Gernikako agiriak bi zati nagusi ditu. Lehenengoan, bakea lortzeko ETAk eta Espainiako (harrigarriro Frantzia ez da azaltzen) Gobernuak eman beharreko pausoak azaltzen dira. Bigarren zatian, bake-giroa etorri ondoren egin beharrekoak.
Ez dakigu ezkutuan zer ari den gertatzen, baina ausartzen naiz esatera zein ordenatan eta denbora aldagaia aipatzera. Uste dut Gernikako agirigileek ere eduki dutela hori buruan, baina oinezkoei ez digute adierazi.
ETAk berari dagokiona edozein garaitan egiten duela ere, ez du hauteskunderik galduko. Beraz, nahi duenean egin lezake. Hobe azkar berandu baino. Hala ere, nire iritzian, ezer definitiborik ez du aurkeztuko datozen hauteskunde aurretik. Baldintza askotxo aipatzen ditu bere komunikatuetan.
Gobernuari eskatzen zaizkion gauzak lege eta beraien aplikazioarekin loturiko gaiak dira asko. Hauteskundeak gal ditzake mugimenduak ez baditu kontuz egiten. Euskal gatazkaren inguruan gurpila ondo olioztatuta dago alde bakarrera bira dadin. Gurpil hori geratu eta bestaldera abiatzeko, gauza asko gertatu behar dute.
Nire iritzirako, gaur bertan ETAk Madrileko Cibeles Plazan entregatuko balitu bere arma guztiak eta barkazioa eskatuz belauniko joango balira ere Zarzuela Palazioraino, ez litzateke ezer mugituko datorren maiatzeko hauteskunde aurretik. Ondorioz, Ezker Abertzaleak ezin izango ditu zerrenda propioak aurkeztu. Horretan ziur nago.
Herritarrok, beraz, laster jasoko dugun mezua izango da: «Hauteskundeak datoz, hauek dira zerrendak», eta horietan hasiko gara ikusten ea euskal abertzaleak oraingoan ezer desberdina egiteko gai garen. Abertzaleen aldeko emaitza on, baketsu, baliodun, errespetuzko eta jendetsuak bai izango direla optimismoaren oinarri. Beraz, herritarrok hauteskunde horietarako prestatu beharko genuke. Ehunka zerrenda aurkeztu beharko dira, ez bakarra. Egoerak eta aukerak (=zerrendak) mota askotakoak izango dira. Batzuetan gertatuko da oso atsegin ez ditugunei botoa eman beharra.
Poztuko nintzateke nire asmakizunetan oker banengo, eta bihar bertan suziriak botatzeko moduan bagina. Aldaketa-prozesu oso luze baterako prestatu beharko dugula iruditzen zait, eta egunotan dugun optimismoari denboraren aldagaia gehitu behar diogula uste dut. Gernikako agirian topatu ez dudan mezua ekarri nahi izan dut hona.
Martxel Aizpurua. Zarautz.
Hezkuntza pribatua
Berriz ere, Iruñeko Udalak, hau da, gobernatzen duen taldeak, eta, gainera, deus eginen ez balu bezala, diru-laguntza eman omen dio Txantrea auzoan dagoen gaztelaniazko Hijas de Jesus izeneko ikastetxe katolikoari, 0-3 urteko hezkuntza gaztelania hutsean eman dezaten.
Hasiera-hasieratik adierazi behar dut oso gaizki irizten diodala horri, hainbat eta hainbat arrazoirengatik, gainera. Hasteko eta behin, Espainiako estatuak akonfesionala aitortzen omen du bere burua konstituzioan. Hortaz, ba, ez dakit zergatik bultzatu behar duten ikastetxe erlijioso eta pribatu bat, publikoak baino lehen, eta, kasualitatea orain ere, hara, gaztelania indartu eta bultzatu behar dute, eta, bitartean, euskara, ordea, zokoratu, ahuldu, suntsitu eta ez ikusiarena egin.
Iruñe osoan bi haur eskola euskaldun publiko baino ez daude. Eta, gainera, biak auzo berean, gehiago izorratzeko; Txantrean, alegia. Urteak eta urteak dira euskal haur eskola berririk ez duela egin UPNko gobernuak, nahiz eta eskaera eta premiak guztiz nabarmenak izan.
Ingeles eta gaztelaniarekin, aldiz, ez da beste horrenbeste gertatzen. Nahiz eta aparteko eskaera eta mobilizaziorik inork egin ez, erdarazko eredu horiek erraztasun eta oparotasun guztiak gozatzendituzte hemen eta han, euskararen aurrean, hau da, azken hizkuntza honen iraingarri.
Berriz ere, guretzat zoritxarrean, ikusten ari gara UPN, PSNren ordainezinezko laguntzarekin, zitalki jokatzen ari dela Iruñeko eta Euskal Herri osoko bere hizkuntzarik zaharrenaren aurka. Arrazoiak? Auskalo! Baina, hasteko, behinik behin, erakusten ari dira demokrazia gabezia ikaragarria dutela, euskal kulturari amorraziozko gorrotoa diotela, inposizioa praktikatzea gustukoa dutela, dibertsitatea eta aniztasuna ez dituztela maite, eta abar.
Bukatzeko, nik uste dut, Iruñea bezalako udal batek deus baino lehen, eta inolako zalantzarik gabe gainera, bultzatu eta sustatu behar duela hezkuntza publikoa, bi hizkuntzetako bakar bat ere baztertu eta ahuldu gabe. Hori guztia oso ongi egin ondoren eta dirua soberan baldin badago, orduan aztertuko dugu zer-nolako itunak egiten ditugun hezkuntza pribatukoekin.
Xanti Begiristain Madotz. Iruñea.