Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Povoa de Varzim

2023ko abenduaren 10a
05:10
Entzun

Goizeko 5:30ean atera nintzen etxetik, kotxea hartu eta Bilboko aireportura joan nintzen. Iritsi, eta eskuko maleta fakturarazi egin zidaten hegazkinera sartzen ari nintzela, lekurik ez omen zegoelako. Bi hegazkin hartu behar nituen Oportora iristeko. Madrilen eskala egin, Portugalera iritsi, eta zintetan, berriro ere, neure burua ikusi nuen ordu erdi maleta berberei bueltaka begiratzen, nirea ea noiz agertuko. Ez zegoen; beraz, erreklamazio bat jarri nuen, azkeneko kontzertuko déjà vu bat nabarituz, eta autoz Povoa de Varzim izeneko hiri batera eraman ninduten, antolatzaileekin bazkaltzera. Berriro ere, estilista kontratatu nuen kontzertu hartako jantziak lortzeko, maletan geratu zirenak, eta sorpresa handia, kontzerturako iritsi ez zirenak.

Bazkarian, neska jator eta atseginaren papera antzeztu behar, nahiz eta, neure barnean, kontzertua ez nuen eman nahi. Ume bat bezala sentitzen nintzen. Arropa da, makilajea da, instrumentua gainean daramat, pentsatzen nuen. Aldi berean, Almodovarren pelikula bat jantzi eta makilaje gabe zer izango zen imajinatzen nuen. Ikuskizun bakoitzak behar duena eskatzen du. Halaber, lehenengo munduko arazoak. Baina, nire proiektua hori da, eta forma bat dauka; bestela ez nuke egingo, duen zentzua galduko luke… eta abar.

Baina hor nengoen ni, irribarretsu, antolatzaileek ez zutelako errurik, eta oso ondo tratatu nindutelako. Batek antzerkiko jantziak egitea zuen ogibide, eta bere tailerrera eraman ninduten. Han, mota guztietako maskarak, lumak, perlak zeuden. Rio de Janeiroko inauterietako jostun baten lantokiko irudia zirudien. Atera zizkidan soineko bat eta zapata batzuk, eta horrela egin nuen kontzertua. Jende gutxi, eserita, txalo batzuk. Kontzertu zuzena izan zen, hitz batean.

Hurrengo egunean, dutxa bat, arropa berbera jarri, hoteletik ateratzean iritsi zen maleta hartu —garaiz, egun guztian zehar kargatzeko— eta etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.