Sabin Intxaurragak 1998ko udan deitu zidan, berarekin Jaurlaritzara lanera joateko eskatuz. Ez genuen elkar ezagutzen; telebistatik ezagutzen ninduela esan zidan, eta prentsa aholkulari gisa eskaini zidan lana. «Nik kazetari lana ezagutzen diat, baina aholkularia zer den ez zekiat», erantzun nion. «Erraza duk: hik pentsatzen duana esan eta kito». Uste nuen politikariek bilatzen zituztela dena baietz esaten dieten laguntzaileak, baina berehala konturatu nintzen Sabin ezberdina zela. Denei entzun, pare bat egunetan pentsatu, erabaki eta aurrera egiten zuen.
Horrela bildu zuen lan talde bat. Lehen egunean, Lakuan,hauek izan ziren haren aurreneko hitzak: «Zerbitzu publikora etorri gara, Jaurlaritzatik gizartearentzat lan egitera. Izan hori beti garbi. Bost hilabeterako bakarrik eskaini dizuet lana [Lizarrako akordioa zela-eta, PSEkoekJaurlaritza utzi eta EAJ eta EA bakarrik geratu ziren; legealdiaren amaierako bost hilabete falta ziren]; beraz, denbora gutxi dugulako, sekula baino azkarrago eta hobeto egin behar dugu lan. Aprobetxa dezagun denbora».
Badakit, logikaz, batzuek pentsatuko duzuela: «Honek zer esango dik ba...». Baina, Sabinekin zazpi urtean lan egin ondoren, badakit sekula ez zuela gezurrik esaten. Egia ezin zuenean esan —eta hori politikan sarritan gertatzen da—, isildu egiten zen. Nik ere, hemen, bere egunkari maitearen orrialdeetan, Sabini azken agurra idazterakoan, ezin dut gezurrik esan. Ez lidake ulertuko.
Sabinek, besteok bezala, bertuteak eta akatsak zituen, baina nik gehien gogoratuko dudan jarrera hau zen: «Denbora gutxi zeukaagu; aprobetxatu behar diagu jo eta ke zerbitzu publikoa ahal dugun ondoen egiten».
Sailburu batek beti du tentazioa bere alderdientzat, bere lagunentzat, bere poltsikoentzat abantaila ateratzeko. Sabinekin lan egin genuenok badakigu sekula ez zela tentazio horietan erori, eta berak sinetsi eta amesten zuen Euskal Herriarentzat lan egin zuela indar guztiekin. Benetan politiko berezia zen…
Aurreneko bost hilabete haiek berehala beste bi urtera luzatu ziren, eta, 2001eko hauteskundeen ondoren, beste legealdi oso batera. Baina Sabinek lehen hilabete haietako helburu, presa eta larrialdi berarekin jarraitu zuen lanean.
Printzipio etiko horiekin Jaurlaritzara joan zen sailburu baten erabaki edo proposamen batzuk, noski, oso eztabaidatuak izan ziren. 1999an, ELAk —orain esan daiteke: Sabin gaztetan lanean hasi zenetik sindikatu horren afiliatua zen, nahiz eta esan ez ziotela «batere kasurik» egiten— 35 orduko lan astearen aldeko greba deitu zuenean, Intxaurraga, Lan sailburu orduan, grebaren alde agertu zen. Patronalekoek eta beste batzuek ez zioten hori sekula ez ahaztu eta ez barkatu. Gipuzkoako hormigoi- ekonomiaren zaleek ere ez zioten barkatzen Pasaiako kanpo portuaren beharraren inguruan eztabaida publikoa irekitzeko eskatu zuenean. Berdin Bilboko Supersur proiektua zalantzan jarriz agertu zenean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua zen, baina, ondo pentsatu eta neurtu ondoren, irmo eta tinko esan zuen baita ere: «AHT trenak ez baldin badu balio merkantziak garraiatzeko, hobe ez egitea. Egiten duen kaltea mesedea baina handiagoa delako. Trena behar dugu, baina garraio mota guztiak egiteko». Benetako Ingurumen sailburua zelako, ekologistak bere konplize modura sentitzen zituen, baina urte batzuk itxaro behar izan zuen Sabinek ekologistei autokritika entzuteko: «Ez genion ulertu eta ez genuen jakin izan bere lanaz baliatzen».
Ez, borroka batzuk ez zituen irabazi, baina beste batzuk, bai. Eusko Jaurlaritzaren historian eta Sabinen helburu zen euskal gizartean bertan geratuko dira bere proposamen batzuk. Adibidez, gizarte zerbitzuen alde egindako lana. Harena da Auzolan programa, ideia eta izena bera ere bai, eta Jaurlaritzaren eta diputazioen artean bultzatutako koordinazioa. Harena da Lanbide zerbitzuaren sorrera. Harena da baita ere Familien aldeko plana, beste programa eta plan batzuen artean. Hezkuntza sailburu ere izan zen hilabete batzuetan, eta hor ere utzi zuen arrastoa, Lanbide Heziketa indartuz.
Ingurumenaren arloan berari zor dizkiogu ingurumena eta garapen iraunkorra kontzeptuak indartu eta Jaurlaritzaren eginkizunetan txertatzea. Inoiz ez da esan, baina Urdaibaiko Madariaga Dorretxea, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa, hark sortua da. Eta nazioartean ere utzi zuen arrastoa, eta ez txantxetakoa: planeta guztiko erregio mailako gobernuek garapen iraunkorraren inguruan lan egiteko sare bat (nrg4sd) sortzeko, Intxaurragak lan funtsezkoa egin zuen. Bost kontinenteetako pertsona askok, Sabin joan dela jakiten dutenean, motibatu eta bultzatu zituen basque minister gogoratuko dute. Zeanuriko gizonak NBEra joan eta ate guztiak jotzen zituen nazioarteko sare honen proiektuak aurrera atera ahal izateko.
Jaurlaritzatik irten ondoren, azken urteetan, ilusio gehien egiten zion lanari heldu zion: abertzale aurrerakoi eta giza eskubideen aldeko guztien elkartasuna. Horretarako, isilean lan asko egin behar izaten da, eta horretan zebilen Sabin azken urtetan, uste osoa izanik posible zela laster ezker abertzale indartsu batek Euskal Herriko politikan pisu erabakigarria izatea, herri honen agintea betikoei bakarrik ez uzteko. Intxaurragak ETA beti gaitzetsi zuen, «bai etikaz eta bai kaltea besterik ez duelako ekarri». Oraingoan ere, ETAren bukaerako azken mezua ezagutu gabe joan behar izan du. Sabinek merezi zuen hori ezagutzea.
Politikari ezberdin bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu