garapen esponentziala: gurekin batera hedatzen dira, baina gu baino azkarrago, batetik bestera.

Arrisku konplexuen aurrean, prekauzioak agintzen du; mina ahal bezain beste mugatzea. Horretarako, birusaren abiaduran mugitzen saiatzen gara, arriskua kontrolatzeko. Bere izaera sistemikoa zedarritzeko, osasunera eta bere garapenaren abiadura gure mailara ekartzeko (lineala, ez esponentziala). Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioen bidetik testak, testak eta testak (ezagutza), eta konfinamendua (ekintza).

Horregatik, ez da arraroa instituzioen alde banatan nabarmentzen diren bi estamentuak izatea adituak eta militarrak. Agian, hori da egokiena, momentu honetan. Baina, teorian, arriskua kontrolatzen goazen heinean prekauzio egoeratik prebentzio egoerara pasako gara. Eta prebentzio egoeran, ezin dugu erantzun egin behar dugunari buruzko galdera, dakigunari buruzko galderatik abiatuz.

Lehenik, egoera berriak gure ezagutzaren mugak erakusten dituelako. Zer egin behar dugun ebazteko ezagutza gehiagoren beharra argudiatu daiteke. Baita ere, zuzenean, dakitenei erabakitzeko eskatu. Baina, demokrazia ez da erlatiboa, bestela ez da demokrazia. Gainera, duela hilabete, ez genuen serio hartuko. Antzekoak argudiatzen dira klima aldaketaren aurrean dugun jarrera azaltzeko; ebidentzia zientifikoa badugu, baina ez ditugu aldatzen gure egiteko manerak ebidentzien arabera.

Bigarrenik, bide beretik jarraituz, itxaro dezakeguna ere antzekoa da. Demagun ezagutzak (testak) eta ekintzak (konfinamendua) kurba apaltzen dutela. Ondorengo egoera ez da izango birusa bezain demokratikoa. Bakoitzak bere zama izango du, eta, bakoitzak, bere zamatik bere irakurketa: Beharrezkoa zen? Neurrizkoa? Norentzat? Nola? Nor atera da irabazten? Denak dira erantzun argirik gabeko galderak; ez behintzat ezagutza zientifikoaren eskutik.

Hortaz, prebentzio egoeran, hurrengoa litzateke gakoa: egin behar dugunari buruzko galdera ebaztea, ez bakarrik jakin dezakeguna aintzat hartuz, baizik eta itxaron dezakeguna kontuan hartuz. Bestela esanda, Azurmendi ekarrita, dena bil daiteke geure buruari buruzko galderan. Azken batean, paradigma aldaketa ez da gertakarien propietatea. Paradigma eredua edo patroia da. Aurrekarietan oin hartzen du eta onartua da. Onartua bada, ezin da gauzen ezaugarria izan. Hortaz, nagusiki, paradigma berriei buruzko galdera guri buruz ari da.

Auzia geure buruari buruzko galderatik pentsatuz gero, denetarik dago. Harturiko neurrien inguruan erakutsitako diziplinak eta elkartasunak, ni harritu nau. Iñaki Sotok zioen erakusten duela datozen erronkei (adibidez, klima aldaketari) aurre egiteko nahikoa heldutasun badela. Cesa Renduelesek, aldiz, ohartarazten zuen gaurdanik aurkitu daitezkeela, gure jarreretan, etor daitekeen «autoritarismoaren ekaitz perfektuaren» zantzuak.

Berdin aplika diezazkiekegu, biak hala biak, jendarteko aktore desberdinei: alderdiak, herritarrak, sindikatuak, enpresak, instituzioak... Horregatik, prebentzio egoeran, prekauzio egoeran ez bezala, agian orduan ere; denak beharrezkoak dira, ez bakarrik adituak eta militarrak.

Horrenbestez, batera edo bestera joateko gakoetako bat izango da, hain zuzen ere, noiz eta nork erabakitzen duen momentua iritsi dela prekauzio egoeratik prebentzio egoerara pasatzeko. Noiz galderak ez dirudi izango duenik erantzun argia, ebidentea, zientifikoa. Hortaz, gakoa da nork erabakitzen duen noiz. Horrek determinatuko baitu, hein handi batean, zergatik eta zertarako. Eta, nire ustez, hobe da horrelako erabakiak partekatuak izatea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.