Kezkatuta gaude, oso kezkatuta, alkatea azken garaietan Ikastolarekiko hartzen ari den jarreragatik. Horra hor guztiz ezohikoa den adierazpen publiko hau egitera zerk bultzatu gaituen.
Ikastola eta herriko Udalaren arteko harremana gizalegezkoa eta oparoa izan da guri egokitu zaigun urte luzeetan. Horregatik harridura eta noraeza eragin digu azken hilabeteetan ezagutu dugunak.
Ikastolarentzat eta Udalarentzat berarentzat onuragarriena delakoan, gogoeta eta bide historikoetara itzultzen laguntzeko izan nahi luke gaurko gure agerraldi honek. Oraintsu ezagutu dugu alkateak Orioko etxe guztietan zabaldu duen oharra herriko hezkuntza politikaren berri emanez.
Harritu egin gaitu Udaleko Alkateak zein ozenki jakinarazten duen pertsonalki eta aldebakarreko erabakiz, baztertu duela Udalbatzak osoko bilkuran hartutako ebazpen bat. Harritu egiten gaitu egiatik urruntzen diren bertsioak zein erraz darabiltzan. Ez dagokigu guri zehatz-mehatzeko ihardespenetan sartzea, baina bai esan ditzakegu bi gauza, Ikastolako arduretan berrogei urte hauetan ezagutu gaituzten belaunaldietako ehunka oriotarrek kontuan hartuko dituztelakoan.
Bat. Memorian daukagula oraindik 1993. urtean publifikazioko legea indarrean jarri zenean, Orioko Udalean ordezkaritza zeukaten alderdi politiko guztiek (EAJk, EAk eta HBk orduan) adierazi ziotela Ikastolari ordura arte bezala jarraitzeko, sare publikoa deitutakoan sartu gabe. Udaletik etorriko omen zen Jaurlaritzak ukatu zezakeen finantzatze publikoa, kontuan hartuta Ikastola zela herri ekimenetik sortutako eskola eredua. Ez dakigu inon idatzita egongo den pasarte hori, publikoan egindakoa izan arren, baina gutariko batzuk horren lekuko zuzenak izan ginen beste asko bezala, eta hala adierazi nahi dugu.
Bi. Esanak esan, ez gure garaian eta ez gaur egun, ez dago lege edo arau bakar bat ere Udalari eragozten dionik Ikastolari finantzaketa publikoa ematea. Gutxiago, kontuan hartzen bada irabazi asmorik gabeko entitate kooperatiboa dela eta berak darabiltzan eraikin eta instalazioak, lehen bezala gaur egun ere, Udalaren ondare direla. Horrela da, nahiz eta eraikin horiek finantzatzeko Ikastolak bere poltsikotik ekarpen propioa eta erraldoia egin. Gogoan dugu Ikastolak darabiltzan zenbait instalazio herri osoari irekita daudela, kirol, aisi, kultur ekintzetarako zein helduen hezkuntzarako ere.
Beraz, guztia mugatzen da Udalaren borondatera; kasu honetan, dirudienez, alkatearen borondatera.
Ikastola da Orioko familia gehienek hautatzen duten hezkuntza eredua euren haurrak eskolaratzeko orduan. Udal bakoitzari herritarren joera nagusiei ere erantzutea dagokio. Orioko alkateak ez zuen inoiz indargabetu behar, aldebakarreko erabakiz, udalbatzak osoko bilkuran onartutako hitzarmena. Udalak Ikastola laguntzen jarraitu beharko luke, irizpide historikoei eutsita, lehen bezala, orain.
Hori da gure uste apala, eta hala adierazten dugu hain kezkagarria den une honetan.
Antonio Campos, Eugenio Garmendia, Jose Antonio Lertxundi, Jose M. Illarramendi, Koldo Olariaga, Joseba Goiburu, Arantxa Aduriz, Pello Orbañanos eta Eneko Dorronsoro. Orioko Ikastolako lehendakari izandakoak.
Herriaren opio berriak
«Erlijioa herriaren opioa da». Marxen adierazpen hartaz gogoratu naiz gaur. Erdi Arora begira, eta hain urrutira jo gabe ere, erlijioak gizartean izandako eragina izugarria izan da. Ideia teologikoen onarpena edo ez onarpena alde batera utzita, ezin uka daiteke estatuak eta elizak ideia erlijiosoak erabili dituztela maiz botereari eutsi eta herritarrak norabide «komenigarrienean» zuzendu ahal izateko.Gaur egun, aldiz, erlijioak botere handia galdu du herritarrongan, eta agian, gizarte aske eta demokratikoago batean bizi garela pentsa genezake. Ez da horrela.
Futbola, telebista, kontsumismoa...dira orain gu itsutu eta manipulatzeko estatuek zein multinazional boteretsuetako jabe diruzaleek erabiltzen dituzten tresnak. Horren adibide garbia da oraingo egoera. Zein da krisiari aurre egiteko Zapateroren gobernuaren estrategia? Kontsumoa, futbola eta Belen Esteban herritarrentzat, eta bitartean, merkatu librerantz zuzentzen diren erreforma kapitalistak.
Erreforma horiek krisira eraman gaituzten bidetik aldendu beharrean, bide berean zuzentzen dira, eta gainera atzera pauso nabaria dira langileen eskubideen babesean.
Arazo larriena, hala ere, ez da Estatu espainiarraren jarrera, gurea baizik. Gehiegi kexatu gabe onartzen ditugu ezarritako arau zein erreforma guztiak, eta aurrera egingo dute.
Gehiago ere esan nahiko nuke, baina, erosi berri dudan telebistan futbol partidarik baden begiratzera noa.
Lander Arretxa. Donostia.