Analista

Pedro Sanchez, atzo eta gaur

Iñaki Balsategi Lopez de Arana
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Bere burutazio batean Enrique Jardiel Poncelak adierazi zuen, kasu honetan politikaren munduari buruz eta bere protagonista printzipalaren inguruan, zera: «Politikariak auzoko zinemak bezalakoak dira, lehendabizi sarrarazten zaituzte, eta ondoren programa aldatzen dizute»; politikaren munduan nabarmenki denetarik dago, eta ni Espainiako Gobernuaren presidentearen figuran zentratuko naiz, Pedro Sanchez Perez-Castejonengan, hain zuzen ere. Madrildar presidente sozialistak hautsak harrotu ditu, batez ere ERC eta Junts per Catalunyarekin adostutako hitzarmenengatik amnistia eta erreferendum hipotetikoaren inguruan. Proces-a bere lehen urratsak egiten ari zenean, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta oraindik hurbil zegoelarik denboran, PSOEren idazkari orokorrak oposiziotik islatzen zuen zeintzuk ziren jarraitu beharreko funtsak: madrildarra Kataluniako hezkuntzan, kulturan eta hizkuntzan eragina izango zuen konstituzio erreforma baten alde agertzen zen, baina kataluniar herriari Kontzertu Ekonomikoa ukatuz (edo Masek zin egin zuen itun fiskal analogoa, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta agindu baino lehen).

Gogora ekarri behar da urte haietan Mariano Rajoyk agintzen zuela Espainiako Estatuan, eta orduko bere Hezkuntza ministroak honako boutadea bota zuela: «Kataluniar neska-mutilak hispanizatu beharra dago». Garai horretan oposizio buru zen Pedro Sanchezek hainbat ideia zeuzkan Kataluniarentzat. Ikus dezagun: «Kataluniarentzat federalismoa», simetrikoa edo asimetrikoa izango ote zen espezifikatu gabe, «federalismoa federalismoa baita eta kito». Era berean, «gatazkaren judizializazioak gatazkari berari ez ziola inolako irtenbiderik ekartzen» uste zuen. Aldi berean, Sanchez jaunak «independentzia legezko aukera bat zela uste zuen, hortaz, erantzun politikoa behar zuelarik». Azkenik, bere burua eskaintzen zuen bitartekari lanak egiteko Espainiako buru Mariano Rajoy eta Generalitateko presidente Artur Masen artean batzar hipotetiko batean. Konturatuko zinetenez, Sanchez presidentea bere printzipioetara leial mantendu da hein handi batean, nahiz eta bitxikeria gisa aipatu behar den berak proposaturiko bitartekaritza lanak Rajoy eta Masen artean, bere gain jasan beharko dituela Juntsekin bere alderdiak Suitzako Genevan hilabetean behin izango dituen bileretan (Henry Dunant Fundazioaren egiaztatzailearekin, hainbat gatazkaren bitartekaritzan izan direlarik, urrunegi joan gabe, ETAren disoluzioa lortzeko lagundu zutelarik).

Beharbada honetan guztian arreta ematen duena da proces-aren hasieran ezetz zorrotz bat adierazten zuela Sanchez jaunak Kataluniako Kontzertu Ekonomikoarekiko, eta egun, Generalitateko presidente den ERCko buru Pere Aragones Kataluniak bere Kontzertu Ekonomikoa izan dezan lanean ari da proposamen batean... PSOEk negoziatu beharko duena. Zabaldutako axioma da sozialismoa ez dela nazionalista aipatzea, mugetan ez baitu sinesten, baina gaur egungo sozialismoak orain dela hamarkada batzuetakoarekin alderatuta ez dauka zerikusi handirik, nazionalista izan barik erlazio kordiala mantentzen du-eta nazionalismo periferikoekin.

Gustatu edo ez, Espainiako Estatuak presidente aperturista dauka, nahiz eta egon badauden rupturistatzat jotzen dutenak (espainiar nazioaren batasunarekiko). Argi dagoena, hala ere, zera da, nazionalismo periferikoentzat oso legealdi interesgarria datorrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.