Urtea amaitu aurretik urduritasunak harrapatzeko beldurrez-edo, Urgell sailburuak zirt eta zart batean jauzi mundiala egin du. Pasa den abenduaren 3ko eguerdi ostean jaso nuen mezua. Sailburuaren idazkariarena zen, Kulturaren Euskal Kontseiluak hilaren 13an izango zuen bileraren berri zehatza ematen. Oso berri ona. Arrapalada batean gorde nuen zita agendan. Ezin nion Contrato Ciudadano por las Culturas (CCC) famatuarenn-garren aurkezpenari muzinik egin. Ez horixe! Berehala erabaki nuen ahaztea ordura arteko zenbait txikikeria, horrenbeste lan duen sailburu batek bere gain hartu ezin dituenak.
Ez nuen, beraz, aintzakotzat hartuko Kulturaren Kontseiluaren bi bilerabehar zirela urteko eta ez bi urtez bat, kasu honetan ez baitu funtzionatzen terminoen trukaketaren baliokidetzak. Ahaztu egingo nuen ordura arteko Kontseilu-kideek urte t'erdi «lehorrean» eduki eta gero jakinarazi zietela sailburuak ez zirela aintzakotzat hartuak izango. Edo Kontseilua partekatzen dugun gainontzeko erakundeok komunikabideen bidez ezagutu genituela kontseilari berriak. Eta, benetan txikikerietan txikiena, Kontseiluaren kide berriak hautatzea «Kulturaren erakunde eta organismo adierazgarrienei» zegokiela eta ez beren beregi sailburuari.
Blanca Urgellek bazter utzitako «detailetxook» Kontseiluaren dekretuak ebazten ditu argi eta txukun. Halere, burmuinean ideia hobeei lekua egitea erabaki nuen. «Aurrera beti, beti aurrera» esan eta hor-hemen lortutako dokumentazioa aztertzeari ekin nion makrozubian.
Nazio Kontseiluaren bisita
Eskertu egin nuen Kontseiluaren bilera Guggenheim Bilbao Museoan izatea. Bitxia benetan hautua; izan ere, urtebete lehenago, Urgellek ergel eta hegalaburtzat jo baitzuen, Guggenheim izanik gaia, kultura garapenaren eta aurrerapen ekonomikoaren arteko lotura. Baina halakohuskeriak ezin zaizkio kontuan hartu sailburu andreari.
Bileran aztertu beharreko gaiak hartzean, poztu egin ninduen Catalunyako Consell Nacional de la Cultura i de les Arts gonbidatu izanak. Autonomia erkidego edo hiritar multzo garenontzat ohorea da kontseilu NAZIONAL baten ordezkaria gure artean izatea. Detaile polita litzateke gure kontseiluari ere NAZIONALA deitzea. Halaxe eskatu nion bileran sailburuari baina ez dakit kasurik egingo didan.
Hurrengo gaia Kontseiluaren egitekoen gogoramena zen. Hor ere koskatxo bat: egitekoetako bat urteko memoria zen, Kontseiluaren Erakunde-arteko Batzordeak aurretik onartuta behar zuena. Baina Jaurlaritzak ez-eraginkortzat duen Batzorde honek, uztailean bildu eta, bost hilabete ondoren, ez bilera-agiririk eta ez memoriarik ez du inoiz ikusi. Normala da, baina, munduko kultura guztiak zabaltze aldera etengabe herritarrekin kontratuak sinatzen dabilen sailburuak astirik ez izatea erakunde txikiagookin tramite hutsekoak diren bilera agiriak eta urteko memoriak idazten eta bidaltzen ibiltzea.
CCC delakoa
Aurreko guztiak, administrazio alorreko formalismoak eta xehetasuntxoak baino ez dira, antza. Kontuan eduki behar dugu urte eta erdi ez dela ezer Jaurlaritza honen helburua, euskal hiritar multzoa birkulturatzea,sekulako eginkizun historikoa baita.
Kultura mundialak behar ditugu orain, gurera mugatu barik. Anbizio handia benetan. Metahizkuntza egiten omen dugu gehiegitan, natural euskaraz egin ordez. Horrexegatik izango zen, beharbada, Kontseiluaren bileran mahaiburutik zuzendutako gehiena gaztelaniaz izatea.
Dena den, hobeto harira joatea eta bilerako CCCren bertsioariburuz hitz egitea. Irismen handiko bi lege-ekimen aurkezten ditu: «Kulturarako Sarbideari buruzko Legea»bata eta «Mezenazgoaren eta Babesaren Legea» bestea. Interesgarria. Baina arazo ñimiño bat dago hor ere. Sailburuak ez ditu bi proiektu horiek Jaurlaritzaren legegintza-egutegian sartu eta, noski, aurtengo aurreikusita zeuden 24 legeetatik 3 besterik ez direnez onartu, eta gainontzekoak jada datorren urteko bigarren seihilekorako luzatu direnez, ez dut pentsatu ere egin nahi zein urtetako zein seihilekotan onartu ahalko diren Urgellen legeok.
Dokumentazioan irakurri nuen, atseginez hau ere, Urgellen sailak «kulturarentzako finantzazio osagarria» lortuko duela Eusko Jaurlaritzako beste sei sailen bitartez. Eta kontua azpimarratzeko, sei sail horiek banan-banan aipatzen ziren. Kulturakoa gehituta, zazpi sail kulturarentzat finantzazio osagarria eskaintzen. Hau pagotxa! Uste izango du honez gero kultur eragileren batek.
Nik neuk ere horixe pentsatu nuen. Tamalez, ez da horrelako partida osagarririk PSEk PPrekin hitzartu berri duen aurrekontuan. Are gehiago, Jaurlaritzak ez du onartu kulturaren arloko aurrekontua hazteko oposizioak aurkeztutako zuzenketetarik. Horixe da errealitatea.
Nolanahi ere, Urgellek hartu du martxa: joan den ostegunean HABE Patronatua bildu zuen, bi zuzendari eta gero. Deialdia faxez jaso genuen, retroteknologia ateraldi xelebre batean. Ez dago txarto urte eta erdi itxaroten eman ostean.
Gutxien pentsatzen dugunean ezusteko handiren bat emango digu eta Etxepare Institutuaren Kontseilua ere deituko du, zuzendari berria ezagutu dezagun. Eta baliteke halakoren batean Euskararen Aholku Batzordea eta HAKOBA ere deitzea.
Parke tematikoaala Parke tematia?
Kulturaren Euskal Kontseiluak batzarra egin zuen goiz hartan bertan, sailburuak, gainontzekook eskura izaten ez dugun bozgorailu publikoan eman zizkigun egun onak. Eta, bide batez, aurreko plana gaitzetsi zuen, ideologikoa zela esanez, eta barregarri uzten saiatu ere egin zen,parke tematikoak modu enigmatikoan aipatuz.
Adierazitakoa laburbiltze aldera, Blanca Urgell heldu zen gobernura eta suntsitu egin zuen Kulturaren Euskal Plana. Urte eta erdi joan dira eta CCCren aukera aztertzen dihardu, ez dakigu noiz arte: dakiguna da,nolabaiteko eragina ikusteko, kasurik onenean ere, beste urte eta erdi igaro beharko dugula.
Sailburuak arrazoia du, Euskadi kulturaren parke tematikoa zen. Eta hori onartezina zen. Heldu zaigu bera eta arazoa betirako konpondu du: kultura geldiarazi du eta akabo parkea. Ala ez?
Bizkaiko Kultura diputatua. M. Josune Ariztondo
Parke tematikoa eta sailburu tematia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu